Koronabirusa. BERDINTASUNA PENTSALDIAN

Ama bakarrak

2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Horrela erabaki dutelako, hala suertatu zaielako, ezkongabeak, alargunak… mota askotako famili gurasobakarrak daude, eta gehien partekatzen duten ezaugarria da emakumeek osatzen dituztela. Ohiko laguntza sareak eszenatokitik kanpo utzi ditu konfinamenduak, eta nahiz eta auzo edo herrietan bestelako elkartasun sareak agertu, askok ez dute horiek erabiltzeko aukerarik izan. INEren arabera, Euskadin guraso bakarren 80.000 familia daude, eta horietatik, erdia baino gehiagok ez dituzte beteta oinarrizko beharrizanak. Pandemia —osasun zein gizarte mailan— egoera zaurgarriago batean dauden kolektiboekin grinatu da, eta haien artean, ama-bakarrekin.

Legalki aintzatetsia ez dagoen bizikidetza unitatea da familia guraso-bakarra, horrek dakartzan hutsune juridiko eta administratiboekin. Izan ere, Ama Ezkongabeen Elkarteen Federazioak (FAMS) egungo krisiaren inpaktua neurtzeko egin duen txostenaren arabera, familia mota horiek pairatzen duten zaurgarritasun egoera lotuta dago aitortza eta babes falta horrekin. Save the Children GKEak pasa den abenduan aldarrikatzen zuen bezala, aitorpen formal horrek ahalbidetu zezakeen familia horiek bizi duten errealitate espezifikoa agerikoa egitea, eta seme-alaben bizi baldintzetan eragina izango luketen gizarte babeserako neurri fiskalak etafinantzarioak artikulatzea.

Egoera ekonomiko estua bizi duten etxeetan, ziurgabetasuna izan dute nahigabeko lagun. Izan ere, batzuentzat telelanak eragiten dituen kontraesanei aurre egin behar izatea arazoen artean arinena izan da. FAMSen esanetan, emakume askok zaintza sektorean lan egiten zuten itxialdia baino lehen, eta horietako zati handi batek kontraturik gabe edo legez kanpoko egoera administratibo batean. Horrek ekarri du onartu diren laguntzak jaso ezin izatea. «Nire beldur handiena izan da hilabete amaieran semeari jaten ezin ematea», esan zidan batek. Gainera, egoera horretan dauden familietan berrogeialdian zehar gastuak biderkatu egin dira. Eskolak etenda, diru-laguntzaz ordaindutako jantokirik gabe geratu dira.Ohiko supermerkatura joateko arazoak izan dituzte batzuek, umeak etxean bakarrik utzi ezin zituztelako, edodistantziagatik, eta gastu handiago bati aurre egin behar izan diote: «Herriko dendetan erosteak bere alde ona badu ere, baina produktuak garestiagoak izaten dira normalean. Eta lan egitera atera barik…». Emakume horrek ondorioztatu du erakundeek ez dituztela ama-bakarrak kontuan izan. Are, egoerak familia-buru diren emakumeen osasunean ere eragina izan du, antsietatea, autoestimu galera, eta horien ondorioz sortu daitezkeen gaitz fisikoak areagotu egin direlako.

Haatik, ama bakarra duten familien izaera anitzak berrogeialdia bizi izan duten modua baldintzatu du. Izan ere, maila ekonomiko hobeago bat duten etxeetan kontziliazioa izan da ardura: «Goizean, umeak esnatu baino lehen hasten nintzen lanean. Etxean bakarrik egonda, badirudi guztia erdizka egiten duzula». Egoera prekarioago batean aurkitzen diren etxeetan ez bezala, berrogeialdian dirua aurreztu du.

Konfinamendua izandako alde positiboa azpimarratzerakoan ordea, bat datozte bi emakume hauek: nahiz eta aspertzeko denborarik ez izan, betiko presak alde batera utzi eta seme-alabekin gauzak baretasunez gozatzeko parada izan dute. Euren arteko harremana heldu eta, bide batez, autonomia lantzeko ezusteko aukera izan da.

Honek esan nahiko du birusak bere alde ona izan duela? Ez nuke hori esango. Birusari egotzi diezaiokegun meritu bakarra, egungo sistemak familien dibertsitatea aintzat hartzen ez duela, eta hazkuntza egoki eta duin baterako beharrezkoak diren baliabideak eta denbora lapurtzen digula agerian utzi duela da.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.