Hezkuntza sistema hankaz gora jartzeko beste proposamen bat Madrildik, eta zazpigarrena bada azken 30 urteetan. Inposatzera eta zentralizatzera jo du PPren gobernuak: curriculuma oraindik eta gehiago aginduko du Hego Euskal Herrian —edukien %65 Espainiako Gobernuak aginduko ditu—, eta ikasleek zer ikasten duten zorrotz kontrolatuko du, irakats-aldi guztietan «azterketa nazionalak» eginda. Erreformaren helburu politikoa bistan dago —«ezin dugu onartu Espainian hamazazpi hezkuntza sistema egotea», esan du ministroak—, eta Hegoaldeko hezkuntzari ekarriko dion kaltea ere bai. Espainiaren datu kaskarrak aspaldian ditu atzean utziak. Erreforma zentralizatzailearekin, ordea, hori ahalbidetu duten ereduek eta moldeek indarra galduko dute.
Arazo bat dauka Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak: sistema «bikaina» izatea nahi du, «erdipurdikokeriarik» gabekoa, baina datuak erdipurdikoak baino kaskarragoak dira Espainian. Ikasleen %30ek ez dute eskola graduaturik ere lortzen, eta titulu hori eskuratzen dutenen %26k utzi egiten dituzte ikasketak berehala. Eraikuntza eta turismoa oinarri dituen ekonomian, eskola uztera bultzatu dituzte gazteak. Zertarako ikasi? Berehala lanean hasteko eta dirua irabazteko modua zegoen, areago eraikuntzaren sektorea bor-borka egon den garaian. Dena amaitu den arte.
Hego Euskal Herrian bestelakoa da egoera, eta hori onartu beharra du ministroak. Esango du ez dela onargarria «hamazazpi sistema» izatea; baina kontua da Hego Euskal Herriko bi «sistemak» Espainiako datuen oso gainetik daudela adierazle guzti-guztietan. Eskola porrota %14 ingurukoa da Hegoaldean, eta eskola uztea, %13 bueltakoa. Egia da, nolanahi ere, zer hobetua badagoela: %10etik behera egon behar dute adierazle horiek 2020 aurretik.
Europako Batzordeak asteon kaleratutako ikerketa bat hartu du ahotan ministroak, argudiatzeko Bruselak ez dituela begi onez ikusi erkidegoen arteko ezberdintasunak. Kontuak argi: Europako Batzordeak azterketa bat egin du lurraldeka, eta azaleratu du Hego Euskal Herria egoera nabarmen hobean dagoela Espainia baino. Ranking bat egin du: 265eko zerrendatik, 36. postuan dago EAE Euskal Autonomia Erkidegoa, eta Nafarroa, 92. lekuan. Espainiako batez besteko postua: 265etik, 228.a. Hainbeste aipatzen den PISA azterketa ere, berdin. Batez bestekoaren parean dabil Hegoaldea, eta goitik ere bai; Espainia, oso azpitik, emaitza guzti-guztietan. Matematikak hartu ditu adibide gisa Wertek. OCDEko batez bestekoa 496 puntukoa da; EAEkoa, 510; eta Nafarroakoa, 511. Espainiakoa: 483. Atzean dago Espainia, eta atzean utzita du Euskal Herriak.
Azterketa gehiagorekin irauli nahi du hori Wertek. Adostasuna badago: ebaluatzea ezinbestekoa da. Kontua da nola eta zertarako ebaluatu. Atzera egin dute Lehen Hezkuntzan; 12 urteko gaztetxoei ez diete urte osoa egun batean jokaraziko. Laguntzarik behar ote duten aztertzeko erabiliko dute proba. DBHn eta Batxilergoan, ordea, aztertzeko ez, baztertzeko erabiliko dute. Hori ere bai baita Werten asmoa: Lanbide Heziketa sustatzea, baina unibertsitateko bidetik botatakoekin. Onak unibertsitatera, eta txarrak, Lanbide Heziketara —eta lanera azkar—. Gaindituta zegoen hori.
Euskal Herrian, PPrena beste babesik ez du erreformak. Orain hamar urte PPk gisa bereko lege bat onartu zuenean ernetzen hasitako mugimenduaren bigarren loraldia sorrarazi dezake Wertek.
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren erreforma. Analisia
Atzean utzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu