arantxa iraola
Analisia

«Behartuta» alarde mistora

2023ko martxoaren 22a
16:01
Entzun

Gipuzkoako Batzar Nagusietan hizpide izan dute gaur, EH Bilduk hala eskatuta, Irun eta Hondarribiko alardeen auzia. Bi desfile horietan andreek ere parte hartzea «berdintasun» kontua dela adierazi du EH Bilduko ordezkariak Elkarrekin Gipuzkoakoarekin batera. Horren aldeko urrats instituzionalak eskatu dituzte. Baina gainerako talde politikoetako eledunek «bizikidetza» hitzaren inguruan ardaztu dituzte beren mezuak, hasieratik bukaerara ia, eta poza erakutsi dute egun «liskarrik» gabe egiten direlako jaiak; «listurik» ez dietelako botatzen desfilatzea erabakitzen duten andreei, plastiko beltzik ez dietelako erakusten, aparteko desfileak antola ditzaketelako… Hortik aurrerako «konponbidea», gainera, «denbora luzean» ez dela etorriko iradoki dute ordezkari hainbatek. Andreek lehen aldiz 1996. urtean desfilatzeko hautua egin zutela aintzakotzat hartuta, artegagarriak dira mezu horiek.

Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusi Ion Gambra izan da hizlarietako bat. Urteotan auziak bideratzeko urratsak egin direla defendatu du, eta egun «bizikidetza» arazorik ez egotea goraipatzeko modukoa dela. 2018. urtean azkenekoz Hondarribian «istilu larriak» egon ostean bitartekari batekin prozesu bat hasi zela azaldu du, pandemiak gerarazi egin zuela, baina egin dela ordutik «prebentzio» lan bat: «Tentsioa jaisteko». Horiek horrela, «alde guztietan» jarrerak asko baretu direla argudiatuta, pozik egoteko motiboak badirela adierazi du foru agintariak. Nabarmendu du hortik aurrerako urratsak egitea zaila dela, oraindik ere prozesua «ahula» dela. Tentuz ibili behar dela uste du: «Jendea ezin duzu kate batekin lotu eta alarde misto batera eraman. Behartuta ezin da inor eraman». Eta horra, kezka eragiten du mezu horrek ere: «berdintasuna», emakumeek legez jaietan parte hartzeko duten eskubidea, aintzat hartu ere egin gabe berriro.

Eta, jakina, berebiziko garrantzia du halako prozesuetan elkarri entzuteak, elkarren berri izateak. Baina elkarrizketaren aldeko hitzak, edukirik gabe, hutsalak izan daitezke. Eta inor inora joatera «behartu» ezin bada ere, «behartuta» daude Irun eta Hondarribiko alkateak, adibidez, gutxienez bi desfileei onespen eta errespetu maila bera erakustera, baina inoiz ez dute alarde parekideen aldeko atxikimendu keinurik erakutsi; andreak onartzen ez dituen desfilearen alde, ordea, beti egin dute era argian. Eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuren betebeharra litzateke, adibidez, iaz Guztion Alardea taldearen izenean alardean parte hartzeko eskea egin zuten andreen mezuei erantzutea, haiekin harremanetan jartzea.

Edo Irungo alkate Jose Antonio Santanok «behartuta» egon behar luke, adibidez, Irunen alarde mistoa antolatzen duten herritarren eskariak aintzat hartu eta haiekin harremanak hastera, edota Irungo Berdintasun Planean alardearen auzia txertatzera horretarako inolako eragozpenik jarri gabe... Baina justu kontrako eran jardun dute horietan guztietan —bide batez, berdintasun legeak dioenaren aurka—, eta herrietako goi agintariek egin behar diren urratsak egiten ez dituztenean, bai, zailagoa da herritarrengana iristea. Argi esan behar da hori ere.

Eta azken ohar bat. Alarde «tradizionala» adjektiboa aipatu da gaur berriro andreak onartzen ez dituen desfilea deskribatzeko. Eta ez. Ez da hitzik egokiena. Desfile parekideak ere «tradizionalak» dira, andrerik onartzen ez dituztenen oso antzekoak, igualak ia; usadioa berritzeko daude pentsatuta horiek ere, baina inor bazterrean utzi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.