Nora Arbelbide Lete.
Analisia

«Beldurraren beldur izan behar da»

2023ko ekainaren 19a
15:24
Entzun

Paper horituak metaka. Zenbat kilo hartu ditu BERRIA egunkariak hogei urtez? Bota izerdiak, kalapiten oihartzunak, irri karkailak, presio, desilusio eta garaipenak... Sentitzen ote dira paper horitu horietan? Espazio digitaletan?

Berezia da BERRIAn lan egitea. Mekanikeria honetan milimetro guztiak dabiltzala estu. Nondik eta Baionatik. Nola eta, euskaraz. Emazte bezala ikusia izateak ere ez du laguntzen. Marjinaren marjina. Baina ikasten da. Paternalismoa saihesteko, adibidez. Teknikak badira. Ez dudatu lanaz, tresnaz. Euskararen indarrean sinetsi. Hori irakatsi didate BERRIAn. Ez dugu ahalketzerik.

Laster ohar zaitezke, gainera, beren egoa hanpatzeko bada ere, usu elkarrizketak onartuko dizkizutela, baita piramidearen gainean diren horiek ere. Hauetako bat, Michel Camdessus (Baiona, 1933). Nazioarteko Diru Funtseko buru izan zen 1987tik 2000. urtera. Amak Andra Madalen kantua kantatzen ziola poz handiz kontatu zuen. Buruzagi gisa, haatik, ondorio larriak ekarri zituzten bere erabakiez galdetzean, hauxe: «Baina, oroz gainetik, herriak leizetik aterarazi dituzten erabaki batzuk hartu ditut. Nahiz eta batzuetan... Ez da moletarik egiten arrautzarik hautsi gabe. Batzuetan, testuingurua kontuan hartu eta aurrekontuak proportzio biziki handian murriztu behar izan ditugu. Ekonomia berriz abiarazteko». Miseriara behartu herritarrak hautsi beharreko arrautza batzuei konparatuak, adierazgarria. Nondik mintzo den.

Izan zen Baionako prokuradore ohia ere, Samuel Vuelta Simon. Angelun 2016an gizon batek emaztea eta bi alabak hil izanaz gogoetatzera gonbidatzean, hemen galdera-erantzunen zati bat:

«Ez du laguntzen mekanismo sozialetik begiratzeak, nagusitasun maskulinoa kontuan izateak?

Uste dut hori huts bat dela.

Zergatik?

Militante jarrera duzulako, biktima emaztea delako eta ez gizona. Badira arrazoi historikoak, soziologikoak, jarrera kontuak... Orenak mintza gaitezke. Gizona da leku hoberenean arma bat hartu eta familia hiltzeko. Zergatik??

Familia drama bat aipatuta irudi du kasik fatalitate bat dela?

Ez da fatalitate bat drama esatea.

Hiltzaileen ardura gutxiesten du.

Hori zuk soilik duzu pentsatzen.

Ez, ez.

Bai, bai. BERRIAk, Mediabask-ek... Bakarrik tokiko komunikabideek.

Sud Ouest ere hasi da feminizidio hitza erabiltzen.

Irakurleak gogobete behar dituzte.

Erran nahi baita?

Sud Ouest irakurtzen dutenak hemengoak dira. Eta hemen ideia batzuk badituzue, zuenak direnak. Nik ez dut arazorik horrekin».

Nondik mintzo den bakoitza, argi. Baita prokuradorea ere. Desberdintasun bakarra, haren militantziak boterea zuela.

Bizkitartean, nahiago marjinetara joan. Iltzaturik gelditu diren elkarrizketak ez dira piramidearen gainekoenak izan. Gehienetan, gerlengatik. Usu galdera bera buruan: nik zer eginen nukeen haien lekuan izan banintz?

Adelaide Mukantabana idazleak tutsi populuaren aurkako genozidiotik bizirik ihes egitea lortu zuen 1994an. 2017an hauxe zioen: «Burundiko erran zaharra da: Etsaiari ihes egin diezaiokegu, lanjerari, baina ez gure baitan dugunari. Luzaz saiatu naiz, alta. Saiatu naiz Ruandatik ihes egiten. Saiatu naiz mugak ezartzen haren eta nire artean. Baina berriz harrapatu nau».

Marjane Satrapi marrazkilariak, 2005ean: «Gizaki oro akatsekin osatua da. Adibide konkretu bat emateko: memento batez Iraultzaren Zaintzaileei gizon bat salatuko diet, ni ez nazaten atxilotu. Hori egiazki egin dut. Zergatik idatzi? Nahiz eta pertsona ona naizela pentsatu, beldurrak nornahi, eta ni barne, paralizatzen duela erakutsi nahi izan dut. [...] Ni horren jakinean izan arren, tranpan erori naiz. Beldurraren beldur izan behar da».

Aljeriako gerla ere, gure gerletako bat izan den horri buruz hauxe kontatu zuen Michel Portal musikariak 2019an: «Gehienek bezala, ez nuen gerla egin nahi, baina behartu gintuzten. Arras galduak ginen han. Egunero beldur genuen. Bitxia zen. Pianista baten adibidea emanen dizut. Kontserbatorioan ezagutu nuen. 24 urte zituen. Djebele-ra joatea eskatu zigutela, bere beldurra azaldu zidan: «Ez ditzatela nire behatzak andea...». Halako batean, eraso bat. Tiroak alde guztietatik. Lagun pianista lurrera erori zen, baina egoera nahasia zen, eta ez nintzen segidan jabetu zehazki non zen eta zer gertatu zitzaion. Erasoa lasaitu zenean, zutitu eta niregana etorri zen. Begiratu zidan, bere eskua erakutsiz: «Pianoa bukatua da niretzat». Eskuko behatz txikiena dilindan zuen».

Horrelako istorioak espazio digitalen linboetan ez daitezen gal geroan ere. Horrelako istorioek segi dezaten mundua ulertzeko giltzak ematen, euskaraz. Marjinatik mundua hobeki ikusten baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.