Pilar Kaltzada
IRITZIA

Aterki bat

2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Durangon ikusi nuen azkenekoz Xabier Mendiguren Bereziartu. Artean ez nekien azken aldia izango zenik, telefonoz hitz egin genuenean duela pare bat aste bisita egitekotan geratu ginelako, baina, jakina den bezala, orain berandu da.

BERRIAk deitu gintuen, Xabier, Joanmari (Larrarte) eta hirurok, Kontseiluaren sorreraz eta horrek eragin zuenaz hitz egiteko. Euria ari zuen, euri fin eta herabea, eta elkarrengana hurbiltzen hasi orduko, aterkia eskuratu zidan, goxo, ez bustitzeko. Azken irudi horrek Xabier Mendigurenen esentzia islatzen du, edo gutxienez, nirekiko bere izateko moduaren metafora argia iruditzen zait. Izan ere, beti hartu ninduen goxotasunez, beti lagundu eta babestu izan ninduen behar izan zen guztietan —eta ez ziren bakanak izan haren hitzetan lasaitasuna eta konfiantza eskuratu nituen aldiak—. Dudarik ez dut, gainera: asko gara gaur bihotza apur bat uzkurtuta dugunok, gaur bakarrago sentitzen garenak. Aterkirik gabe.

Iruñeko Larraona Ikastetxean elkartu zen Kontseiluaren zuzendaritza-taldea 1998. urteko uztailean, eta bertan erabaki zuen gerora Bai euskarari ekimena izango zena abian jartzea. Lehendik ezagutzen banuen ere, une horretan hasi zen gure bidaia partekatua, gure arteko harremana. Une horretatik aurrera eta ondorengo hilabete zirraragarrietan, bidaide izan ginen. Propio idatzi dut bidaide, kontaezinak baitira kopilotuaren eserlekuan Xabier eserita zihoala elkarrekin egin genituen kilometroak. Kanpainan eta haren ingurumarian, bereziki, baita ondoren ere.

Xabierrek ez zuen gidatzen, eta beharrik ere ez zuela esaten zigun bila joaten gintzaizkion lagunoi. Egiako bere etxetik Andoaineko Kontseiluaren egoitzara, bilera batetik beste bilera batera, goizeko ordu txikietan edo gauean, Donostiatik Gasteizera, edo Tutera edo Baionara... Ahaztezinak zaizkit Euskal Herria alderik alde zeharkatu genuen bitartean harengandik jasotakoak; filosofiaz, hizkuntzalaritzaz, geografiaz, politikaz eta bizitzaz hitz egiten genuen, bizitza ulertzeko bere modu partikularraz bereziki. Kultura handiko gizona, hizketaldi atsegin eta sakona, zirikatzailea, umore fin —eta askotan ulergaitza—. Bidaiek zentzu klasikoa zuten Xabier aldean zenean: bidaia bera gozarazten zizun. Xabierren esentzia islatzen du horrek ere: asko eta munta handikoak diren bere lorpenak goraipatzen ditugun arren, azaltzen eta partekatzen zailagoak diren beste ikaspen, bizipen eta sentipen horiek dira barru-barruraino iltzatuta geratu zaizkidanak.

Ugariak dira Xabier Mendigurenek euskal jendarteari eta bereziki euskalgintzari egin dizkion ekarpenak. Kontseiluaren ardura hartu zuen «dispositibo» hark zer emango zuen ez genekien garaian, eta arriskatu egin zuen, batasuna eta elkarlanak arriskuak hartzea dakarrelako ezinbestean, are gehiago garai hartan. Adostasuna bide malkartsua izan da beti, eta maiz tentazioa izaten dugu bidezidor erosoagoren bat hartzeko, nekearen nekeaz edo. Xabier adostasunaren alde borrokatu zen, hitzaren adierarik ederrenean, euskalgintzaren eraikuntzan zimenduak sendo kokatzearen alde, iritzi-aniztasunari leku bat egitearen alde. Egonarri handiko gizona zela idatzi du Joanmarik bere agurrean, eta halaxe zen, izan ere. Baita temosoa ere… zenbat aldiz ez ote gintuen zoratu horregatik!

Zer esan ahal zaio hitzak maisutasunez eta zuzentasunez josten trebeena zenari? Nola eskertu beti «eskerrik asko» esaten zizunari? Eskuzabaltasunez bizi izan denari zer eskain dakioke azken urratsa egin duenean? Ez dakit. Hitzik gabe utzi nau, beste behin ere. Ahal banu, aterki horren azpian sartuko nintzateke berriro, azken aldi batez, goxo, Xabier Mendigurenen ondoan, «segi bizkor» esanez agurtu baino lehen.

Mila esker, Xabier. Bidaia ederragoa izan da zuri esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.