Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Arnastuz soilik

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 izeneko birusaren transmisioari buruz badakigu listu-tantei esker transmititzen dela. Eztula, doministikuak edo hitz egitean tamaina ezberdineko aerosol-tantak kanporatzen dira. Pisu gehien dutenek bost mikra baino gehiagoko diametroa dute, eta eztulek edo doministikuek aerosol zuzen bat eratzen dute, paziente kutsatuarengandik bi metrora bitarteko distantziara ailegatzen delarik. Koronabirusa tanta hauei esker transmititzen da printzipalki. Tanta horiek gainazal ezberdinetara ailegatuz eta horiekin eskuak kutsatuz, pertsonaren ahoko, sudurreko edo begietako mukosak kutsatu daitezke.

Baina Science aldizkarian agertu den berri batean, zientzialari askok zalantzan jartzen dute hedapena bakarrik modu honetan gertatzen ote den. Bertan aipatzen dute Ameriketako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionaleko ikertzaile talde batek ideia kezkagarri bat bultzatu duela: arnastuz soilik ere SARS-CoV-2 birusa zabaldu daitekeela. Hau da, arnasa modu arruntean egitean, kanporatzen ditugun aerosolak bost mikra baino txikiagoak dira, eta horri esker ere hedatu omen daiteke koronabirusa. Horrela balitz, arnasa egiterakoan kanporatzen dugun laino ultrafin horretan birusa legoke eta horren kontra babestea zailago bihurtuko litzateke, ez baldin bada pertsona guztiek maskarak eramanda, sintomak dituztenak zein sintomarik gabekoak.

Zientzialari guztiak ez datoz bat auzi horrekin eta argi dagoena da patogeno batek utzitako genoma arrastoaren presentziak ez duela esan nahi hori kutsakorra denik. Baina New England Journal of Medicine aldizkarian argitaratutako artikulu batean, ikertzaile batzuek aerosol horiek aztertu zituzten, eta hiru orduren ondoren patogenoak animalia-zelulak kutsatu ahal zituela ikusi zuten, nahiz eta airean zegoen birusaren kantitatea denborarekin gutxitzen zihoan. Eta ikusi zuten ere birusa 21-23ºCtan eta %40ko hezetasunean jarrita modu eraginkorrean mantentzen zela: kobrean lau ordu, kartoian 24 ordu, altzairu herdoilgaitzean bi egun, eta plastikoan hiru egun. Hezetasuna %60ra handituz, birusa bi egunetan mantendu zitekeen arropan, eta lau egunetan diru-billeteetan.

Tenperatura eta hezetasun baldintza horiek nahiko ohikoak dira munduko hainbat lurraldeetan, baina material horiek manipulatzen dituzten pertsonak kutsatuta egon ezean, beste pertsona batzuk infektatzeko arriskua oso baxua da.

Benetan kezkatzekoa dena da arnastuz soilik transmititu daitekeela birusa. Izatez, Ameriketako Estatu Batuetako Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroaren (CDC) txosten batzuen arabera, pertsona guztiek maskarak publikoki eraman ditzaten gomendio egiteko prest daude, birusaren hedapena ahalik eta gehien murrizteko asmoz.

Gure lurralde hurbilean, oraingoz, ez da inolako gomendiorik egin, baina arretaz ibili nahi badugu, beharbada, hobe litzateke maskarak erabiltzea kalera irteten garen bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.