Luhusokoaren ondoren, Frederique Espagnacek urtarrilean Bruno Le Roux Frantziako Barne ministroarekin bilera egin zuenean, ministroak galdetu zion ea ETAren armagabetzeagatik trukean zerbait eskatuko zen euskal presoez. Ezetz Espagnacek —egun batzuk lehenago egona zen bakegileekin—. Jakina zen hautu hori, baina bere alderdiko senatari batek esateak bazuen garrantzia eta ofizialtasuna Le Rouxentzat eta, hala berean, gobernuarentzat. Paris aldatzen hasi zen. Trukean ezer ez eskatzea eta, gainera, desarmatzea ETAren presentziarik gabe egitea ezinbestekoa zen Parisentzat. Eta armagabetu zen ETA.
Baina Luhusokotik Baionakora artean egin zen beste jauzi erabakigarri bat: Parisekin hitzartze eskema bat jorratzeko mintzaidea ez zen jada Luhusoko taldea, Ipar Euskal Herria baizik. Konexio soziala eta politiko-instituzionala gertatu zen Iparraldean. Geraezina.
Frogatu zen bakegileek ETAren desarmatzearen ordez ez zutela deus galdegin —haien sinesgarritasunaren beste adibide bat—, baina armagabetzearen ondotik heldu zioten euskal presoen auziari, hasieratik bertatik; joan den apirilaren 8an, armagabetze egunean iragarri zuten, arratsaldeko ekitaldian. Luhusokoaren aurretik ere iragarri zuten asmoa, ETAri bidalitako aurreneko gutunean (2016-10-3), bake prozesu integrala aipatuta. Duela hilabete eta erdi jakin zen bide bat ireki dela Ipar Euskal Herriaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren artean. Biziki berri garrantzitsua. Fokua berriz ere hor da. Parisek gauzatu ditu presondegi alorrean lehen neurriak; eskasak, oraindik ere. Gehiago izatea espero da; sakonera aztertu beharko, eta, desarmatzean bezala, jarrera aldaketak Madril baldintzatuko duen ere bai. Parisko atzoko mobilizazio esanguratsua bultzada bat izango da.
Ari da baldintza gehiago sortzen espetxe eremuan, ezker abertzalea bera ere ari baita egiten urratsak, bidea argitze aldera. Iazko abenduan, Luhusokotik egun batzuetara jakin zen EPPK-k, eztabaidako oinarrizko txostenean, bere burua ezker abertzalearen dinamikaren barruan jarri zuela, eta eztabaidaren ondorioen txostenean gehiago zehaztu zuen, uztailean: «EPPKren binkulazio politiko zuzena ezker abertzalearekin izango da»; «kolektiboa ez dago inongo antolakunderen eta erakunderen menpe». Bi txostenen artean izan zen Sorturen kongresua, urtarrilean, eta hark hartu zuen ezker abertzalean euskal presoen «babes politikoaren» ardura,—kolektiboarekin deus organikorik finkatzeke, badaezpada—. Udaz geroztik gehiago argitu dira gauzak. Batetik, Gudari Eguneko agirian ETAk azaldu zuen «datorren ziklo politikoan» bera ez dela «eragile nagusietako bat izango», eta, bestetik, azaroaren 23ko eguna zeraman oharrean adierazi zuen «EPPK-k egindako eztabaidaren ondorioz, erabat barneratu» duela «euskal preso politikoak kolektibo horri daudela lotuta»; «esan gabe doa ez diotela ETAri erantzuten eta ETAk ez duela haien jarduna gidatzen». Esan gabekoa esateak gauza asko esaten ditu gatazkaren ondorioen konponbidearen fase berrirako; politikorako zein, ikusi beharko den arren, judizialerako.
Baina euskal presoen auzia konplexuagoa da armagabetzea baino. 300 pertsona pasa dauzkate kartzelan, eta bakoitzak du bere egoera penala, judiziala, pertsonala... Oraingoz, ez da aurreikusten aterabide kolektiborik. Horrez gain, ezker abertzaleak etxeko lan denak egiteke ditu. Baina datozen hilabeteetan espero dira presoen lege ibilbidea azkartzea —malgutasuna hitzeman du EPPK-k— eta ETAren desmobilizazioa.
Bake prozesua Luhusokoaren ondoren desblokeatu ostean, korapiloak askatzen segitzeko dinamismoa dago, EAJren aliantzak aliantza. Presoen konponbiderako baldintza gehiago sortuz joateko, Hegoaldean etxeko lan guztiak ez dira ezker abertzalearenak.
Euskal presoak Parisko mobilizazioa. ANALISIA
Baldintzak sortzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu