Eztabaida-giroan hasi zen atzo emakumezkoen munduko futbol txapelketa Kanadan. Izan ere, jende askok adierazi du ez dagoela ados FIFAk jokalariei jarritako baldintza batekin: parte hartu ahal izateko, jokalariek benetako emakumeak direla egiaztatu behar dute.
Itxura batean, futbol-taldeek ez dute araua onartzeko inolako eragozpenik izan. Nazioarteko jokalari askoren iritziz, ordea, arau hori umiliagarria da, eta hainbat adituren babesa jaso dute. Haien esanean, ikuspegi biologikotik edo fisiologikotik ez dago parametro garbi eta eztabaidaezin bakar bat ere gizonak eta emakumeak bereizteko. Esaterako, Nazioarteko Komite Olinpikoak eta FIFAk hormona maskulinotzat dute testosterona; hortaz, kirol-lehiaketetatik bereizten dituzte «behar» baino testosterona gehiago duten emakumeak. Alabaina, Science aldizkarian joan den hilean argitaratu zen artikulu batean, agerian utzi zuten emakumezkoen %4,7k gizonezkoetan ohikotzat jotzen den testosterona-maila zutela. Emakumezkoei onartzen zaien maila lortzeko, tratamendu kirurgikoa edo farmakologikoa hartu beharko luketela azaldu zuten egileek artikulu hartan.
Artikulugileak urrutiago ere joan ziren: emakume gisa bizi eta beren burua emakumetzat duten jokalari guztiak onartzea eskatu zuten, eta ohartarazi zuten arazoa ez dela kirolera mugatzen. Haien esanean, auzia, zientifikoa baino gehiago, etikoa eta soziala da. Pilota gizarte osoaren teilatuan dago.
ARGI ALDIAN
Benetako emakumeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu