Euskaldun eta «brasileiro». Hala sentitzen zen Javier Barturan jesuita barakaldarra. Ez da harritzekoa, sei hamarkada eman baitzituen Brasilgo Salvador hirian. Borondatezko lankide eta misiolari ibili zen, beti gizartearen bazterrekoenei bultzadatxo bat emateko prest. Abuztuaren 25ean zendu zen Barturen.
Hamabost urte baino ez zituela sartu zen Jesusen Konpainian, eta Filosofia, teologia, magisteritza, psikoalnalisia, soziologia, medikuntza, taldeen dinamika eta komunitateen garapen ekonomikoaren gaineko ikasketak egin zituen, betiere, besteak laguntzen baliatzeko helburuz. Hala, 25 urterekin abiatu zen Salvador aldera, eta ezin konta ahala ekimen sustatu zituen han, batik bat, heziketari eta medikuntzari loturik.
Horrez gain, tokian tokiko herritarren interesen defendatzaile sutsu izan zen Barturen. Komunitateen antolakuntzan buru-belarri aritu zen, eta nekazaritzarako, arrantzarako eta eskulangintzarako baliagarri izan diren teknika eta teknologia zabaldu zituen herritarren artean. Munduko Medikuak elkarteko kide izan zen eta Fundipresca sortu zuen, Brasilgo agintariek Bahian arrainik ez zegoela ziotenean, hauen tesia gezurtatuz.
Aski baloratua izan da jesuitaren lana han eta hemen. Egindako lana aitortuz hainbat sari eman dizkiote Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Diputazioak zein Sabino Arana fundazioak.
Hilberria. F. Javier Barturen
Bazterrekoen aldeko jesuita «brasileiroa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu