Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izendatu berritan, artean ETAk Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahituta zeukanean, EAJ eta PPren arteko harremanak ohi baino gozoagoak izan ziren garai labur hartan, Xabier Arzalluz eta Joseba Egibar Moncloako jauregira gonbidatu zituen presidente berriak. Ortega Lara askatzeko negoziazio bide posible baten aipamena egin zioten Aznarri jeltzaleek. Ortega Lara bide bazter batean noiznahi hilik ager zitekeela onartua zutela erantzun zien gobernuburuak, negoziazio aukerei uko egiten ziela adierazteko. Halako batean, Aznarrek Egibarri galdetu zion ea, bere iritziz, zer zen ETA. Erantzunean, besteak beste, erakunde politiko bat zela ere esan zion Egibarrek. «Erakunde politikoa diozu?», Aznarrek. Alternatiba Demokratikoa aipatu zion Egibarrek, izaera politiko hori arrazoitzeko argudioen artean. «Bai, oposizioko liderra pinuzko kutxa batean nahi duen alternatiba demokratikoa», aurpegiratu omen zion Aznarrek. Egibarrek kontatua.
Izan ere, ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuen agiri berean hartu zuen bere gain Aznar hiltzeko ahalegina. Ordurako Gregorio Ordoñez hil zuenez, PPko buruzagiak jomugan zituela berrestera zetorren atentatua. Handik gutxira etorri zen Fernando Mujikaren aurkakoa ere, PSOEko kideen aurkako lehena. Alegia: Alternatiba Demokratikoaren esanahi osoa ulertzeko aintzat hartu beharra dago ETAren orduko estrategia zein zen, alternatiba taktiko berrian proposatzen zuen negoziazioa eragiteko non eta nola jotzen ari zen.
1980koetan ETAren gaitasun militarrean konfiantza handia zuen ezker abertzaleak. Joaren joaz estatua negoziatzera makurtuko zutela ziurtzat zuten. Denbora kontua zen. Etorriko zen. Zerbait etorri zen: estatua eseri egin zen Aljerko Mahaian, baina funts politikoko ezer negoziatzeko borondaterik gabe. Frantziaren jokabide aldaketak eta Iparraldeko babeslekuaren galerak, baina, joko zelaia guztiz aldatu zuen. 1992ko mugarriak, Bidarteko atxiloketekin, bumeran efektua izan zuen. Kolpetik,E egunaren ametsa zapuztu egin zen. Arnaldo Otegik boxeolariaren irudia erabili du (Bihar Euskal Herria, 2005): «Boxeo-borrokaldi bat bezala hartzen zen gatazka, eta egunean batean borrokaldia ETAk irabaziko zuela gauza segurua jotzen zen. Eta 92an ikusi genuen salbatu behar gintuen boxeolaria KO ez bazegoen, gutxienez olanan zegoela».
Estrategia politiko-militarraren eraginkortasunari buruz eztabaida areagotu egin zen ETAn eta ezker abertzalean. Ekarpen batzuk Egin egunkariko Iritzi sailean irakurri ahal izan ziren. Alfonso Etxegaraik, Sao Tomeko deportaziotik, borroka armatua negoziazioaren ondorioz izan beharrean alde bakarreko erabakiz uzteko posibilitateaz egindako hausnarketa aitzindaria, adibidez («Reflexiones», Egin, 1994-2-22). Beste ekarpen batzuk ez ziren publiko orokorrari begira idatzi. Eugenio Etxebestek Santo Domingotik ETAren zuzendaritzari bidalitako txostena laster egin zen publiko, hala ere. Polizi operazioren batean atzemana Juan Maria Atutxaren eskuetara iritsi zen, eta hark euskal preso guztiei kopia bana bidali zien. Etxebestek ez zuen borroka armatua bukatzea proposatzen, baina aukera hori aintzat hartzea, bai. Bere ustez, ordura arteko estrategia bideraezina zen inguruabar berrian. Borroka militarra galtzearekin batera borroka politikoa galtzea eragotzi behar dugu, zioen. Arretarekin irakurri zuten txostena kartzela guztietan.
Ingurua ederki aldatu zitzaien, gainera, ETAri eta mundu guztiari. Berlingo harresia erori zenez geroztik, demokrazia ordezkatzailearen printzipioak inor gutxik jarriko zituen auzitan. Gero eta zailagoa izango zen askapen sozial eta nazionala abangoardia baten ekimen armatuaren bidez lortu nahia justifikatzea. Espainia demokrazia homologatua bihurtu zen. Europako Batasunak bere altzoan hartu zuen, eta Pirinio alde horretan konpondu gabe zeukan gatazka ez zen eragozpen izan. Euskal Herria ere ez zen lehengoa. Lazo urdinarena aldaketa sakon baten seinale zen. Hirugarren espazioa esan izan zitzaiona ere lehen urratsak egiten hasia zen Elkarri-ren lehen ekimenekin.
Ataka hartan, Etxebesteren eta beste hainbaten gogoetek baino indar handiagoa izan zuen azeleragailua zapaldu behar zela proposatu zutenen iritziak: haizea kontra badugu, denbora kontra badugu, azkartu dezagun prozesua, gatazka gogortuz, enfrentamendu giroa gizarte osora zabalduz eta negoziazioa gauzatzeko ahalmena duten alderdietako politikariak jomugan jarriz. Borroka armatuaren praktikarako testuingurua gero eta zailagoan etorri zen, beraz, Alternatiba Demokratikoa, eta, aldi berean, ETAk konfrontazio armatu hori azkartzea erabaki zuen garaian.
Alternatiba taktikoa berrituz, ETA eta ezker abertzalea gerra hotzaren osteko diskurtso berrietara egokitu ziren, neurri batean logika demokratikoa bere eginez,estatuak ETArekiko negoziazioan autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna onartu ondotik esparru berriari buruzko negoziazioa euskal eragileen artean egitea proposatu baitzuten, eta azken hitza herriak —ez ETAk— izango zuela agindu. Kontraesan ageriko bide berri batean abiatu zen ETA, horrela. Herriari azken hitza emanez printzipio demokratiko nagusia bere egin, baina hori ahalbidetzeko abangoardia armatuaren eskemarekin jarraitu. Euskal Herriaren etorkizun politikoa euskal eragile politikoen artean erabaki eta euskal herritarrek berretsi behar zutela aldarrikatu, baina estatuari presio egiteko euskal eragile horietako batzuei eta herriaren zati baten ordezkari politikoei eraso egin.
Emilio Lopez Adan Beltza-k aspaldi idatzia da, ETAren estrategia armatuaren historiaz liburuan jasota dagoenez: zure jardunaren legitimazioa helburu iraultzaileen zuzentasunean oinarritu beharrean botoetan eta herritarren borondatean oinarritzen baduzu, abangoardia armatua justifikatzen duen diskurtsoa oinarririk gabe gelditzen zaizu. Azkenean, hori ere gertatu zaio ETAri. Alternatiba Demokratikoan aldarrikatu zituen printzipio demokratikoak benetan sinetsiz gero, bere buruari ere nekez justifikatu ahal zion, hortik aurrera, bere jarduna. Eta horrek zerikusi handia du hamasei urte geroago gertatu denarekin.
Ezker abertzalearen bilakaera. Alternatiba Demokratikoa. IRITZIA
Azeleragailua zapalduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu