Azken aste hauetan irakurri ditugun albisteek argi uzten digute biodibertsitatea funtsezkoa dela etorkizunean COVID-19ak sortutakoa bezalako krisietatik babesteko. Nazio Batuen Ingurumen Programaren (NBIP) arabera, gizakietan azaleratzen diren gaixotasunen %75 zoonotikoak dira, eta, beraz, lotura handia dute ekosistema naturalen inbasioarekin eta degradazioarekin. Baina biodibertsitatea bera, bertan dauden espezieen kopuru bezala ulertuta, funtsezkoa da. Izan ere, analisten behaketen arabera, eritasunen transmisio katean zenbait espeziek parte hartzen dute normalean. Hori dela eta, Alberto Requena zientzialariaren erranetan, zenbat eta espezie gehiagok jardun ostalari gisa, hainbat eta mugatuagoa da gaixotasunen transmisioa, eragina diluituz eta ondorioak arinduz.
Baina zer da benetan gertatzen ari dena? Pandemiaren lehen egunetan, berri ugari izan ziren lehen pentsaezinak ziren lekuetako fauna bistaratzeen inguruan. Indioilarrak, orkatzak edo basurdeak hiriaren erdian. Zenbaitek diotenez, krokodilo bat ere ikusi omen dute Valladoliden, baina hori bertze istorio bat da. Kalean zaratarik eta pertsonarik ez dagoelako gertatzen dira kasu horiek. Lasaitasun handiagoa zegoenez, animalia horiek lehen guk okupatzen genituen leku berriak arakatzera ausartu dira.
Izatez, naturari atsedena eman beharrean, giza jarduerek hori mehatxatzen jarraitu dute pandemia garaian. Deforestazioak, mundu mailako biodibertsitatearen mehatxurik handienetakoak, aurrera jarraitu du Amazonian eta Indonesian. Indonesian eta Malaysian, palmondo-laboreak ez dira gelditu, eta erakunde ekologistek uste dugu prezioen beherakadak lurralde handiagoa bereganatzeko beharra piztuko duela. Horrek, aurreko urtean suteei lotutako larrialdi egoera baino okerragoak eragingo ditu, seguruenik. Amazonian, deforestazioak errekorrak hausten jarraitzen du, eta apirilean bakarrik %63 handitu da deforestazio-tasa, aurreko urteko hilabete berarekin alderatuta.
Hala ere, ez gara hain urrutira joan behar gomendio zientifikoen kontra egiten duten naturaren aurkako erasoak detektatzeko. Espainiako Estatuan, iraganeko formula zaharrak errepikatuz, eraikuntzan jarri dute krisi ekonomikotik ateratzeko itxaropena. Alde horretatik, hainbat komunitatek arau aldaketak egin dituzte eraikitze prozesuak azkartzeko, ingurumen-irizpideak lasaituz eta, hartara, kostaldeko ekosistema hagitz baliotsuak arriskuan jarriz.
Baina ekosistemak suntsitzeaz gain, badirudi koronabirusa bera espezie basatientzako mehatxua izan daitekeela. Alarma New Yorkeko El Bronx auzoko zoo batean piztu zen koronabirusaren bidezko tigre baten infekzioa detektatu zenean. Orain, kezka gure seniderik hurbilenak diren tximino handietan dago. Gorila eta txinpantzeak Afrikan dira nagusi, hain zuzen ere, COVID-19ak gehien erasandako kontinenteetako batean. Probablea dirudi espezie horiek ere eritasun honekiko sentikorrak izatea, eta, beraz, bizirik irauteko aurre egin behar dieten mehatxu ugariei gehituko zaiela koronabirusa. Horregatik guztiagatik, biodibertsitateari atsedenaldi bat ematetik urruti, erran dezakegu alarma egoera bitartean, naturaren aurkako erasoek aurrera jarraitu dutela, eta egoera larriagotu egin dela.
Koronabirusa. INGURUMENA PENTSALDIAN
Benetan arnasa hartu al du biodibertsitateak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu