2011n eta urtarrilean egin zen animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa, Euskal Herrian, Espainian eta Galizian. 25 pertsona daude inputatuta. Hainbat urteko espetxe zigorra jaso dezakete, animalien esplotazioaren irudiak zabaltzeagatik. Kasuari buruz hitzaldi bira eginen dute Eneko Perezek (Bilbo, 1976) eta Eladio Ferreirak, gaur hasita. Bilbon ariko da Perez, 19:00etan, Hika ateneoan; www.represionderechosanimales.info atarian informazio gehiago eman dute.
Zein da biraren helburua?
Inputatuta gaude animalien eskubideen alde lan egiteagatik, eta hori salatu nahi dugu; animalien eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako errepresioa agerian utzi. Bertze hainbat mugimenduk bezala, zalantzan jartzen dugu indarrean dagoen sistema; mugimendu politikoa da, beraz, eta errepresioa pairatzen ari da. Bertze gizarte mugimenduekin harremana sendotu nahi dugu, gainera, elkartasuna piztu.
Mugimenduaren izaera politikoa aldarrikatzen duzu.
Gure mugimenduaz uste izan da animaliak maite dituztenen mugimendua dela. Baina ez da zuzena. Kontua ez baita animaliak maitatzea, errespetatzea baizik. Kontua da animaliak berdintzat hartzen ditugula, uste baitugu bertze animaliek, gizakiok bezala, eskubideak dituztela. Horregatik, aldaketak eskatzen ditugu gizartearen kontzientzian animalien berdintasuna lortzeko. Alde horretatik, gurea mugimendu politikoa da, erabat. Ez gara legeak aldatzeko edo animalien bizi-baldintzak hobetzeko kanpaina bat. Errepresioak agerian utzi ditu mugimenduaren zailtasunak, baina aukera eman du haren izaera politikoa nabarmentzeko ere.
Zuen kasua ez da bakarra nazioartean. Zer dago atzean?
Zalantzan jartzen dugu animaliak esplotatzen dituen industria. Enpresa handiek eta agintari politikoek zuzentzen dute sistema hori. Sistema zalantzan jartzen duen edozein mugimenduk boterearen aurka egin behar du borroka, eta errepresioa da ondorioa.
Aktibistak aldaketa sozial eta politikorako eragiletzat jo dituzu.
Era askotako jendeak egin du bat mugimenduan. Bada animaliekin kontzientziatua dagoen jendea, baina badira, animalia zale izan gabe ere, bertze animaliak berdintzat hartzen dituzten pertsonak, eta horregatik egiten dute lan haien alde. Hori da nire kasua. Ni ez naiz animalia zalea. Baina, ikusita gizakiak bertze animaliak nola erabiltzen dituen, pentsatzen hasi nintzen, eta nire baitan berdintasunaren ideia garatzen, ideia antiespezista, alegia. Berdintzat ditut, eta horregatik egiten dut lan haien alde. Ahaztuenak direlako, gainera. Eta animalien esplotazioa delako biktima gehien eta sufrimendu handien eragiten duena. Hori aldatzea da kontua. Eta aldaketa hori lortzeko egiten dugu lan.
Desobedientzia zibilaren alde egin duzue. Bidea hori dela uste duzu?
Bost urteotan desobedientzia zibilaren ildotik egin dugu lan, eta ontzat jotzen dut lortutakoa, lehen ez zegoen gatazka sortu duelako lan horrek. Gurearen gisako mugimendu batek gatazka sortu behar du aurrera egiteko. Klase politikoa estutasunean jarri behar dugu, eta argi utzi hemen gaudela. Jendea begano bilakatzea ez da nahikoa. Garrantzitsua da, eskaerari eragiten diolako, eta ondorioz industriari, baina behar da aldarrikapen politikoa egin. Desobedientziak horretarako bidea ematen du. Kontua da halako ekintzetan ahalik eta jende gehienak parte hartzea.
Errepresioarekin bizitzen ikasi behar dela erran duzu, berriki.
Esaldi hori lagun bati entzun nion; zapalkuntza desagerrarazi ezin, eta harekin bizi behar. Botere ekonomikoa jartzen dugu zalantzan, gure mugimenduak eskaerari eragiten baitio. Igualdad Animal eta Equanimal taldeek egindako ikerketek izan dute eragina kontsumoan; adibidez, larrugintzaren industrian. Industriak neurriak hartzen ditu, errepresioaren bidetik egiten du gure aurka. Gure estrategiak egokituz joan beharko dugu, aurrera egiteko. AEBetan, adibidez, animalien eskubideen aldeko mugimenduaren neurrira egindako legeak ari dira onartzen. Argi izan behar dugu errepresioa mugimendu osoaren aurkakoa dela. Egungo egoerak agerian uzten du, halaber, min egiten diegula. Jendea espetxean sartu nahi dute etxalde batean sartu eta han gertatzen dena filmatzeagatik. Gu terroristatzat jo nahi gaituzte. Hori egiten dute, ezkutatzeko anitz dutelako. Hori da salatu behar dena.
Instrukzio fasean dago, oraindik, prozesua?
Bai. 2011n izan ziren lehen atxiloketak, eta urtarrilean bertze hamahiru pertsona inputatu zituzten. Kontua da biraren bidez horren berri ematea, jendearen laguntza jasotzea. Kritikak jasotzeko ere prest gara. Gu gaude inputatuta, baina horrek ez du erran nahi errepresioari aurre egiteko giltza dugunik. Bertzeen ekarpenak jaso nahi ditugu.
Eneko Perez. Animalien eskubideen aldeko aktibista
«Begano bilakatzea ez da nahikoa; behar da aldarrikapen politikoa egin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu