Alizia Iribarren Andueza.
Euskaraldia. IRITZIA

Baita Erriberan ere

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Ostiralean, Euskaraldia hasi zen, eta abenduaren 3a arteko epea izango dugu euskahalduntze ariketa hau egiteko. Hamaika egun, gure hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Hasteko esaten dut, abenduaren 4tik aurrera honekin jarraitu behar dugulako, hizkuntza ohituren aldaketa ez baita gauza makala, askotan hizkuntza bera ikastea baino gehiago kostatzen zaigulako.

Ia 200.000 lagun, 20.500 inguru Nafarroan, eta horietako 150 inguru Erriberan. Azken datu hori txikia izan arren, oso datu garrantzitsua dela iruditzen zait. Herriko kaleetan euskara entzutea oraindik arrotza den toki honetan, ahobizi eta belarriprestak egotea oso poztekoa da. Euskaldun eta euskara ikasten ari direnak elkar identifikatzea garrantzitsua da gure eremuan, gure hizkuntzan aritzeko aukera murritzak ditugulako, eta, oraindik euskaraz ezin bagara bizi ere, horretarako beste pauso bat dela deritzot.

Egun hauetan, denok txapa jantzita, kalean euskaraz aritzeko konpromisoa duen jendearekin gurutzatzea hunkigarria da. Gainera denok kontzienteki hartu dugu konpromiso hori; beraz, gure artean konplizitatea sortu eta zalantzak alde batera utzita, ziurtasunez eta indarrez euskaraz aritzeko parada eman digu ekimenak.

Askotan, egoera soziolinguistikoak eraginda, ezagutzen ez dugun norbaiti lehenengo hitza euskaraz egitea kostatzen da, oso kontzientziatuta egonda ere. Ekimen honek eskatzen duen konpromisoetako bat horiizanik, honetan beldurra kentzeko lagungarria izango dela uste dut.

Arestian esan bezala, ahobizi eta belarripresten kopurua txikia da Erriberan dagoena, baina eragin handia izan dezakeela pentsatzen dut. Batetik, hizkuntza ohituretan eragiteko lagungarria, gure zalantzak eta beldurrak alde batera uzteko eta kalean euskara gehiago egin eta entzuteko, eta, azken finean, hizkuntzaren erabilera hemen ere normalizatzen hasteko. Euskaldun gisa ahalduntzeko, euskahalduntzeko, hain zuzen ere.

Kopuru txikiak dira, baina ekintza txikiekin ondorio handiak eragin daitezke.

Joseba Sarrionandiak20. Korrikako mezuan idatzitako hitzak ekarriko ditut gogora: «Euskara ez da bukatzen erabiliz gero, gauza gehienak erabiliz gero bota behar izaten diren egunotan. Eta dohainik erabiltzen dugu, gehien-gehiena ordaindu behar izaten denean. Lapur altxorra balitz bezala izango dugu zulo ilunen batean ezkuturik?».

Galdera horren erantzuna ezezko borobila da, noski; kalera atera eta euskaraz arituko gara, Euskal Herrian, Nafarroan eta nola ez, Erriberan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.