1942-2020 JOAN MARI TORREALDAI. IRITZIA

Basamortuak zeharkatzen

Iñaki Uria.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Prentsa Euskaraz!» harrezkeroztik hamarkada eman genuen Argia-kook Euskal Prentsan hurrengo helburua genuen Egunkaria aldarrikatzen, amesten, diseinatzen eta prestatzen. Luzea izan zen 80ko hamarraldiaren zeharkaldia.

Bukaera aldera, Argia eta Jakin hurbildu ginen lehendabizi. Elkar ondoren. Elkarren beharra genuen. Jakitun ginen Argia-koak.

1990eko abenduaren 6an Egunkaria argitaratu zenean, Editorial Kontseiluko arduraduna zen Joan Mari. Eguneroko zereginean erredakzioa zuzentzen genbiltzanok babesa behar genuen, eta babesa eskaini zigun.

Honela, beste basamortu baten zeharkaldia hasi zen. Ekonomia larri, barne krisia piztuta, erakunde publikoen boikota, Joxemiren minbizia... gogorrak izan ziren sortu ondoko lehen urteak ere. Uste zuten eroriko ginela. Denbora kontua zela. Basamortuan urik gabe itoko ginela.

Joxemi hil zenean, 93ko urtarrilean, elkarri begira geratu ginen Joan Mari eta biok. Zu ta ni, ni ta zu... Eta Martxelo topatu genuen. Egunkaria-k luzaroan izan zezakeen zuzendaririk egokiena.

Jaurlaritzak ezarritako dirulaguntza basamortuan jarraitzen genuen. Eta berriz ekin genion «diplomaziari» Joan Mari eta Martinekin. Bidea egin genuen, eta iritsi ginen 94ko akordiora.

Bilera bakoitza prestatzeko, bazkaria eta bazkalondoa. Edota mendi ibilaldi luzeak. Indarraldiak eta txakalaldiak. Indarra buruan zela ikasi nion. Elkarrekin luze jarduten genuen, eta erraz konektatzen genuen. Bagenekien begiak luzera begiratzen jarri eta urratsak banan-banan egiten. Helburuak zehazten joan, eta erdietsi ahala berriak ezartzen. Azkarra zen, argia, zorrotza.

Martin ohorezko lehendakari, eta Joan Mari lehendakari jarri zen. Euskaldunon Egunkaria onenean zegoen. Sekula baino irakurle eta iragarle gehiagorekin. Jauzi bat emateko prestatzen ari ginen. Orduan itxi zuten.

Asko sufriarazi ziguten. Minbizia garatu zuen Inmak, eta hil egin zen. Bere buruaz beste egitera eraman zuten Pello, eta bere buruaz beste bat egin zuen. Minbizia Martxelok, eta gainditu egin zuen. Joan Mariri, ordea, hezurren muineraino sartu zioten minbizia. Torturak, kartzela... Beste hamarkada bateko basamortu luzean, Auzitegi Nazionalaren aurrean geure buruaren defentsan jardun behar izan genuen. Epaiketa nagusia eta ekonomikoa. Zalantzen eta beldurren itolarrian.

Absolbitu gintuzten, baina errudun ginen. Egunkaria sortu egin genuen. Baimenik eskatu gabe. Bizi eta iraunarazi egin genuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.