joxerra senar
Nafarroako Kutxa. 'Dieten auzia'. Analisia

Barcina soilik falta da

2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Atzoko inputatuen zerrendan Barcina falta zen. Miguel Sanz, Alvaro Miranda eta Enrique Maia inputatu gisa deklaratzera deitu ditu epaileak, eroskeria delituaren zantzu nahikoak ikusita. Logikoa da pentsatzea Barcinak, beste hiruen modu berean, delitu zantzu berak dituela, ez gehiago ez gutxiago. Haatik, presidente karguak babesten du.

Epaileak bere urratsak ondo neurtu nahi izan ditu. Batetik, Barcina foruduna denez, ez du eskumenik zuzenean inputatzeko. Bestetik, auziaren ikerketa gal dezakeelako. Barcinaren aurkako delitu zantzuak ikusiko balitu, auto bat kaleratu beharko luke eta behar bezala arrazoitu Auzitegi Gorenari. Gorenak arrazoibidea onartuko balu, epaile instruktore bat izendatu eta dieten auzia bere gain hartu beharko luke (ez dago argi auzia pertsonen arabera zatikatu daitekeen).

Barcinak, berriz, orain inoiz baino arrazoi pertsonal gehiago ditu kargu horri eusteko. Inputatua egoteak ez du esan nahi auziperatuta amai dezakeela edo are gutxiago errudun, baina berekin esertzen ziren gainerako biltzarkideen modura inputazioaren ziurgabetasunari aurre egin baino hobeagoa da goxo-goxo forudunen babesa edukitzea. Haatik, forudun izateak ez du garbituko bere gain duen orbana.

Lehenago zalantza moralik ez bazuen izan erantzukizunik gabeko bileren truke dieta horiek guztiak kobratzeko, orain ez dio zalantzarik eragingo bere erabakiak gobernuaren eta Nafarroaren izen ona zikintzen badu. Berlusconiren modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.