Maider Galardi

Berdinketa ez da berdina denentzat

2024ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

Ez da agian desiratutako berdinketetan berdinketena. Desberdina litzateke agian batzuek botoetan irabazi baina eserlekuetan galduko balute, edo alderantziz. Berdinketa ez tekniko bat, baina irabazletzat edukiko lukete beren burua EAJk eta EH Bilduk. Ez da hala izan, ordea, eta orain erdi irabazle gisa aurkeztu dira biak: batzuk, Euskal Herriko indar abertzale nagusia direla gogoratuz; besteak, botoetan irabazi dutela azpimarratuz. Batzuk esanez tentuz itxaron behar dela Gipuzkoako azken eserlekua —agian hamabiko balentria egiteko itxaropenak irauten duelako, baina badakitelako kaltea eragin ahal izan duela inkesten puzteak—, eta besteak onartuz nolabait ez direla alderdiarentzako garai onenak. Berdinketa tekniko baten aurrean gaude, beraz, luzapen denboran zer gertatuko den esperoan. Eta luzapen denbora hori bihar izan daiteke, azken aulki dantza eta atzerriko botoak falta baitira. Baina luzapen denborak segi dezake datozen lau urteetan ere. Agerikoa baldin bada zerbait, aro berri baterako atea zabaldu izana baita. Inork esango du aldaketa hori sinbolikoa edo itxurazkoa dela beharbada  —aurreko gobernu koalizioak, printzipioz, formula errepikatu ahalko du, botere kuota desberdinekin, hori bai—, baina azken hauteskunde zikloak demostratu du aldaketaren proiekzio sinboliko hori ere badela aldaketa materialerako motor. Igarria du hori EH Bilduk, eta, horren lekuko, kanpaina osoan azpimarratutako ilusioaren mezua errepikatu zen atzo behin eta berriro alderdi subiranistaren agerraldietan. Sinbolismoak errealitatea materialki alda dezakeen seinale, bestelako politikak egiteko iruditeria berrasmatu beharra aldarrikatu du etengabe Pello Otxandianok —gogoratu dezagun behin eta berriro esan duela programa bazuela bere web orrian, baina herri paktu bat egitea  zela garrantzitsuena, bestelako politikagintza bat irudikatzea, gobernatzeko ereduez hitz egitea eta abar—, eta badirudi emaitza ona ekarri diola horrek: sei eserleku irabazi ditu, hiru lurraldeetan bitan irabazi du, eta hegemonia partekatzen du orain jeltzaleekin.

Bestelakoa da EAJk erabilitako iruditeria. Esperientziaren segurtasuna proiektatu nahi izan du kanpainan, baina emaitza onik izango ez zuela aurreikusita, ezegonkortasunaren eta muturreko ezker politiken mamua baliatu dute beldurra irudikatzeko azken astean. Hipotesi bat izan daiteke horrek agian funtzionatu duela, ez dela horrenbesteko boto ihesik egon EH Bildura, eta Bizkaiko parte hartzeak leundu duela erorikoa. Badakite hori jeltzaleek, eta gazi-gozo baina asumitu dezakete lau aulkien galera, irudiak eta proiekzioak inporta badu, botoetan oraindik irabazi izanak gaurko egunkari askotako lehen orria emango baitio.

Alderdi materialak jakina baduela eragina, baina ezin dugu eremu sinbolikoa alde batera utzi, eta irudietan gaur bi aurpegi ikusteak beste itxura bat ematen du.

Eta sinbolismoaz ari, talde txiki batean baino gehiagotan hitz egin da bart ea politikagintza bortitzaren iruditeria izan ote den Eneko Anduezak bi eserleku gehiago lortzeko arrazoia. Pedro Sanchez efektuak edukiko du eraginik, eta ezker konfederalaren botoak nola banatu diren ere ikusi beharko da, baina ikuspegi feminista batetik birpentsatzeko modukoa da oraindik ere halako politika erasokorrak botoak bereganatzeko duen gaitasuna. Edonola ere, proiektatu duena izateko adina botere bildu dute sozialistek, eta erabakigarriak izan ahalko dira, seguruenik ez bestelako formatu batzuk esploratzeko —esana dute ez dutela EH Bildurekin akordiorik egingo—, baina EAJ estu hartzeko moduan, behintzat, badira.

Iruditeriaren beste inpaktu batzuk

Oso bestelako moduak erabili dituzte Alba Garciak eta Miren Gorrotxategik. Bata feminitatetik hurbilago gauzak modu patsadatsuan azalduz, bestea feminitate hori ere nahi moduan performatuz, leun batzuetan, zorrotz besteetan. Baina biek ala biek porrot, ezker konfederalaren ideiak —materialki eta sinbolikoki— egin duen moduan. Eta haiekin batera, lehendakarigai emakume posibleak edukitzeko ideiak ere atzera egin du, nahiz eta feministak kexatu. Sinbolikoki eta materialki oraindik eremu politikoa etsaitasunezkoa dela agerian geratu baita, hainbat hautagaik jasotako erasoak ikusita. Eta zer esan Espainiako eskuin eta ultraeskuinaz, botoak nora joan diren espekulatuta, iruditeria kolektiboan duguna baino gizatalde kontserbadoreagoa ez ote dugun, horra beste galdera bat.

Alegia, baietz, alderdi materialak jakina baduela eragina, baina ezin dugula eremu sinbolikoa alde batera utzi, eta irudietan behintzat, gaur bi aurpegi ikusteak ematen duela beste itxura bat eta aro berri bat izan daitekeen zantzua. Nahiz eta jakina, berdinketa ez den berdina denentzat, eta orain bakoitzak egin beharko duen datorren errealitateari aurre egiteko estrategia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.