Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Albo-ondorioak eta parazetamola

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Txertoak medikamentuak dira eta, beraz, produktu biologikoak. Beraien funtzioa da gaixotasunak prebenitzea, eta, horretarako, kaltegarria den mikroorganismo baten kontra gure sistema immunea (gure defentsak) estimulatzea lortu behar dute, beraiek aktibatuz. Produktu biologikoak izanik, gerta liteke horien aurrean gure gorputzak albo-ondorioak garatzea.

Txertoaren erreaktogenizitatea da berak duen ahalmena «esperotako» kontrako erreakzioak sortzeko, batez ere gehiegizko erantzun immunitarioak eta berari loturiko sintomak, hala nola sukarra edo mina ziztada gunean.

SARS-CoV-2 birusaren kontrako txertaketa aurrera doan heinean, txertatutako batzuei albo-ondorio horiek agertzea normaltzat kontsideratu beharko litzateke. Erkidego guztietan, farmakozainketako unitateak daude, eta horiek arduratzen dira deserosoak izan daitezkeen albo-ondorio horien berri emateaz estatuko medikamentuen agentziei. Izatez hori da txerto bakoitzeko entsegu klinikoaren laugarren fase klinikoa.

Albo-ondorio horiek, sintoma klinikoen ikuspegitik, arinak dira. Batzuetan oso arruntak dira txertatutako 10 pertsonatatik batean baino gehiagotan agertzen baitira (ziztada gunean mina, nekea). Bestetan arruntak dira 10 pertsonatatik batean agertzen direnean (sukarra, hantura ziztada gunean). Erreakzio horiek gutxitan ere ager daitezke, 100 pertsonatatik batean (zorabioa, jateko gogoa gutxitzea). Eta badaude oso arraroak direnak ere, kasu bat milioi bat txertaturen artean. COVID-19 txerto hauetan ez da deskribatu oso arraroak diren albo-ondoriorik.

Sistema immunea zenbat eta sendoago izan, erreaktogenizitate hori handiagoa izan daiteke. Adinez gazteagoak garen heinean, gure sistema immuneko zelulak eta beraien betebeharrak indartsuago daude eta, horregatik, erreakzio horiek bortitzagoak dira talde hauetan. Adinekoek, aldiz, immunoseneszentzia egoera handiagoa dute, hau da, beraien sistema immunea ahulagoa dago eta zelulen betebeharra motelago doa; hori dela eta, pertsona hauetan albo-ondorio horiek ez dira hain ugariak. Espainiako estatuko medikamentuen agentziak otsailean kaleratu zuen azken farmakozainketako txostenean aipatzen du agertu izan diren albo-ondorioen %73 64 urtetik beherako pertsonetan agertu direla eta %27 adin horretatik gorakoetan. Gainera, txertatukoen 100.000 biztanleko 234 jakinarazpenen edo erreakzio berri eman dira. Beraz, ez dirudi hain arruntak direnik.

Albo-ondorio horietatik guztietatik sukarra izan daiteke gehien kezkatu ahal duena. Baina nahiz eta deserosoa izan, ezin da kontsideratu kaltegarria denik. Sukarra bada gure defentsen aktibazioaren erreakzioa. Gure burmuineko hipotalamoak doitzen du gure gorputzeko tenperatura, eta, txerto bat jartzen digutenean, gure sistema immuneak pirogenoak diren substantzia batzuk jariatzen ditu, eta hipotalamoak, horiek atzematean, gorputzari agintzen dio bero gehiago sortzea, hau da, sukarra.

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak dio parazetamola hartu daitekeela AstraZenecaren txertoa hartu aurretik. Europa mailan, aholku hori eman duen ministerio bakarra da; beste guztiak diote albo-ondorioak agertzen direnean orduan hartu behar dela. Parazetamolak sukar hori gutxitu dezake, baina agertzen ez bada, zertarako hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.