Gizakiaren biziraupena historian zehar hiru eragileren orekan sustatu da; gizabanakoa, gizartea eta natura. Espezie moduan bizi irauteko hiruren arteko oreka eta lotura ezinbestekoa da.
Norbanakoak ezinbestean behar du gizartearen zaintza eta naturaren oparotasuna, baina, azkenaldi honetan, honetaz ahaztu antzean dabilela dirudi. Zibilizazio krisi handi baten aurrean gaudela ematen du. Mendebaldeko kumeok, behintzat, Baumanek deskribatzen duen bizitza likidoaz nahasita, gure muturretatik haratago ikusteko gaitasunik ere ez dugu.Oraingotasunak agintzen digu, eta, bizitzaren zentzua topatu ezinik, egunerokotasuna modu oparoan bizitzea dugu helburu: dagoenean, bonbon, eta, ez dagoenean, hor konpon! Jakin badakigu etorkizunean ezin izango dela gizabanakoa horrela bizi, baina, diharduenartean, bizi! Ez da gure lehen ardura gure gazteen,seme alaben etorkizuna, gaur egungo ongizatea baino.
COVID-19ak naturak duen boterea erakutsi digu, eta gizabanakoaren ezjakintasuna, ahuldadea eta miopia agerian utzi. Testuinguru honetan kokatzen dira hainbat tokitan ospatu diren festa eta orgia ilegalak, Bruselan, Cordoban, Madrilen...Baita Euskal Herriko hirietan ere, Derio barne. Azken honetan deialdia egin zutenetako bat, telebistan agertu zena, gizarteari desafioa bota ziona, ez zen ez, gaztea, bizar urdinduna baino; bere berba moduetan zein esaten zizkion lotsagabekerietan gizartearen gehiengoari egin zion aurre. Bruselako orgian, eurodiputatua zen parte hartzaileetako bat, eta hau ere ez zen espresuki gaztea. Askatasuna eta festa egiteko eskubidea aldarrikatu zuten han egondakoek; holako kasu gehienetan askatasuna da aldarrikapenik zabalduena. Festa horietan sexu, burla eta besteenganako errespetu faltak nabariak dira.
Baina, noren eta zeinen askatasuna? Eta zertarako? Euren egoera pertsonalari erantzuteko, euren une oroko ongizate egoerari erantzuteko. Baina badakite zer egiten duten, ez dira ez ezjakinak ez inozoak ere, apropos egindako ekintzak dira. Eskuin muturreko pentsamendua eta interesa gordetzen dute, eta hori salatu egin behar dugu. Gizabanakoaren interesa ezin daiteke gizartearen edo komunitatearen interesen aurretik jarri, bestela gizakiarenak egin du. Kume sozialak gara, maitasuna, zaintza behar dugu, eta hori barik ez gara ezer. Eta gizartea elkar kidetza da.
Egoeraren irtenbidea nondik etorriko ote den ikusi behar, baina zibilizazio berria eraiki beharrean gaudela uste dut, atzoko zibilizazio likidoari agur esan, eta pentsamendu eta giza kidetasun berri baten oinarri sendoak jartzen hasi behar dugu. Bizitza orekatua eta duina, non gizabanakoak bere lekua komunitatean duen, ondasun nahiko baina ez soberakinekin bizi dena, eta jakinda norberaren ongizatea guztion ongizatearen barruan dagoela, eta horretarako naturaren parte garela onartu behar dugula. Hor ditugu hor, etorkizuneko askatasun haizeak.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Askatasuna, zer da askatasuna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu