Pastor
DARWIN ETA GU

Ama eta puta

2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Jean Eustache zuzendari frantsesaren film ezaguna berriz pantailaratu dute Parisen, aste honetan. Kritikak La Maman et la Putain (1973) maisulana laudatu du, ostera ere. Filmean 68ko maiatzaren erreferentziak zeuden artean. Protagonistak duen bizitzaren hustasuna nihilismoaren mugetan dago. Bi emakumerekin aldi berean duen harremanak haren grina guztiak asebetetzen ditu. Batak itxurazko segurtasuna ematen dio; besteak, plazera.

Filmaren tramak eskandalua eragin zuen. Tituluak ere bai: Ama eta puta. Izan ere, bi hitz horiek batera ipintzeak gure mundua iraul dezake, guztiz. Euskaraz, gainera, frantsesez baino askoz ere anbiguoagoa da izenburua, bi pertsonak —ama eta puta— bakarra izan baitaitezke: emakume bat, ama eta puta dena. Eta hori ezinezkotzat jotzen dugu. Gipuzkoako herri oso euskaldun bateko herritarrek —gizonezkoek zein emakumezkoek, kontuz!— hau esaten zuten aspaldi, txantxetan edo: «Zerean (herriaren izena) neskak, mojak edo putak». Ez zegoen erdibiderik, antza. Ama eta puta hitzekin antzera gertatzen da.

Amatasuna eta prostituzioa gaiak hamaika hausnarketaren iturri ditugu. Deigarri gertatzen zait puteroak kritikatzen dituzten zenbait lagunek alokatutako sabelak defendatzea. Demagun inori ez diozula sortzen zurekin kontaktu fisiko intimoena izateko desiorik txikiena. Zer egin behar duzu? Ezer ere ez. Izorra zaitez, zorte txarra izan duzu. Logikoa eta ulergarria da erantzuna. Alta, hori bera esango genioke aita edo ama izan nahi baina ezin duenari? «Izorra zaitez, zorte txarra izan duzu».

Bat baino gehiago asaldatu egingo da halako konparaketa ikusita, bi aldarrikapenen helburuak desberdinak baitira. Karikatura batez azalduta: batean, apeta lizun likitsenak ase nahi dituzu, animalia narras baten moduan; bestean, ordea, familia osatzeko nahi garbia, sakrifiziorako gogoa, egoismorik gabeko izaera eskuzabala.

Hala ikusita, pentsa liteke bi beharrak ezin konpara daitezkeela. Pentsa liteke, esan dut. Zer esan liteke helburu horiek lortzeko bideei buruz? Dirua ordainduz umeak izateko eskubidea asma eta eros dezakezu, baina harreman sexualak izatekoa ez? Nondik nora? Ez naiz puteroak defendatzen hasiko, baina jarrera hipokrita iruditzen zait. Izan ere, larriago deritzot emakume baten umetokiaz, sabelaz eta gorputz osoaz bederatzi hilabetez jabetu eta prozesu horren emaitza eramateari, haren alua ordu erdi batez alokatzeari baino. Altruismoaren kopla saltzen digute. Duela gutxi ezkerreko feminista frantziar batek elkarrizketa batean esandakoarekin bat egiten dut: «Emakume aberats batek bere neskamearentzat ume bat mundura ekarriko duen egunean sinetsiko dut altruismoan». Hau da: Neguriko andere txit ohoragarri batek —Ibarra, Bergaretxe eta abarren Negurikoak, ez Neguri langilekoak— etxea garbitzen dion neska latinarentzat —mucama-rentzat— ume bat izango duenean.

Ez dakit gizarte sozialista batean aise lortuko ote litzatekeen emakumeen askapena, erabateko berdintasuna. Teoriak hala dio, baina praktikan... Ordea, badakit gizarte kapitalista batean ezinezkoa dela. Horrexegatik, deigarri egiten zait Euskal Herri libre, euskaldun eta feminista leloa. Izan ere, etorkizuneko gizarte hori kapitalista izango dela onartzen ari gara inplizituki. Sozialista esatea gehiegizkoa iruditzen bazaigu, zergatik ez irudikatu Euskal Herri libre, euskaldun, feminista eta ez-kapitalista? Erdibide bat bilatzeagatik, besterik ez.

Beste kontu bat da Manhattan feminismoa nahi badugu, sex and / in the city: Upper East Side, Möet & Chandon Rosé Impérial gorputz biluzian, snow apur bat azken jauzian, egin dezagun swingers club berriko jacuzzian. Eta Tegucigalpa, Madras, Abuja edo Kieveko emakume txiroak bigarren edo hirugarren maila batean kokatzen baditugu. Horien beharrean egongo garelako: ama eta puta izan daitezke aldi berean. Bestela, nork alokatuko digu sabela gure ezintasunaren oztopoak saihesteko? Nork irekiko digu alua barrabilak husteko? Horrela bikote blanquito-ak 2x1 bat izango du eskura, bien gozagarri: umearen ama eta, behar izanez gero, senarraren puta. Edo emaztearena, zergatik ez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.