Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Azterketatan

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Testu hau idazten dihardudan tartean ikasle asko eta asko azterketatarako ikasten ariko da eta ez dira gutxi izango zuzenketetan buru-belarri dabiltzan irakasleak ere. Azterketa, horixe da oraindik ere ikasleen ikaste-prozesuari neurria hartzeko askok beharrezkotzat jotzen duten erraminta. Behar hori argi azaleratu zuen udaberriko konfinamenduak ere, ebaluazioak—edo ebaluazioaren izenean kalifikazioak— kezka eta eztabaida sortu zuen hezkuntza sistemako agente desberdinen artean eta etxealdian ikasleei azterketak nola egin asmatzen egon zen nahikoa lan.

Inor gutxik jartzen du zalantzan ebaluatzeko modua dela irakaste moduaren ispilu argienetakoa, ebaluazio moduak baldintzatuko du neurri handi batean ikasleei eskainiko diegun ikaste esperientzia. Ebaluazioaren paradigma nabarmen aldatu da azken urteotan eta fokua ikaslearengadik ikaste-irakaste inguramendura zabaltzeko beharra azpimarratzen dute adituek. Ebaluazioaren azken xedea izan beharko litzateke ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea. Hortaz, bi funtzio nagusi izan behar lituzke ebaluatzeak: batetik, ikasleari laguntzea bere indarguneak eta hobetzekoak identifikatzen; eta bestetik, irakasleari ikustaraztea ikasleari eskaintzen dizkion baliabideak nahikoak ote diren ikaste-helburuak erdietsi ahal izateko.

Ebaluazioaren paradigma aldatzeak eskolako kulturan zuzen-zuzenean eragiten du. Ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea bada helburua, nork ebaluatu behar du zer? Irakaslea al da ebaluazioaren erantzule bakarra? Ikasleek zer dute esateko euren ikaste prozesuaren eta eskaini zaien inguramenduari buruz? Zer da ebaluatuko dena? Edukiak ebaluatu ordez, konpetentziak ebaluatuko baditugu, horretarako azterketa al da tresnarik egokiena? Nola egokitu daiteke ebaluazioa ikasle bakoitzaren behar eta helburuei? Zein bitarteko jar dezakegu ebaluazioaren emaitzak ikaste-esperientzien hobekuntzan eragina izan dezaten?

Gurasoentzat ere aldaketa nabarmena da ebaluazio modua errotik ukitzea. Kalifikazioa da askotan familiarentzat seme-alabaren ikaste prozesua neurtzeko modua. Zenbaki bat, horrexetara murriztu da historikoki ikaslearen ikaskuntza prozesuaren isla eta zenbaki horren inguruan sortzen dira askotan ikaskuntzari buruz guraso eta seme-alaben arteko elkarrizketak. Ikasleen ikaskuntza prozesuaz familiei berri emateko modu narratibo eta kualitatiboagoak ere asmatu beharko ditugu beraz.

Ebaluatzea kalifikatzea baino askoz zabalagoa eta sakonagoa izan behar dela ez da zalantzan jartzen. Zentzu horretan zenbait herrialdetan aurrerapauso handiak eman dira eta ebaluazioa eta kalifikazioa bereizteko ereduak ugaritzen ari dira, zenbait kasutan kalifikazioak kentzeraino. Euskal Herrian ere badira bide horretan urratsak ematen ari diren esperientziak. Hala ere, argi dago bidean gainditu beharreko oztopoak egon badaudela, ebaluazioarekiko eta kalifikazioarekiko ditugun ikuspegi eta pentsaerak askatzetik hasi beharko dugu beste egiteko modu batzuk esperimentatu eta ebaluazio hezitzailerantz urratsak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.