Felix Zubia.
PENTSALDIAN

Azukrearen gatibu

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Azukrea da gure gorputzaren erregai nagusia, garun eta muskuluentzat bereziki. Euren funtzionamendu egokirako ezinbestekoa da, eta azukre kantitatea maila batetik behera jaisten bada, kalte larriak agertu litezke.

Pankrea da azukre maila egokiak mantentzeaz arduratzen den organoa. Azukre gehiegi badugu, intsulina jariatzen du, zeluletara sartu dadin; eta alderantziz, azukre mailak jaisten badira, glukagoia jariatuko du, azukre gehiago izan dezagun.

Elikaduraren bidez, azukrea bi eratara iritsi liteke gure gorputzera. Batetik, molekula handien bidez, polisakarido deituak. Gorputzak digeritu egin behar ditu, zati txikiagotan egin, xurgatu eta aprobetxatu ahal izateko. Prozedura hau pixkanaka gertatzen denez, azukre mantso izena ere ematen zaie, eta osasungarrienak dira, pankrearen lana modu konstantean gertatzen delako. Modu naturalean azukrerik gehienak molekula handitan agertzen dira, barazki, eltzeko edo zerealetan esaterako. Bestetik, molekula txikitan iritsi liteke azukrea, monosakarido edo disakarido deituak. Ez dute digestiorik behar, eta berehalakoan iristen dira hesteetatik odolera, erabilgarri izanez. Azukre azkar ere deitzen zaie, eta kantitate handitan hartuz gero, pankreari lan nekezagoa eragiten diete, intsulina kantitate handiagoak sortu behar dituelako. Azukre azkarren gehiegizko kantitatea obesitateari eta II motako diabetesaren garapenari lotua dago, gure artean osasun arazo larri bihurtzen ari dena.

Naturan oso gutxitan topatzen ditugu azukre azkarrak, ezti edo fruta batzuetan ez bada, eta bat-bateko energia iturri izaki, gure garunak eta gorputzak bilatu egiten ditu. Horregatik gara denok gozo-zaleak, geure senean dago, modu handi edo txikiagoan. Baina elikaduraren industriak azukre azkarren ugaltzea ekarri du, naturari kontra eginez: gozokiak, freskagarriak, txokolatea... Aipatu dugun moduan, azukre azkar hauek gustatu egingo zaizkigu ia beti, eta adikzio maila bat ere eragin dezakete, estres egoeretan bereziki, garunari azukre azkarren sarrera atsegingarri zaiolako.

Elikaduraren industriak, hau jakinda, azukre azkarrak erabiltzen ditu gehigarri moduan, euren produktuak atseginago egiteko, eta adikzioa eragiteko. Berez azukre azkarrik behar ez luketen produktu askori gehitzen dizkiote inolako beharrik gabe, eta obesitatea eta diabetesa garatzea errazten dute. Ez noa markarik ematera, baina oso ezagunak zaizkigun produktu askok behar ez luketen azukrea dute. Nahi duenak www.sinazucar.org helbidean begiratu ditzake.

Ezinbestekoa zaigu kontsumitzaileoi hau ezagutzea, eta babestuko gaituen legedia garatzea. Daukagun obesitate zabaldua ez da gure ohituren ondorio bakarrik, industriaren erabaki jakin baten emaitza ere bada. Azukrearen gatibu izan gaitezke, ibili gaitezen adi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.