Beatriz Zabalondo.
Euskara batuak 50 urte. IRITZIA

Behar gorriak

2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gaur egun, hedabideen zelaian jokatzen da gizakion sozializazioa, familian eta eskolan baino gehiago seguruenik. Eskolak euskara estandarrean hazi ditu milaka gazte, eta horiei esker betetzen ditugu euskaldunen estatistikak, hein handi batean. Egin beharrekoa zela ez dago zalantzan jartzerik —lan handiak hartzen ez gara makalak euskaldunak, bide batez esanda—. Aldi berean, ia denbora bertsuan, demostratu dugu euskara estandarrari esker edozein funtziotarako baliagarria zaigula hizkuntza hau, zaharra izanagatik ere. Zaharra, bai, baina zaharkitzen utzi ez duguna. Garaiotara bizirik eta modernotasun haizeak astinduta ekarri duguna.

Azken berrogeita hamar urteotan hizkuntzaren ondarea zaintzen-zaintzen aritu direnen herentzia jasotzen dihardute gaurko gazteek, horretarako egin den ahaleginaren ezjakin. Ez dute zertan jakin ere. Baina ondareari eutsi eta hazteko ahalegina izan ohi da hurrengo belaunaldiaren egitekoa.

Garaiotan arin bai arin ari dira gertatzen aldaketak gizartean (kulturan), eta lehen begiratuan ikusten den baino sakonago. Hedabideek paper garrantzitsua jokatzen dute aldaketok islatzen, maiz baita eragiten ere. Aldaketen zirimolan, hedabideak eurak ere aldaketa bizian doaz: nahiko ondo antzemango genioke martxa horri, baliatzen duten hizkuntzaren erabilerari erreparatu hutsez. Begi bistakoa da, eta medioetan behintzat zizelkatua geratzen da hizkuntzaren ekaia.

Hedabideek itsatsita daroate hizkuntza, hizkuntzarik gabe ez dira eta. Zer da hizkuntza bat bere soiltasunean, ordea? Hizkuntza besterik ez, zeinu-sistema bat. Beste hamaika zeinu-sistema ere baditugu inguruan. Baina hizkuntza hori jantzita ikusten dugunean, a, orduan beste gauza bat da. Geure barruko biziari hitza jartzen diona bada, emozioak aterpetzeko estalkia, norberari betiko atxikiko zaion laguna, memoriaren dantzaren lekukoa, elkar ulertzeko tresna nahitaezkoa, ametsei leku bat emateko bidea, etorkizunerako bidaian aldez aurreko pausa... orduan, hizkuntza ez da zeinu-sistema hutsa, baizik geure izatearen funtsa.

Jantzi horri bizitzaren egoeretarako beren-beregi moldatutako apaingarriak erantsiko dizkiogu, beharbada: honek xirikatzaile txorroskileroarena hartuko du, besteak garbizalearena, beste hark ilunpeguragokoaren kapa jantziko du, urliak kolore guztietako mozorroak edo zuriketarako balioko diona probatuko du, egoera nolakoa; gehien-gehienok bide zelaietan barrena ortozik ibiltzen ikasitakoak izan arren, aldapatxoetan barneratzeko oinetakoak nagirik gabe aldatuko ditugu, eta alpinista trebeen eta trebatuenaren ekilibrismoak estimatzeko grina aseko dugu, haitz ederretan ertzik ertz jostari dabilela ikusitakoan. Baldin eta egokieraz janzten badakigu, ikasten badugu, erakusten badigute, gaitasun horrekin harrotzeko arnasa hartzen badugu... Nork daki horretan? Nora jo eredu bila? Hedabideak ditugu plazarik behinena: ikusteko eta ikasteko, probatzeko eta asmatzeko —edo ez—, jostatzeko eta serio jartzeko, baina batez ere hizkuntzaren funtsetik geure izaera oinarritzeko, etxeko teilatua tinko zurkaizteko.

Euskal hedabideak beharrezkoak ote ditugun galdetzen digute han eta hemen. Nondik elikatu behar dira, bestela, estatistikak betetzen dituzten gazte horiek —a, bide batez, izen-deituradunak dira, ez dira estatistiketako zenbaki hutsak—, euskal kulturan blaitutako hedabideetatik ez bada? Euskararen bidetik ez bada, nola kulturizatu behar ditugu? Alegia, urteotan haien euskaduntzeko ahaleginaren ondotik, zuzen gabiltza euskal kulturara ez besteetara bideratuta? Munduan ibiltzeko ingelesa behar dutela esanda, kito? Ingelesdunek asko dezakete, bai, baina lehenago izan beharko genuke euskaldun oso, ala?

Estandarizaziorik ezaren aitzakiarik ez daukagu gaur. Normalizazioa eskolan eta hedabideen plazan egongo da jokoan.

«Hizkuntza osoaren beharra, behar gorria da», ohartarazi zien Txilardegik Arantzazura bildutakoei 1968an. Eta hari ideia lapurtuta, garaiotan, hauxe ikusten dut nik: «Euskaldun osoen beharra, behar gorria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.