enekoitz telleria sarriegi
Presoen babesaren kontrako operazioa. ANALISIA

Babesaren defentsa

2015eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ez dizkiete operazioei izenak alferrik jartzen. Xake zen bata, Mate zen bestea eta Pastor azkena (?). Inoiz xakean erabat hasi, erabat aritu eta erabat aditu bihurtu gabekoak badaki hasiberria ezustean harrapatzeko mugimendua dela xake-mate pastor izeneko hori. Eta ematen zaiola kolpea horrela xaloenari, erreakzionatzeko denborarik apenas duenari, espero ez duenari, ustez defendatu beharrekoak ongi defendatuta dauzkanari, baina babesa defentsarik gabe utzi duenari. Lau kolpetan emandakoa. Xake-materik azkarrena. Eta mingarriena.

Ez dizkiete operazioei izenak alferrik jartzen, hori bada helarazi nahi duten mezua. Jarraituko dutela nahieran kolpeka eta mateka. Edozein izanda bezpera, edozein izanda eguna eta edozein izanda biharamuna. Helburua bat eta bakarra dela: uztea babesa defentsarik gabe. Izan zirelako bitartekariak lehen, izan zirelako abokatuak lehen, eta nazioartean sostengua topatu eta bilatzen dutenak orain, eta presoak eta torturatuak psikologikoki goxatu eta osatzen dituztenak orain.

Inoiz xakean erabat hasi, erabat aritu eta erabat aditu bihurtu gabekoak badaki —behin xake- mate pastor eman diotenean bezain pronto jakin ere—, ez dela berez zaila mota horretako kolpea saihestea. Babesari defentsa jarri behar zaiola. Aterata peoiak parera, zaldiak aurrera, alfilak eta erregina zeharrera, dorreak zuzenera. Blokea daitezkeela erasoak nahikoa defentsa baldin badago kopuruz eta nahikoa defentsa baldin badago aburuz. Betiere, taula gaineko arauak errespetatzen badira eta ez badira erabiltzen eta irakurtzen norberaren estrategia mendekati eta zigor bikoiztaileen mesedeetan.

Eta izan liteke, bai, edozein bezpera, edozein egun eta edozein biharamun, baina ez dira edozein. Arnaldo Otegi askatu eta euskal presoak hurbiltzeko eskatuz nazioartean itzal handia duten 24 lagunek adierazpena sinatu dute bezperan. Udal eta foru hauteskundeen bestondorako bi hilabete gelditzen dira egunean. Bruselako Adierazpena bost urte betetzera doa biharamunean.

Eta babesaren defentsari kolpea emateak ez du babesa bera ezbaian jartzen. Atxilotuen artean Bruselara Etxerat-en izenean sakabanaketaren berri ematera joandakorik bada, atxilotuen artean Eusko Jaurlaritzako lehendakari batekin lehen aldiz bildu denik bada, atxilotuen artean 45 euskal herritarren tortura testigantzak jaso, Istanbulgo Protokoloa aplikatu eta auzitegien sinesgarritasun erabatekoa lortu zuen ikerketako koordinatzailerik bada. Hor (ere) badaude xake-mate pastor eman nahiaren benetako arrazoiak.

Bestelakorik da babesari defentsa jarri behar horretan ba ote den nahikoa kopuru eta nahikoa aburu. Gizartearen erantzunak eta mobilizazioek jartzen dute kopurua, baina etsigarria da berrestea hainbatek horrelakoetan erakusten duten aburua. Nork babestu behar du defentsa? Memoria bakarraren zentroari muxindu plantan ameto eman eta estatu ituna egiteko nahia, beharra eta erregua aldarrikatzen duenak? Etxerat elkartekoak hitz goxoz hartu bai, operazioarekin ez datorrela bat esan bai, iraganeko garaien antza duela esan ere bai, baina elkarteko kideen atxiloketaren aurrean «prozeduran» egindako akatsa —«oraingoan ere, Ertzaintzak ez du aurrez operazio honen berri izan»— nabarmentzen duenak?

Inoiz xakean erabat hasi, erabat aritu eta erabat aditu bihurtu gabekoak badaki badela beste jokaldi bat endroke deitzen zaiona. Mugimendu berean bi pieza mugitzeari deitzen zaio endroke. Erregea eta dorrea. Edo beste modu batera esanda, dorrea erregearen atzean ezkutatzeari. Alegia, bi piezarekin batera aritzeari. Alegia, ezkutatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.