enekoitz esnaola
Gatazkaren konponbidea. Euskal presoak. ANALISIA

Bateratasuna

2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Frantziak urriaren erdialdera egin zituen euskal presoen azkeneko gerturatzeak: Zigor Merodio eta Jon Rubenach, Mont-de-Marsanera. Urriaz geroztik, Espainiak sei preso hurbildu ditu Euskal Herri inguruko kartzeletara, eta iragarrita dauzka beste bost gerturatze. Aurtengo otsailetik, Frantziak 24 euskal preso gerturatu ditu Mont-de-Marsanera eta Lannemezarena. Espainiak, gobernu berria duenetik, zortzi hurbilketa eta hiru Euskal Herriratze egin ditu.

Parisek azkeneko urtebetean 22 euskal presori kendu die DPS estatusa —bereziki zaindutako presoak dira DPSa dutenak—, eta horrek ahalbidetu izan du hurbilketa asko egitea. Madrilek, orain arte publikoki jakin denaren arabera, hamabi euskal presori eman die bigarren edo hirugarren gradua —hamar eta bi—, eta horren ondoren egin ditu lekualdatze gehienak —pare bat oraindik Madril aldean dauzka—.

Parisek ez du eman baldintzapeko askatasunik, eta Madrilek asteburuetako bi irteera baimen eman ditu irailetik hona.

Hor urte honetako datu batzuk. Frantziak mugimendu gehiago egin ditu, han euskal preso gutxiago izan arren: gaur egun, denera 47; Espainiako Estatuan, 232. Frantziako guztiak, bat salbu, EPPK-koak dira, eta Parisek kolektibokoekin egin ditu urratsak. Espainiako Estatuan dauden euskal presoen artean, berriz, ustez denera hamalau dira EPPK-ko kide ez direnak—Langraiz bidekoak bost, AEM ingurukoak bost, eta, orain arteko informazioen arabera, inongo taldetan ez daudenak lau—, eta Madril ari da haiekin jokatzen, asmo jakin batekin, seguruenez EPPK desgastatzeko: PSOEren aldian, kolektibotik kanpoko bi presori hirugarren gradua eman diete, bi Euskal Herriratu dituzte, eta beste bi presori iragarri diete bigarren gradua emango dietela eta gerturatu egingo dituztela. Mugimenduen proportzioari begiratzea garrantzitsua da.

Baionan badago kartzela bat, baina zaharkitua da, eta ez dago baldintzarik Frantzian dauden euskal presoak hara ekartzeko. EPPK-k berak, iazko barne eztabaidako ondorioen txostenean, kolektiboko kideak Mont-de-Marsangoan batzeko eskatu zuen. Hego Euskal Herrian, aldiz, Zaballako eta Iruñeko espetxeek aise betetzen dituzte baldintzak—EPPK-k Zaballarako eskaera egina du—, baina Madril beste estrategia batekin dabil: Bizkai, Araba eta Nafarroatik gertu samarrekoetara eramaten presoak, horietan beste fase bati ekiteko. Hor ere badu asmo bat PSOEren gobernuak: «gizarteratzea»; aitortzea presoek okerreko bidea izan zela ETAren indarkeriarena.

Honetan guztian badaude diferentzia handi bi. Batetik, Ipar Euskal Herrian badago instituzioen, hautetsien eta bakegileen arteko ordezkaritza bat presoen auzia lantzeko —atzo bertan egin zuten azken agerraldi publikoa, Baionan—, eta Hego Euskal Herrian ez da tankerakorik, ezta erkidegoka ere —dena den, Orain Presoak dinamika eta Foro Soziala lan garrantzitsua egiten ari dira, sentsibilitate desberdineko herritarrak eta eragileak uztartze aldera—. Bestalde, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak ofizialki mahai bat eratua du Justizia Ministerioarekin, iazko urritik, eta han ari dira hitz egiten presoen auziaz; gainera, Parisek oniritzia emana duela, ordezkaritzakEPPKrekin hartu-emana zabaldua du. Aldiz, Hego Euskal Herriak ez du esparrurik Madrilekin. ETAren desegitearen biharamunean Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak iragarri zuten asmo partekatu bat horretarako, baina geldirik daude. Jaurlaritzak badu bide bat irekia Madrilekin, honek lantaldetzat jo gabekoa.

Dena dela, Ipar Euskal Herria-Frantzia mahaia eratuta egoteak ez du eman euskal ordezkaritzak nahiko lukeen emaitza. Hasieratik planteatu zioten Parisi euskal preso guztien hurbilketa, DPS estatusa kentzeko, larri gaixorik daudenak askatzeko eta baldintzapeko askatasunak emateko. Azkenaldian desadostasunak agertu dira, eta ordezkaritzak atzo jakinarazi zuen «elkarrizketa etenda» dela gaur-gaurkoz. Berri txarra konponbiderako.

Faktore berria

Duela hilabete batzuetatik badago faktore bat: Grande Marlaska-Davo. Frantziako Justizia Ministerioan euskal presoen auzien kontrola duena Helene Davo da, ministroa ez izan arren. Espainiako espetxe politikan Barne ministroak du: Fernando Grande Marlaskak. Epaileak dira biak, aspalditik ezagutzen dute elkar, eta Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko presidente izan zen garaian (2012-2017), Frantziak Espainian zeukan lotura epailea Davo zen. Joan den urriaren 1ean Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAren bukaeraz ekitaldia egin zutenean —«ETA garaitu dugu»—, Madrilen kondekorazioa jaso zuen Davok. Grande Marlaskak eta biek, gainera, uda ETAren biktimen elkarteekin egoteko baliatu dute, eta rol berezia eman diete kartzela politikan. PPren gobernuak ETAren armagabetzean ez ezik presoen auzian deus positiborik egin ez arren, Paris mugitzen hasi zen, eta, orain, Madrilen agintean PSOE dela, presoenean sintonia daukate bi gobernuek. Eten bat eginda, badirudi Paris azkenaldian lagunaren zain egon dela, urratsetan bien arteko oreka bat emate aldera. Lerrokatzea deitu ahal zaio. Pausoak pauso eta erritmoak erritmo, norabide berean joateko moduan leudeke. Baina beren kabuz ez dute prozesua azkartuko eta sakonduko.

Duela hilabete batzuk, Peixoto euskal militante historikoa bateratasunaz mintzatu zen BERRIAn, «denok gurdiari batera bultza egiteaz». Presoenean ere nahi duenak, badauka aukera. Nahi ez duena, berriz, hartuko du goxo Parisek edo Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.