enekoitz esnaola
ANALISIA

Batera pentsatu

2014ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko herrien artean Ipar Irlandakoa izan da Euskal Herrian modurik bateratuenean aztertu den azkeneko kasua. 1998ko apirilean, Stormont edo Ostiral Santuko hitzarmena sinatu zuten Erresuma Batuko eta Hego Irlandako gobernuek, eta Ipar Irlandako alderdi nagusi gehienek berretsi zuten. Bake prozesurako mugarria izan zen.

Ez ziren nolanahikoak edukiak: bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa, presoen kaleratzea, desarmatzeak, Erresuma Batuko armadaren kanpamentu askoren itxiera, herritarren gehiengoaren erabakiari errespetua, Ipar Irlandako Parlamentuaren sorrera...

Euskal eragileentzat auzi erreferentea zen hangoa. Bazen antzekotasunik: estatuko «segurtasun» indarrak, lurralde zatiketa, autodeterminazioa, borrokaarmatua, presoak, errepresioa...

1998ko haiek ere garai zailak ziren Euskal Herrian. Pixka bat lehenago —1997ko uztailean—, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia hil zuen. 1997ko otsailean, Espainiako hauteskundeetan ETAren Alternatiba Demokratikoa bideoa zabaldu zuela egotzita, HBko Mahai Nazionala espetxera bidali zuen Auzitegi Nazionalak —apirilean bermepean libre atera ziren, baina abenduan berriro barruan zeuzkaten, epaiketako zigorraren ondoren—. Kartzelatzearen aurka Bilbon izandako manifestazio batean Ertzaintzak bi lagun balaz zauritu zituen. 1997 hartan, Juan Carlos Hernando euskal presoa hilda agertu zen ziegan, Jose Luis Salegi iheslaria Mexikon hilik aurkitu zuten, ETAk Jose Luis Caso PPko hautetsia hil zuen...

Garai gogorrak ziren, baina EAJk eta HBk elkarrizketarenbideari ekin zioten. PP zen Espainiako Gobernuan, eta Blancoren hilketaz baliatuta, biktimak erabiltzen hasi zen, MayorOreja «proiektu partekatua»sarri aipatzen... Bidea elkarlanean egin beharraz gehiago jabetu ziren euskal eragileak. Irmo ekin zioten. EAJk eta HBk, kasurako, sekretupeko batzar bat 1998ko ekainaren 6rako jarria zuten. Goiz hartan Ertzaintzak Ina Zeberio etakidea hil zuen operazio batean, baina EAJk eta HBk eutsi egin zioten bilerari.

HBko Mahai Nazionalak Irlandako Foroa sortzeko proposamena egin zuen. Lehen batzarreania hogei eragile bildu ziren, 1998ko ekainaren 20an, Lizarran. Bilgunean EAJ, HB, EA, AB, Zutik, Batzarre, ELA, LAB, Senideak, Elkarri, Bakea Orain eta Eliza 2000 indar politiko, sindikal eta sozialak aritu ziren hizketan. Orduko irailean etorri ziren Lizarra-Garazi akordioa eta ETAren su-etena. Eta, besteak beste, Irlandako prozesuaren eraginez—IRAk ofizialki 2005ean jakinarazi zuen jarduera armatua utzi zuela—, ezker abertzaleak geroago egin zuen bere apustu estrategikoa, Loiolatik-eta igaro ostean.

Hamasei urte pasatu dira Irlandako Foroaren sorreratik, etaestaturik gabeko herrien artean orain beste erreferente batzuk daude Euskal Herrian; Katalunia eta Eskozia, nagusiki. Biok,ordea, ez dira bake prozesuak, baizik eta, demokrazian oinarrituta, burujabetza prozesuak. Baina Euskal Herrian gaur-gaurkozez dago haiek modu bateratuan aztertzeko topagunerik.

Eskoziak badu Erresuma Batuaren baimena independentzia galdeketa egiteko; irailaren 18an izango da. Kataluniak ez dauka Espainiako Estatuarena, eta aurreikus daiteke irailetik aitzina talka handia sortuko dela. Generalitateak, hain segur, irailean onartuko du Galdeketa Legea, eta azaroaren 9ko kontsultaren eguna ofizial egingo luke; Espainiako Gobernuak legearen aurkako helegitea aurkeztu, eta Konstituzionalak baliogabetu egingo du. Baina ez du ematen hor geratukodenik kontua. «Denborak oso ondo kudeatu behar dira», esan du David Fernandezek (CUP).

Euskal eragileek, era batera edo bestera, begiratzen diote Kataluniako prozesuari. Eskoziakoa baino gertuagoa egiten zaie. Iazko Diadan han izan ziren alderdiak (EAJ, EH Bildukoak), Udalbiltza, sindikatuak (ELA, LAB), Independentistak sarea... Bakoitza bere kasa joan zen. Prozesu demokratiko eta independentistarekiko atxikimendusozio-politiko-instituzional sendoa dagoela berresteko aukera eduki zuten. Kataluniaz hitz egiteko hartu-eman batzuk izan dira —adibidez, EAJk eta Sortuk hizpide izan dute euren bileretan; ez daukate iritzi bera—, baina modu zabal, antolatu eta bateratuan ez da bilgunerik sortu. Bakanak izan dira Euskal Herrian Kataluniako prozesu historiko honi buruzko hitzaldiak eta beste. Urkulluk, berriz, Aste Santuan aurrez hedabideei abisatzeke —eta gorbata barik— hartu zuen Mas Ajuria Enean, juntaizoari eite instituzionalegia eman gabe. Demokrazia, zilegitasuna eta elkartasuna bezalako balioak mahai gainean direla, Kataluniako herriarekiko pedagogia gutxitxo gurean, menturaz.

Ahots bateratuek normalki beti dute indarra. Esate baterako, Katalunian 2009ko hondarrean, estatutuaren murrizketaren aurretik, garrantzi kualitatiboa izan zuen hamabi hedabidek argitaratutako editorialak. Ezein prozesutan baldintzak erein egiten dira, ez datoz berez.

Idatzi izan da: hangoak eragina izango du hemen. Halaber: estatua, haustekotan, Kataluniatik hautsiko da. Ondorioz, aritzekotan, herri gisa —kanpoko etabarruko noranzkoetan—, nola aritu Kataluniako herriko prozesuaren / gatazkaren aurrean?

Lidia Pujol katalan kantautoreak esan zuen duela urtebete: «Katalunian desberdin pentsa dezakegu, baina batera pentsatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.