Imanol Murua Uria.
IRITZIA. Xabier Arzalluzen heriotza.

Arzalluzen arantza

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Arbola baten itzalpean eserita zegoen Xabier Arzalluz, bakarrik, mendiko botak oinetan. Aitak ezaguna zuen eta hurbildu egin ginen, agurtu eta hitz batzuk trukatzera. Niri ere, 11 urteko mutikoa orduan, esan zidan zerbait. 1977. urtea zen. Aralarren ginen, frankismo osteko lehen Alderdi Egunean. Oraindik akordatzen naiz aitak zer esan zidan: «Agurtu dugun hori, Xabier Arzalluz, oso gizon azkarra da. Oso azkarra».

Gerora, askotan akordatu nintzen aitak esandakoaz. Azkarra, behintzat, bazen. Zatiketarekin Garaikoetxea aldamenetik joan zitzaionetik, alderdiaren lider argi eta garbia izan zen bi hamarkadaz. Berak markatu zuen ildoa. Beste garai batzuk ziren eta beste Arzalluz bat: Arriagako espiritua, Ajuria Eneko Ituna, Ardanzaren agintaldiak, PPrekin ituna. Pactismo a tope, omen zen orduan Arzalluzen leloa.

Esperientziaren poderioz moderatzen joan eta pragmatikoago bihurtu beharrean, urte horietako eskarmentuaren ondorioz ildo itunzale hura utzi eta abertzaleen arteko ekintza batasunaren tesia besarkatzera iritsi zen. Lizarra-Garazi izan zen gailurra: «Ez dut nire bizitza politiko guztian hainbesteko betetasunik, hainbesteko pozik eduki», esan zuen handik urte batzuetara, politikatik erretiratu berritan, Pello Urzelai eta biok BERRIAtik galdezka joan gintzaizkionean, 2005eko maiatzean.

Alderdiaren norabideari buruzko kezka agertu zuen lerro artean, hitzez hitz kontrakoa esan arren, elkarrizketa hartan bertan: «Ibarretxe dagoen bitartean, nahikoa lasai geldituko naiz alderdiaren politikaren bidearekin». Ez zegoen batere lasai. Bere garai bateko bandera itunzalea berreskuratu zutenak zeuden ordurako Sabin Etxean, Ajuria Eneko jauregiari kontrapisua egiten.

Erreleboarena gaizki atera zitzaion. Lizarra-Garaziko abentura eta Ibarretxeren apustua ehuneko ehunean babestu izanak, batetik, eta erretiroa hartzeko bidean egoteak, bestetik, ahuldu egin zuen alderdi barruan zuen itzala, eta urtetan buruzagi ahalguztiduna izan zenaren nahiari aurre egitera ausartu ziren gazte pragmatikoak. Eta Egibarri eman zion sostengu erabatekoa ez zen aski izan. Geroztik, Ibarretxe joan zenetik, pactismo a tope hura itzuli da. Eta ezin esango dugu gaizki ateratzen ari zaienik, EAJk autogobernuko instituzioetan aspaldian duen nagusitasunari erreparatuz gero.

Baina Arzalluzek ez zuen, azken garaian egin dituen adierazpen urrietan, alderdia instituzio gehienetako agintean ikusteagatik harrotasun handirik erakutsi. Ez zen hori. Beste zerbait zuen buruan Aralarren arbolapean topatu genuenean. Arantza hori ere eraman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.