Aste honetan jakin dugu: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 14.721 ume jaio ziren 2020an. 2019an baino 697 gutxiago. Horren arabera, 1941az geroztiko minimo historikoetara jaitsi da jaiotza-tasa. Gero eta ume gutxiago, gero eta euskaldun gutxiago. Halaxe da. Dena den, ikusteko dago euskaldunen artean jaiotza-tasa altuagoa izateak zenbateraino balioko lukeen euskarak jasaten duen diskriminazioa gainditzeko. Ofizialtasun teorikoak ez du biziraupen praktikoa bermatzen. Inondik inora ere ez.
Seguruena, euskara gure kaleetan entzuten segitzea ekarriko luke euskaldun gehiago izateak. Euskaldun gehiagok beren burua baztertuta sentitzea ere bai. Umeak ekartze hutsak ez du bermatuko diglosia gainditzea. Gure erakundeek hezkuntzan eta gizarteko beste esparru batzuetan neurriak jartzen ez badituzte, marko legala aldatzen ez bada, ez dugu aurrera egingo benetako berdintasunerantz.
Irungo udaltzainen kasua ikusi dugu: guztiei ez zaie euskara eskatu behar. Poliziak binaka omen doaz kalean, eta horietako bat euskalduna da. Ederto! Egun batean, udaltzain euskaldunari bezperako afariak sabela aldrebesten badio derrepentean, zer egin beharko dugu? Polizia elebidunari esan hurrengoan bere burua hobeto zaintzeko, beherakoak hizkuntza eskubideak urratu dizkigulako? Fortasec gomendatu? Egunerokoan antzeko jokaerekin egiten dugu topo: euskaraz egin nahi baduzu, hor dute euskaldun bat, apaingarri. «Esan Miren Eskarneri bere tribuko kide bat dagoela hemen». Eta Miren Eskarne kanpora joan bada mutilarekin lasaiago hitz egiteko telefonoz, ez haserretzeko esateko, maite duela, bezperan Mikelekin koltxoia probatu ondoren poliamorosoa dela konturatu delako?
Euskararen biziraupena ez dago soilik euskaldunon menpe. Gu ez gara erantzule bakarrak. Ez utzi dena gure bizkar, badakigu-eta hemen funtsean zer dagoen: borondatezko ezagutza eta derrigorrezko zapalkuntza: nahi duenak ikas dezala eta nahi ez duenak zapal gaitzala. Zertarako balio du haurrak mundura ekartzeak, gero beste ume batzuekin erdaraz egin behar badute horien gurasoek seme-alabek euskara ikastea nahi izan ez dutelako?
Hori argi uzten du lagun batek txikitan izandako bizipenak. Berea zen eraikineko familia euskaldun bakarra. Besteak kanpotarrak ziren. Neskak bi kuadrilla zituen: ikastolako ume euskaldunena eta auzoko haurrena, soilik erdaraz zekitenena. Txikitako lagun horietako zenbatek ikasi duten euskara galdetu nion. Oso gutxik. Neska hori 26 urterekin hasi zen, kontzientzia hartuta, igogailuan «kaixo» esaten. Herri euskaldun batean bizi zen, baina okerreko eraikinean, antza.
Arnasguneak behar ditu euskarak, arnasa garela sentitzeko. Lehen hitzak bigarrena ekartzen du. Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egitea da kontua, bai. Baina zer izaten da erdian bere borondatez eta erabakiz euskara ikasi nahi izan ez duenik bada? Gure ahalegina hutsaren hurrena izaten da orduan. Berdin dio familia euskaldun batean dozena erdi ume jaiotzeak. Hizkuntzari dagokionez, bigarren mailako herritarrak izaten segituko dute haurrek, urte berean jaio diren ume guztiek espainiera edo frantsesa ez ezik euskara ere ikasten ez badute. Esparru legalak euskara babesten ez badu. Eta marko horren gainean metropoliaren irizpideak nagusitzen badira, akabo. Euskara ikasteko ahalegina nolabait saritu egin beharko litzateke? Tira, hori nahikoa balitz... Baina kontuz: euskaldunari «mesedez, erdara ikasi» esan zaio? Euskaldunari saria eman diote erdara ikasteagatik? «Hizkuntza, kultura unibertsal baten oparia eman zaio. Pozik egon beharko luke», pentsatzen dute batek baino gehiagok. Horixe.
«Isiltzen duzun euskara / hiltzen duzun euskara da». Bitoriano Gandiagaren hitzek bete-betean asmatu zuten. Hala ere, sarritan beste aldearen erantzukizuna ahazten dugu: «Isilarazten duzuen euskara / hiltzen duzuen euskara da». Inoiz ulertuko dute? Arnasa gara, bai, baina horrek ezer gutxi balio du haiek itolarria badira. Eta itolarria dira.
DARWIN ETA GU
Arnasa eta itolarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu