Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Bat koma bi

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Urtea bukatzeko oraindik aste batzuk falta badira ere, industrializazio aurretik 2016ra arte bildutako datuek frogatzen dute aurtengoa inoiz neurtu den urterik beroena izan dela. Areago, azken mende eta erdi eskasean, munduko batez besteko tenperatura dagoeneko 1,2 º C igo da. Kalkulatutakoa baino askoz azkarrago iritsi gara marka honetara. Horrela segituz gero, XXI. mendea amaituko denerako munduko tenperatura 2,9 º C eta 3,4 º Cigoko omen da. Parisen duela urte bete eskas lotutako klima aldaketaren aurkako hitzarmenak helburu bezala jarri zuen munduko tenperatura gehienez 2º C igotzea mendearen bukaerarako. Hortik gora, klimaren berotzeak ondorio oso larriak ekarri omen ditzake.

Baina azken egunotan argitaratutako bi ikerketa garrantzitsuk kezkarako arrazoiak baino ez dituzte ekarri. Batetik, sumendien erupzioek kliman izan dezaketen eragina dago. Erupzio handiak direnean, isuritako gasak estratosferara iritsi eta aerosolak eratzen dituzte. Horiek eguzkitik datorren irradiazioa moteldu egiten dute eta, ondorioz, troposfera hoztu egiten da zertxobait. Batez beste, estratosferara iristen diren 3-5 erupzio egoten dira urtean eta laguntzen dute gure atmosfera gehiegi ez berotzen. Baina egun gertatzen ari den klimaren berotzearekin, atmosfera puztu egiten ari da eta zaildu egiten die sumendietatik isuritako gasei estratosferara iristen. Hortaz, gure planeta azkar galtzen ari da atmosfera gehiegi ez berotzeko duen mekanismo hau.

Bestetik, klimaren eta CO2 mailaren arteko harremana aztertu da. Horrela, ongi frogatu da klima hotza denean edo epela denean, CO2 mailaren aldaketek ez dutela eragin berdina eta askoz indartsuagoa dela eragina klima epela dagoenean gure planetan. Izan ere, azken 784.000 urteotako datuak aztertu dituzte, garai glazialak barne. Glaziazioen arteko klima epela izan denean, CO2 mailaren igoerekin batera, beti tenperaturaren igoera indartsua gertatu da. Muturreko momentuetan, duela 120.000 urte esaterako, gure planeta 4º C berotzera iritsi zen. Baina gaur egun bizi dugun klima epela eta CO2ren igoera kontutan hartuta, askoz gehiago berotu daiteke gure planeta, hain zuzen ere 5,9º C 2100. urterako, alegia Parisko hitzarmeneko helburuaren bikoitza baino gehiago.

Kyotoko hitzarmenean jarritako helburuak erdizka bete dira eta, bitartean, egoera makurragoa bihurtu da. Hitzarmen hau abiatu zenetik estatuen, enpresen eta gizartearen kontzientziazio maila poliki-poliki joan da igotzen baina, argi geratu den bezala, ez nahikoa. Ikustea besterik ez dago nola oraindik erakunde askok, esaterako, ez duten benetan barneratu arazoaren seriotasuna eta ez dituzten neurri indartsuak hartzen. Oraindik orain, zaborrak erraustea, fracking-a, industria zikinak, garraio kutsatzailea eta beste hainbat segitzen dute bultzatzen era itsu batean, eta aldi, berean, energia berriztagarriak, berotegi gasak isurtzeko neurri mugatzaileak eta beste bide asko oraindik oso modu mugatuan ari dira bideratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.