Jone Goirigolzarri Garaizar.
Euskaraldia. IRITZIA

Aniztasunetik ahaldunduz eta eraldatuz

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Euskaraldia ez da orain arte antolatzen eta parte hartzen ohituta egon garen euskararen aldeko beste ekimen bat. Euskaraldia ariketa soziala da, 11 egunez eta Euskal Herri osoan euskara jakin edo ulertzen dugunok elkarrekin euskaraz aritzeko gonbita eta erronka jartzen diguna. Euskaraldiak paradigma aldaketa bat dakar, euskararen alde egotetik euskararen alde egitea eskatzen baitigu. Hizkuntza ohiturak astindu eta eguneroko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko desafioa dugu Euskaraldia.

Azken hilabete eta asteotan Euskaraldiaren inguruan sumatu dugun giroak arrakasta usaina zekarren. Eta parte hartze datuek ere arrakastaren lehen zantzuak ekarri dituzte: 196.000 pertsonak eman dugu izena. Halaber, datuok, pozaz gainera, zenbait kezka ere sortzen hasi dira. Izena eman dutenen artean ahobizi dira 145.000 pertsona, eta belarriprest 51.000. Antolatzaileek pareko datuak aurreikusten zituzten bi rolentzat, eta desoreka horrek zalantza eta galdera ugari sortu ditu. Rolak ondo ulertu ote dira? Jendeak eutsiko ote dio aukeratutako rolaren jokamoldeari? Lortuko ote dugu zenbait aurreiritzi eta inertzia gainditu eta hizkuntza ohiturak eraldatzen hastea? Zilegi dira galdera horiek.

Euskaraldian parte hartzeko hautua jende askok eta askotarikoak egin du: Iparraldekoek eta Hegoaldekoek; gazteek, helduek eta adinekoek; emakume eta gizonek; herri euskaldunetakoek zein erdara nagusi den herrietakoek; etxean zein etxetik euskaldundutakoek; euskara aspaldi ikasi zutenek, ikasten dihardutenek eta erdi ahaztua dutenek; norberaren euskararekin ziur sentitzen direnek eta ez direnek; egunerokoan darabiltenek zein beren bizitzan hitz egiteko aukerarik izan ez edo hala sumatzen dutenek. Partaideen motibazio, itxaropen eta nahiak ere ezberdinak dira: batzuek aldaketa sakonak nahi dituzte, eta beste batzuek, aldaketa txikiak; euskaraz bizi nahi dute batzuek, eta beste batzuek, euskaraz ere bai. Bizitzako une ezberdinean heldu zaie parte hartzaileei Euskaraldia.

Aniztasuna balio gisa planteatu da hasieratik, eta aniztasun handia ikusi dugu parte-hartzailean artean. Orain, hirugarren pauso bat eman, eta eskuzabal jokatzea dagokigu. Garrantzitsuena ez da jendeak rolak egoki ulertu dituen, baizik rolok nola interpretatu dituen, bataren ala bestearen aldeko hautua zergatik egin duen, eta zelan interpelatu dituen rol horrek eguneroko praktika linguistikoan. Musikariek sarri esaten dute abestiak helburu eta esanahi batekin konposatzen dituztela, baina kantuek gero beren bidea egiten dutela. Euskaraldiarekin ere gauza berbera gertatuko delakoan nago; are gehiago, gertatu behar delakoan nago.

Euskaraldiak azken urteetan hausnarketa soziolinguistikoetan egositako hainbat ideia hezurmamitu ditu: hizkuntza berdintasuna, euskararen ulermena aktibo linguistiko bilakatzea, ahalduntzea, lehenengo hitza beti euskaraz egitea, euskarari eustea, elkarrizketa elebidunen erabilera... Ideia horiek zenbait sektoretan normalizatuta dauden arren, teorian behinik behin, berriak eta apurtzaileak izan daitezke beste batzuentzat. Izan ere, orain arte orokortuak egon diren hainbat aurreiritzirekin talka egiten dute.

Azken hilabeteotan Deustuko Unibertsitateko eta Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako hainbat ikasle hiztun berrirekin eta etxeko euskaldunekin mudantza prozesuen eta hizkuntza aktibazioaren inguruko ikerketa parte hartzaile bat bideratu dugu. Ikerketaren helburuetako bat izan da unibertsitateko testuinguruan hizkuntza aktibazio eta mudantzan eragiten duten faktoreak identifikatzea. Horretarako, besteak beste, ikasleek eurek aukeratu eta diseinatutako esperimentuak egin dituzte, hizkuntza-mudantza egoerak simulatuz. Deigarria egin zaigu esperimentuetan gazteek izan duten zailtasuna, hamaika aurreiritzi eta beldur tartean —ingurukoek zer pentsatuko, aurrean dutena deseroso sentiaraztea ekidin nahia...—, eta esperimentuak diseinatzean planteatu dituzten erronken neurri txikia —esaterako, euskal hiztunak diren klasekideekin lehen hitzak euskaraz partekatzea, nahiz eta gaztelaniaz jarraitu gero—. Aldi berean, harritu gaitu erronka txikien lorpenak sortu dien pozak. Egia da gazteek erronka linguistiko horiek Euskaraldiaren babesik gabe egin dituztela; baina egia da, era berean, Euskaraldian parte hartzen ari diren askok ere ez dutela inguruan ahobizi eta belarriprest franko, eta ikasleek bizi izandako bertigo sentsazioaren parekoa izango dutela.

Sinistuta nago Euskaraldiak gure hizkuntzaren biziberritze prozesuan aurrerapauso kualitatibo eta kuantitatiboak emateko osagai egokiak ematen dizkigula: hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko, hausnarketa soziolinguistikoa abiatzeko, hizkuntza bizikidetzaren gaineko paradigma parekideago bat gizarteratzen hasteko, komunitate linguistikoa hazi, ikusarazi eta indarberritzeko... Halaber, badut kezka hipermilitantziatik egindako irakurketak ez duen larregizko indarra hartuko. Esaterako, ekimenaren diseinuan, ahobizi izateko, euskara ulertzen duten guztiekin eskatu dugu euskaraz mintzatzeko konpromisoa, eta hala ez izatekotan belarriprest rola hautatzeko deia egin da. Egia da ahobiziak eta belarriprestak, biak, jo ditugula funtsezkotzat, baina ez ote diogu belarriprestariahobiziaren akuilu lana indartsuegi atxiki eta bere balizko rol aktiboa, ahobiziaren rola, bigarren planoan utzi? Ariketaren ebaluazioan ere larregizko kuantifikaziora jotzeko arriskua izan dezakegu, arreta hizkuntza ohituren aldaketaren neurrian jarriz.

Euskaraldiaren indar eraldatzailea euskararen alde egotetik euskararen alde egitera igarotzean dago, baina esango nuke igarotze horretan garrantzitsuena partaideek ekimenari aurkitu dizkioten esanahietan eta izan dituzten bizipenetan dagoela. Ariketaren gakoa euskaraz (ere) bizi nahi duen komunitatean eragin duen eraldaketa nahi eta ilusioan dago. Ulertu, mantendu eta elikatu ditzagun nahi eta ilusio horiek.

Entzutea, esaten hasteko lehen pauso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.