enekoitz esnaola
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Badaezpada han

2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan hurrena ez da alderdi baten gehiengo osorik egongo, baina bai beste estatu itun bat egitear diren indar batzuen artekoa. Hain segur, PPren eta Ciudadanosen artekoa —estatu interesetan, itunkide PSOE lagun dute—. Euskal Herriak ukazioa jasoko du. Baina EAJ / Geroa Bai eta EH Bildu Madrilen izango dira, badaezpada.

Franco hil zenez geroztik, lau gehiengo oso egon dira Kongresuan. 1982an aurrena, PSOEk lortutakoa. Hiru urte lehenago onartu zen Gernikako Estatutua, eta 1980an eta 1981ean jaso ziren eskumen gehien, garapen arorik oparoenean: 34. Ordea, 1982an, estatu ituna eginda, LOAPA sinatu zuten UCDk eta PSOEk, eta erkidegoen ahalmena eraisteari ekin zioten; egiturazko urratsa. 1986koa da bigarren gehiengo osoa: berriro, PSOErena. GALen garaian, eta euskal presoen sakabanaketaren lehen pausoak hasi aitzin. Lasai egon zen legealdian Felipe Gonzalez, Jaurlaritzan eta presoen aurkako estrategian—edo, borrokan— EAJ lagun zuela. 2000koa da hirugarren gehiengo osoa, PPrena, Jose Maria Aznarren lehen agintaldikoa. Berehala sinatu zuen PSOErekin Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna. Gainera, legealdi osoan gobernuak EAEri ez zion eskumenik igorri. Eta berriro PPk erdietsi zuen hurrengo gehiengo absolutua, laugarrena, 2011n, ETAk jarduera armatua betiko utzi zuela iragarri berritan. Gatazkaren ondorioetan aurrepausorik ez egiteaz gain, garapen autonomikoa bazterrean mantendu du PPk, eta, gainera, birzentralizaziorako bidea sakondu du.

Ukazioak segituko duela barruntatzen da. Kongresu berriarekin EAJk ezinezkoa luke lortzea EAEko estatus politiko berri baterako ardatzak: nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea edota aldebikotasuna. Baina EAJ, alderdi instituzionala denez, Madrilen izango da, baina badaezpada ere bai, sikiera estatutuaren erreforma leun bat lantzen bada han ere egote aldera —Madrili interesatzen zaioez piztea beste su subiranistarik—; eta, bitartean, asmo handiagoen aukeraren zain segituko du. Antzekoa esan ahal da Geroa Bairi buruz, baina maila apalagoan, etabetiere erdiesten badu aulki bat.

EH Bilduk autogobernurako eta burujabetzarako ez luke batere aukerarik Madrilen. Han dela erakusteko, legealdi honetako ateraldiekin segitzea luke formula. Baina Madrilera doa, badaezpada. Izan ere, ETA armagabetzen bada,jokaleku berri eta garrantzitsu bat sortuko da gatazkaren ondorioak konpontzeko, eta txarra ez Madrilen ere egotea.

Nafarroako Aldaketa ere aurkeztuko da boz hauetan, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak osatuta. Senatuan nahi du egon, ganbera hutsal batean, baina haren mugimendua ez da Madrilera begirakoa, ez da badaezpadakoa. Nafarroako aldaketa sendotzen segitzeko egina da urratsa. Ez da eskumen kontua, irismen kontua baizik. Bada aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.