Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Belaunaldi arteko ituna pandemian

2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiak gazteen artean izan duen eragina begi-bistakoa da, azterlan askok argi utzi duten bezala. Gazteengan, pandemiaren ondorioak berebizikoak izan dira enpleguari eta hezkuntzari dagokienez, sozializazioari eta harreman pertsonalei dagokienez, osasun mentalari dagokionez edota kulturaren eta kirolaren praktikari dagokionez. OIT erakundeak 2020ko udan adierazi zuen moduan, pandemiak gazteengan izan duen eragina «sistematikoa, sakona eta neurrigabea» izan da. Begi-bistakoa da, gainera, ondorio horiek ez direla epe labur edo ertainean desagertuko eta pandemiak belaunaldi gazteei utzi dizkien orbainak epe luzean iraungo duela: pobrezia eta langabezia tasa handiagoak, prekaritate gehiago, emantzipazio-tasa txikiagoak, buru osasun okerragoa, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiagoak, ugalkortasun txikiagoa, ziurgabetasun handiagoa eta desberdintasun handiagoa, alegia.

Nolanahi ere, COVID-19ak gazteengan duen eraginari dagokionez, adierazi behar da eragin hori oso modu desberdinean banatu dela gazteen kolektiboan bertan, eta gazte guztiek ez dituztela modu berean pairatu pandemiaren ondorioak. Beste hainbat esparrutan bezala, generoak, jatorriak, klase sozialak eta, bereziki, pertsona bakoitzaren jatorrizko familiak baldintzatuko dute, zalantzarik gabe, COVIDak eragindako orbain horien tamaina eta sakontasuna.

Esan beharra dago, era berean, pandemiaren ondorio nagusietako bat izan dela gure gizarte-egituran gero eta nabarmenagoa den belaunaldi arteko arrakala zabaltzea eta sakontzea. COVIDak berriz erakutsi du adinak gero eta garrantzi handiagoa duela, elementu bereizle gisa, hiritarren interes, iritzi, ikuspegi eta aukerei dagokienez. Agian gehiegi sinplifikatuz, esan dezakegu helduen eta, bereziki, adinekoen osasuna eta bizitza babesteko beharrezkoak izan diren neurriek eragin biziki kaltegarria izan dutela gazteen bizimoduan garrantzizkoak diren hainbat eta hainbat esparrutan: hezkuntza, lana, harreman pertsonalak, kultura, aisialdia...

Zaila da ukatzea sakrifizio hori ezinbestekoa izan denik, bidezkoa izateaz gain. Ezin zen besterik egin eta ez zen besterik egin behar. Ez da ahaztu behar, ordea, sakrifizio horiek gertatu direla belaunaldien arteko itunaren haustura nabarmena den testuinguru batean: pobrezia, prekaritate, desabantaila eta desberdintasun egoera franko azaltzeko, adina funtsezko elementua den testuinguru batean. Ez da egoera berria: gutxienez 80ko hamarkadatik, gure lurraldeetan, lan, etxebizitza edota gizarte babes politikak helduen eta adinekoen interes eta ongizateari begira egin dira. Politika horiek ez dituzte orokorrean gazteen interesak kontuan hartu eta, izan ere, gaurko gazteen prekaritatearen eta babesgabetasunaren sorburu dira.

Noizbait gure gizarteen funtzionamendua gidatu zuen belaunaldi arteko ituna gero eta ahulagoa da, eta sakoneko berrikusketa eskatzen du. Horixe da, ziurrenik, euskal gizartearen erronka nagusietako bat. Lan merkatua, etxebizitza merkatua edota gizarte babes sistema, beste eguneroko bizitzaren dimentsio asko bezala, helduen eta adinekoen interesen arabera eratu dira gure artean. COVIDak —ustekabean, jakina— areagotu egin du belaunaldi arteko eskubide, interes eta aukera arrakala hori. Posible da, ordea, datozen urteetan berreraikuntza sozioekonomikorako egingo diren ahaleginak arrakala hori ixtea izatea helburu, gazteen eskubideak eta interesak ere kontuan hartuko dituzten politikei lehentasuna emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.