Nork nori bainoago, nondik nora botatakoa. Hori da bozak zenbakitan eta batenaz bestekoak gaztatxo eta grafikoetan jarri bitartean askok darabilten neurgailua: begirada. Zer alderditatik ari den nor zer alderditara, nori eta nola begira. Hauteskunde kanpainak egin du bidearen erdia, eta behatu litezke lehen begiradak begiratu batean.
EAJrenak atzera begirakoak dira gehiago. Egindako lanari iruditan eta datutan emandako errepasoak. Norbere buruari emandako bistadizoak. Agindutakoa konplitu dutela esanez erakutsitakoak. Gestioaren defentsarenak. Denak norberari begira daudela begitantzen zaizkienek egindakoak. Eta soak, batzutan, batzuei, sorbaldaren gainetik botatakoak. Begiaz eta egiaz.
EH Bildurenak gehiago dira aurrera begirakoak, baina aldamenetara begiratuz egindakoak. EAJri bide lagun izango dituztela esan eta eskua luzatuz botatako begiradak asko, Elkarrekin Podemosi gizarte gaietan bat egiten dutela esanez egindako begi keinuak beste asko. Baina, oroz gain, begiak aldebakartasunean josita; finkatutako helburutik aldendu gabeko begiradak. Begi-belarri.
Elkarrekin Podemosena begirada galdua bihurtu da. Begirada lausoa. Ez du hasierako freskurarik. Indarra galdu du. Oso gora begira hasitakoak, parera begira ari dira orain gehiago. Begi zulo.
PSE-EErenak begirakuneak izan dira begiradak baino gehiago. Itsu-mustuan botatako so beltzak euskararentzat eta euskaldunentzat, eta kanpainaren antzokian egindako zehar begiratuak asko EAJrentzat —bazkide beharraren hotsei segika doazenean berehala zuzenduko dira zeharrak—. Begien bistan.
PPrena eta Ciudadanosena haiena ez beste guztiena begi txarrez ikusten dutenen begirada da. Begitan hartuta.
Horiek begiradak, begi kolpez.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZ GORA
Begiradak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu