Iraganak eragin handia du orainaren gainean, zalantzarik ez. Gaur, horren bi adibide geologiko. Bat paleontologikoa, bestea tektonikoa; baina biek eragina dute gizakiarengan. Izan ere, paleontologoek Txinan aurkitu berri dute gure arbasorik zaharrenaren fosila. Gurea eta ornodun guztiona, zein beste talde askorena. Oso izaki txikia zen, apenas milimetro bat; zaku baten itxura zuen, aho handia, horren inguruan kono txikiak ilaran, eta uzkirik ez. Aldebiko simetria erakusten du, azal malgua eta muskuluak. Ur epel eta sakonera gutxiko itsas hondoko hondar aleen artean bizi zen libre, inora itsatsi gabe. Itxuraz kontrakzio erritmikoen bidez mugi zitekeen janari bila, eta ahoak balio zion mugitzeko —egungo txipiroiei bezala—, ernalketarako, jateko eta gorotzak atzera kanporatzeko. Duela 540 milioi urte bizi zen Saccorhytus izeneko lehenengo deuterostomo hau, ezagutzen dugun zaharrena. Beste zenbait paleontologorekin batera ikertu du fosil hau Simon Conway Morris paleontologo famatuak. Haren ustez, aurkitu duten hau deuterostomo guztien jatorrizko arbasoa izan daiteke, eta, ondorioz, gure arbasorik zaharrena. Orain arte ezagutzen ziren beste deuterosmoak 20 milioi urte gazteago dira gutxienez eta dagoeneko bananduta daude hainbat taldetan, esaterako, ekinodemo eta hemikordadoetan. Hortaz, oso garrantzi handikoa zen aurkitzea banaketa aurretik nolakoa zen guztion arbasoa eta, itxuraz, Saccorhytus izan daiteke bilatzen zuten izakia. Horren azterketak oraindik argi gehiago emango du animalien eboluzioan eta argia eman dezake gure espeziearen ezaugarri fisiologiko batzuk hobeto ulertzeko.
Ikerketa paleontologikoak bitxi hau ekarri digun eran, ikerketa tektonikoak beste aurkikuntza garrantzitsu bat ere oparitu digu. Azken hau Italia inguruko Mediterraneoan egindako lanen ondorioa da. Itsaso hori tektonikoki oso aktiboa da, bertan Eurasia eta Afrikako plaken arteko talka gertatzen baita. Ondorioz, historikoki itsaso horren inguruko lurraldeetan erupzio indartsuak, lurrikara gogorrak eta tsunami bortitzak pairatu izan dira. Argitaratutako azken azterketak Sizilian eta Calabria hegoaldean egin dira, berez, tektonikoki oso mugituak diren eskualdeetan. Inguruko biztanleek betidanik jasan dituzte tektonismo horren ondorioak. Esaterako, Siziliako Mesina inguruan 1908ko abenduaren 28an ezagutzen den lurrikararik handienetako bat gertatu zen. Kalkuluen arabera, Richterren eskalan 10 gradu ingurura iritsi zen. Lurrikarak eta ondorengo tsunami indartsuak hiria txikitu eta gutxienez 72.000 lagun hil zituzten. Kalteak izugarri handiak izan ziren Italiaren hegoalde osoan eta Europa osora zabaldu zen horren eragina. Ikertzaileontzako ezaguna zen eskualde horren arrisku tektonikoa, baina orain argitaratutako lanak sakontzen du arrisku horren zergatietan. Azterketetanitsas ondoko sedimentuak eta failak aztertu, bertako dinamikak hobeto ulertzeko asmoz. Ongi dokumentatu dute plaken mugimendua eta subdukzioa ere, eta ikusi dute estresa nola ari den pilatzen. Ez dute nahikoa aztertu ondorioztatzeko noiz eta nolako indarra izango duen hurrengo gertaera tektonikoak, baina asko aurreratu dute bertako geologiaren ezagutzan. Ikerketak aurrera segituko du, lagungarri izango baita hurrengo lurrikara eta tsunamiei aurre egin ahal izateko.
Iragana aztertzeak duen garrantziaren bi adibide dira honako bi hauek, biek gure orain eta etorkizunean eragina izango baitute.
ARGI ALDIAN
Arbasoak eta lurrikarak ezagutzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu