Silvia Gambarte.
Koronabirusa. PENTSALDIAN

Berdintasuna ohiko izan arte

2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Duela egun batzuk izan dugu Martxoaren 8a, Emakume Langilearen Eguna zena lehen, Emakumearen Nazioarteko Eguna orain, eta, oraindik ere, kritikatu egiten gaituzte premiazkoa den zerbait lortzen ahalegintzeagatik: berdintasuna. Argi dago gure borroka ez dela mugatzen egun bakar batera, baina ezinbestekoa da urteak dakartzan 365 egun horietatik gutxienez batean ikusaraztea gure aldarrikapenak.

Euskal Herrian, 1889ko martxoaren 8an egin zen emakumeen lehenbiziko greba. Santutxuko (Bilbo) andre zigarrogileak matxinatu egin ziren. Zera eskatzen zieten: hamabost egunean 34 milioi zigarro egitea, eta, horretarako, egunean hamahiru orduan lan egin beharra zeukaten, atsedenik hartu ere egin gabe, ez igandeetan ez jaiegunetan. Lan eskubide oinarrizko batzuengatik borrokatutako andrazko langile haiexek jarri zuten, hain zuzen, berdintasunaren eta langile mugimenduaren aldarrikapenen aldeko borrokaren ernamuina.

Orduz geroztik, oraindik ere bada arrazoi nahikorik emakumeok abangoardia izan gaitezen.

2021a, Martxoaren 8a. Gizon bat atxilo, bikotekide ohia sastakatzeagatik. Noiz utziko diogu indarkeria matxista sufritzeari? Milioika emakume eta neska dira indarkeria mota horren biktima, eta, askotarikoa izanik ere (fisikoa, emozionala, sexuala, ekonomikoa), helburu bakarra du beti: kalte bat eragitea eta emakumea kontrolpean edukitzea.

2021a, Martxoaren 8a. Hiru gizonek Martxoaren 8aren kontrako kartel bat zintzilikatu dute, zera dioena: «Emakumea naiz, eta ez naute ordezkatzen». Zenbat aldiz jasan behar izan dugu gizon batek azaltzea guri zer den emakume izatea? Emakumeok geure ahotsa dugu. Ez dugu behar inork gure ordez hitz egiterik.

2021a, Martxoaren 8a. M-8ko manifestazioa debekatu dute, eta mural eta ikur feministei eraso diete. Feminismoak enbarazu egiten die gizonen desiren eta interesen mendean egon behar dugula uste dutenei. Horregatik ahalegintzen dira gu ezabatzen eta ikusezin bihurrarazten.

2021a, Martxoaren 8a. Enpresari andre batek baldekada ur jaurti die beren lan eskubideen alde protestan ari ziren emakumezko langile batzuei. Genero arrakala hortxe dago, eta eragotzi egiten du gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna erabatekoa izatea. Arrakala horren adierazgarririk behinena, jakina, soldata arrakala da. Legegintzaldi honetan ezarri da auditoriak eta ordainsari erregistroak egin behar direla soldata arrakalarik egon ez dadin eta emakumeek ez dezaten soldata txikiagorik jaso emakume izateagatik. Baina ezin gara horretan bakarrik geratu. Emakumeok langabezia tasa handiagoa jasaten dugu, eta gure lana nabarmen prekarizatuta dago, lanaldi partzialeko kontratu gehiago izateraino. Emakumeak dira aldi baterako enplegu erregulazioan dauden gehien-gehienak. Emakumeek egiten dituzte bai etxeko lanak eta bai zaintza lanak. Emakumeok murrizten dugu gure lanaldia gure seme-alabak zaintzearren. Gorantz begiratu, eta kristalezko sabaiak ikusten ditugu, eta horiek apurtu nahi ditugu, baina ezin.

Desberdinkeria horiek bere hartan badiraute, borrokarako tresna izan behar dugu berdintasuna ohiko izan arte. Martxoaren 8a, borroka eta aldarrikapen egun gisa, baliagarria da oraindik ere, eta halaxe izango da, harik eta gizarte osoa feminista egin arte. Feminismoa ez baita berdintasuna baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.