Irailaren 8etan, 08:20 aldera, Gernikako Arbola pasealekuan sartzen da Jaizkibel konpainia parekidea, Hondarribiko Kale Nagusia jaitsi eta Santa Maria atea gurutzatu ostean. Han, zain egoten dira Hondarribiko alardea osatzen duten 4.000 gizonak, emakumeen parte hartzea aldarrikatzen duen desfileari bizkarra ematen. Urtero etsipena sortzen du irudi horrek: ukazioa eta ezinikusia, keinu bakarrean. Eta urtero galdera bera eragiten du: alarde baztertzailean parte hartzen duten gizon guztiak bat al datoz jarrera horrekin? Den-denak al daude emakumeek soldadu gisa desfilatzearen aurka?
Jakina da ezetz. Jakina da alardean ateratzen diren gizon guztiak edo kantinera izandako emakume guztiak ez daudela emakumeen parte hartzearen kontra; jakina da (gizonezko) senideen eta lagunen alboan desfilatzeko aukeratzen dutela betiko alardea, eta hautu horrek ez dakarrela propio andreen aurka jardutea; eta jakina da, era berean, partaideak galtzen ari dela alardea, bertako buruen gotortzeak deseroso sentiarazten dituelako gero eta gizon gehiago. Baina jarrera horiek isilean mantendu dira urte askotan.
Hala ere, azken urteetan hasiak dira arrakala batzuk agertzen emakumeen parte hartzearen kontra eraiki duten gotorleku horretan. Agerikoak dira alarde egunean bertan: gero eta gizon gehiagok egiten diote txalo Jaizkibeli, beste konpainia bateko jantzia eraman arren; Guadalupeko mezan gero eta keinu gehiago egiten dizkiete andreei; eta Gernikako Arbolan bertan, gero eta gehiagok begiratzen diote begi bazterretik desfile parekideari, eta aldekotasuna agertzera ausartzen dira gutxi batzuk, errieta artean bada ere.
Gernikako Arbolan, leku sinboliko horretan elkartu zen herenegun gazte talde bat, emakumeen parte hartzea babestera. Beldurrari aurre egitera. Isiltasuna haustera. Arrakala handitzera. Izan ere, beldur handia zabaldu zen Irunen eta Hondarribian 1996tik aurrera, irainen, boikoten, erasoen eta bestelako jazarpen moldeen bidez, eta beldur hori izan du oinarri alarde baztertzaileen iraupenak: «herriak nahi duen alardea» egingo zela adierazi izan dute urteetan emakumeen parte hartzearen aurkakoek, jakinda beldurra zela isiltasun horma hori babesteko modurik eraginkorrena. Hitz egiteko beldurra izan da herriotan, andreen alde keinu txikiena egitekoa. Eta oraindik ere bada sentsazio itogarri hori, atzo manifestua argitara atera zuten gazteek aitortu dutenez. Baina gainditzea erabaki dute haiek, eta aurrerapauso bat ematea: oinordetzan jaso duten gatazka bidegabeaz nekatuta, konponbidea eskatu dute. Eta pisu handia dute gazteon hitzek: etorkizunean alardea elikatuko eta kudeatuko duen belaunaldia dira.
Aspaldi espero (eta desio) zen horrelako urrats bat: konponbideari bultzada bat emango zion klik hori. Alardeen gatazka nola bideratu gogoetatzen jardun dutenek argi ikusi dute konponbidea ez dela Jaizkibeletik edo Irungo alarde parekidetik etorriko, baizik eta gizonen desfiletik, emakumeen parte hartzea eragotzi duten taldeen barrutik. Urteetan desados baina isilik egondako horietatik. Orain arteko urrats apurrak aitek egin dituzte: desfile mistoen aldeko hautua egindako alaben (eta semeen) alboan egoteko. Orain gizon-emakume gazte batzuek eman dute pausoa, kolektiboki, ondo hausnartua, eta konponbide prozesuan «aktibo» izateko prest. Eta aurreikustekoa da dozenaka gehiago batuko zaizkiela, isiltasun hormaren arrakalak handitu ahala.
Hondarribiko alardeko gazte batzuek andreen parte hartzea babestu dute