Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Aterkirik gabe

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Euskaraz funtzionatzen duten udalentzat mugarria izan zen 2016ko EAEko udal legea: aukera eman zien elebitasun simetrikoa gainditzeko. Udalerri euskaldunetako udalek urteak zeramatzaten jarduna euskaraz egiten, eta legeak bermatu egin zien hautu hori —ez haiei soilik, gaztelania hutsez aritzea ere babestu baitzuen legeak—. Hizkuntzen ofizialtasunari beste ikuskera batekin begiratzeko modua ekarri zuen legeak, euskara gaztelaniaren makulupetik ateratzekoa. Bide hori trabatu du auzitegiak.

Gogoan izatekoa da zein testuingurutan onartu zen udal legea. Espainiako Gobernua PPren eskuetan zegoen, eta Carlos Urkijo zen gobernuaren EAEko ordezkaria. Mira berezia zuen udalen euskarazko funtzionamenduarekin: dozenaka udal eraman zituen auzitara aktak euskaraz egiteagatik, dirulaguntzetan hizkuntza-klausulak jartzeagatik, UEMAn sartzeagatik... Udal legearen artikuluetan nabarmena da ezpata horietatik babesteko asmoa, udal euskaldunen jarduna babestu nahia, betiere oreka baten barruan: euskaraz ez dakiten herritarren eta hautetsien hizkuntza-eskubideak bermatzea.

Aterki horrekin egin dituzte urteak udal euskaldun ugarik: barruko idatzizko jarduna erabat egiten dute euskaraz. Gako inportantea da hori: eztabaidagai den artikulua udaleko barne-dokumentazioari buruzkoa da (aktak, txostenak...), ez herritarrekiko harremanei buruzkoa. Alegia, pertsona zehatzak dira dokumentu horien hartzaileak, eta, beraz, udalak aukera du bere hizkuntza-hautua erabakitzeko.

Noski, legeak emandako aukera horrek muga argia du: hautetsi erdaldunak. Hori dio bertan behera utzi duten artikuluak: udalak aukera duela barnean euskaraz egiteko, baldin eta ez badago euskaraz ez dakiela alegatzen duen hautetsirik —kontrara ez da gertatzen: udalak egin dezake erdara hutsez, eta ezin da alegatu gaztelaniaz ez jakitea, lege-betekizuna baita hizkuntza hori jakitea; horra aldea, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak «oreka linguistikoa» hartu duen ahotan orain—. Urteotan ez da sortu, salbuespenak salbuespen, inolako arazorik gai horrekin: udalek beren hautetsien errealitatera egokitu dute euskarazko barne-jarduna, era bateko edo besteko formulak adostuz. Azken asteotan ere hala izan da udal askotan, hautetsi berriak iristearekin egokitzapenak egin behar izan dituzte eta.

Alegia, eskubide-urraketarik sortu ez duen artikulu bat utzi dute bertan behera, eskuin muturraren salaketa bat abiapuntu hartuta. Etorkizun hurbilean etor daitekeenari buruzko aurrekari kezkagarria.

Konstituzionalak ez du oraindik sententzia osoa argitaratu, eta aztertu egin beharko da erabakiak zer-nolako ondorioak dituen praktikan. Epaiaren berri emateko oharrak ez du traza onik. Adibidez, honek: «Toki-erakundeek, botere publiko gisa, ezin dute bi hizkuntza ofizialekiko lehentasunik izan». Hots, euskara lehenesteko neurriak kolokan. Horrek udal legearen 6.2 artikulutik haragoko eragina izango luke: hamarkadetan eraikitako hizkuntza-politika desegituratzeko bidean jarriko luke.

Aterki juridiko sendorik gabe geratzen ari da administrazioan euskara normalizatzeko prozesua. Funtsezko hiru eremu jo dituzte azken epaiek: hizkuntza-eskakizunak, kontratazioetako hizkuntza-klausulak eta udalen barne-funtzionamendua. Erantzun juridikoa lehenbailehen landu behar da: bai orain sortu den segurtasunik eza bideratzeko, bai aldaketa sozialei eta soziolinguistikoei erantzuteko.

Ez, euskara ez da legeekin soilik indarberrituko, baina legeak ere ezinbestekoak dira. Euskararen normalizazioaren aurkakoa jada ez baita zirimiria: benetako erauntsia da. Aterkiak josteko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.