Pastor
DARWIN ETA GU

Barkatu, baina...

2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lagunaren hilobia bisitatu zuen orain hamar urte. Harekin batera jardun zuen. Bera ere kartzelan egon zen, baina libre irten zen. Haren taldekidea 20 urte eskas zituela hil zuen Poliziak, balaz josita. Eraikineko lekukoek adierazi zutenez, ustezko tiro trukaketa hartan metraileta hotsak baizik ez ziren entzun. Pistola soinurik ez.«Nola azalduko nizuke non gauden? Ulertuko zenuke?», esan zuen bere baitan, baina eroritako borroka kideari mintzo, malkoak lagun.

Lagun hark egin zuen bideak ez zuen deus ere balio izan. Horixe errepikatzen ari dira. Barkatzeko eskatu behar dute hautu hura hartu zutenek. Ibilitako bidea, egindako guzti-guztia gaizki egon zela aitortu behar dute. Bidegabea izan zen. Errakuntza. Errakuntza hasieratik bukaeraraino.

Barkatzeko eskatzen dute. Haiek, berriz, ez dute inoiz barkatzeko eskatuko estatuaren indarkeriak eraginiko minagatik, ez zuzenean horretan aritu zirenek, ez Espainian zein Euskal Herrian beste aldera begiratu zutenek —soilik alde batekoak ari ziren beste aldera begira, ala? —. Guardia Zibilak eta Poliziak barkatzeko eskatuko diete torturatuei eta haien senideei? Estatu espainiarraren aparatuak berdin egingo du bere ministro eta goi karguek agindutako atentatuengatik?

Ramon Jauregik argi utzi du Catalunya Radio-n egin dioten elkarrizketan: estatuak ez du barkatzeko eskatu behar. Ez dagokio berari. Halaxe esan du. Hiltzea xedea duen talde bat sortzen da estatuaren erraietatik, baina hori ez bide da estatuaren erantzukizuna. Ezker abertzaleak barkatzeko eskatu behar du ETAk torturatzaile frankista bat hil zuelako. Estatu espainiarrak ez du ezer esan behar GALek Christophe Matxikote artzaina eta Catherine Brion ikaslea hiltzeagatik. Ez dagokio berari. Nori dagokio orduan? Bidarraiko okinari? Baigorriko iturginari?

Jauregik beste kontu batzuk ere azaldu ditu: Arnaldo Otegi kartzelatzea eraginkorra izan zen; Euskal Herrian beste prozesu batzuetan baino «dirdira eta garbitasun handiagoak» izan ditugu biolentzia amaitzeko prozesuan: ez da kontzesio politikorik egin eta presoak kartzelan daude oraindik. Garaileek haien legea inposatu dute, alegia.

Hori gutxi ez, eta haien errelatoa ere ezarri nahi dute. Hain urrun joan dira, non ez duten bereizketarik egiten. Izan ere, frankismoaren garaiko ETA ere errakuntza izan omen zen. Munduko beste leku guztietan zilegi izan zena —diktadura baten kontra armak eskuan borrokatzea— deslegitimatu nahi dute hemen. Kazetari valentziar batek hauxe idatzi du egunotan: behin errebisionismo honetara helduta, Carrero Blancorena ere gaizki egon zen? Eta Carreroren kontra egin ez balute, Franco ohean hil balitz, hark haren lekua hartu eta diktadura hamar bat urtez luzatu izan balitz —1984ra arte, esaterako, Carrerok 80 urte bete arte—, orduan zer? Euskal Herriko eta Espainiako herritarrek beste hamar urteko sufrikarioa jasan beharko zuten batzuen txepelkeria, epelkeria eta apaizkeriagatik? Hasiera-hasieratik txarto egon zela esaten dutenean «ulertu beharko genuke Carrero Blancoren aurkako atentatuak inoiz ez zuela gertatu behar?», galdetu du kazetariak. Ulertu beharko genuke Meliton Manzanas torturatzailearen kontrako atentatuak inoiz ez zuela gertatu behar?

Olof Palme lehen ministro suediarra terrorismoaren apologia egiten ari zen Stockholmeko kaleetara irten zenean ETAko presoen aldeko dirua eskatzera eta Francoren diktaduraren kontra azaltzera? Horixe sinetsarazi nahi digute, antza. Horixe dugu haien diskurtsoa. Sermoia hain barruraino sartzen ari dira, non noizbait ezker independentistari galdetuko dioten ea Santoñako faxistaren kontrako atentatuak gertatu behar zuen edo ez, eta hark ez du jakingo zer erantzun. Edo jakin bai, baina esatera ausartu ez. Honaino heldu gara.

Akaso barkatzeko eskatu beharko dugu euskaldunok Carrero aireratu zutenean negar egin ez genuelako? Barkatu, baina ni ez naiz tranpa horretan eroriko. Ulertuko (ez) duzuelakoan agurtzen zaituztet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.