Aieteko jauregian bildu zen joan den astelehenean Konponbidea sustatzeko Nazioarteko Konferentzia; inoiz munduan egin izan diren konferentziarik laburrenetakoa izan da iraupenean eta emankorrenetakoa emaitzetan. Horren lekuko, ETAk ia berehala erantzun izana.
Jakina da gisa honetako konferentziek lan asko izaten dutela atzetik, lan isila, bakearen eta konponbidearen alde gizon-emakume eta erakunde ugarik egindako lanaren gainean eraikitzen baitira. Aurrez landuta zegoen gidoia, eta horren araberakoa izan da erantzuna; baita ETArena ere. Eta hori, dudarik gabe, albiste ona da. Orain bakea inoiz baino hurbilago dugu, atzera bueltarik gabeko bakea, bake sendoa eta osoa. Elkarrizketa izan da bidea, eta hemen ere ezinbesteko bitarteko horrek erakutsi du hori dela arazoak eta gatazkak konpontzeko tresna eta horrela izan beharko duela aurrerantzean ere.
Ahalegin honetan bat egin dutenak gehiago izan dira kanpoan geratu nahi izan dutenak baino. Horixe aurpegiratu diote bere alderdiaren baitatik Lopez Lehendakariari, ezin argiago eta ezin nabarmenago. Kide ugariz osatutako atzerriko delegazioak Kofi Annan eta Bertie Ahern, Irlandako lehen ministro ohia izan ditu buru; bigarren honek irakurri zituen azken ondorioak, eta argi ikusi zen hamarkada luzetan hilketa, mehatxua, txantajea, izua, bizi ondoren, konpromiso sendoa dagoela ETAren aroa amaitu eta bakeak gure artean habia egin dezan. Hala ere, berrogei urte hauetan gertatutakoak zauri sakonak utzi ditu, eta kosta egingo zaigu horiek sendatzea. Bestalde, pentsaezina da kanpotik etorri diren gizon-emakume horiek guztiak, ezker abertzalearen babespean bakarrik etorri direla, nahiz batzuek hala sinetsarazi nahi diguten. Beraz, halako delegazioa etorri izana ere albiste ona da. Eta ona izango litzateke talde honek lanean jarraitzea, argi baitago beren lana baliagarria dela ETA behin betiko desagertzeko, bakea sendotzeko, eta elkarrizketa politikoa ekartzeko.
Bertie Ahernek adierazpeneko puntuak irakurri ondoko biharamunean, bezperako edukiez galdetu zioten kazetariek Rufi Etxeberriari, eta bere erantzuna izan zen zuzen zebiltzala ulertzen bazuten berariazko eskaera egiten ziola ETAri hurrengo egunetan adieraz zezan behin betiko uko egingo ziola armak erabiltzeari. Kontu honek badu garrantzia, guztiz berria ez izan arren. Arnaldo Otegi, beste batzuekin batera, hasita zegoen lehendik ere bide hau lantzen, eta horrek berak egiten du ulertezinago kartzelan egotea ETAren kolaboratzaile, eta are, ETAko kide izatea leporatuta. Hitz batean, eta hau da bigarren ondorioa, ezker abertzalea hasi da urtetan eskatu dioguna esaten eta egiten; atzerakizun handiaz, hori bai!, baina hasi da.
Asko dugu egiteko, baina uzta sumatzen da. Ez da erein gabeko uztarik, eta erein ondoren soroa jorratu eta landu egin behar da, eten gabe, uzta jaso arte. Horretan segitu behar du herri honek, uzta oraindik ez baitugu jaso. Gure artean ere bake-bideak ez direlako berriak edo besteak ez bezalakoak. Albistea ez dago hor; berria, abagunea da, beste garai batean ezinezko izan zena gaur posible egin duen abagunea. ETA desagertzea, bakea, indarkeria-mota guztiak amaitzea, ikusi dugun konferentzia bezalakoak, egitasmo politiko guztiak defendatzeko aukera, alderdi politikoen mahaia, alderdien arteko herri honen autogobernuari buruzko akordioa, herriari galdetzea nola bizi nahi duten, nolako antolamendua nahi duten gizarte moduan… horiek guztiak ez dira berriak. Berria ez den bezala alderdi guztiek —bereziki PPk eta PSOEk— konpromisoa hartzea euskal gizartearen erabakia errespetatzeko. Hain zuzen, azken urteetan euskal erakunde demokratikoek eztabaidatu eta gehiengo absolutuz onartutako ekimen eta akordioek biltzen dituzten kontuak dira horiek guztiak.
Denbora luzea generaman bake honetarako prestatzen, ETA eta ezker abertzalearen zati bat ziren horretarako prest ez zeudenak. Orain bai, orain prest daude. Oraintxe ikusi dugu ETA agur esaten. Agur behin betiko. Hauxe da hirugarren ondorioa, eta albiste ona da. Oso albiste ona, baina horrek berak adierazten du beren erantzukizuna dela, eta ez beste inorena, horrenbeste denbora behar izan badute.
ETA desegitea, armak uztea, presoen auzia… Etorkizuna eta elkarbizitza ezin dira ahanzturaren gainean eraiki, bizikidetzak eta bakeak oroimena eskatzen dute. Horregatik ezinbestekoa da indarkeriaren eta terrorismoaren ondorioz egindako kalteen eta giza eskubide urraketen aitortza, eta indarkeria-mota guztietako biktimei laguntzen jarraitzea; ez dugu eragindako samina guztiz konponduko baina gure eginbeharra da. Eta bide honetan, desagertzeaz gainera, ETAk badu kitatu beharreko zorra; badu aukera ederra beste batzuek oraindik, ulertezina izan arren, egin ez dutena egiteko. Frankismoa ez zen damutu, ez zituen biktimak lagundu, Estatuak eragindako terrorismoak ere ez; gaur da eguna ez dakiguna nork antolatu zuen GAL, nahiz susmoa izan nor zegoen atzean. Orain badugu aukera gauzak beste modu batera egiteko, benetako adiskidetzearen bideari ekiteko garaia da. Adiskidetzea, eta hau da laugarren ondorioa, ez da iragana ahaztea, amnesia, baizik iraganaren irakurketa kritikoa egitea. Adiskidetzea behar dugu, bestela bakea su-etena baino ez delako izango.
Gizarteari dagokio hortik aurrerako bidea; eztabaida politiko lasai eta eraginkorrak, gizarteak askatasun osoz adierazitako nahiak, horrek ekarriko du bidean aurrera egitea. Eta hauxe da bosgarren ondorioa, gizartea ezin da bide ertzean gelditu, bidea egin behar du. Bide horrek, bestalde, ez duelako zertan izan «luzea eta malkartsua», batzuek sarritan dioten bezala, baldin eta euskaldun guztiei ematen bazaie aukera demokratikoki adierazteko zein den beren nahia, eta baldin eta gero nahi hori errespetatzen bada. Eta ez da bereziki zaila edo konplikatua hala jokatzea, barkatuko didazue politika kontuetan hain inozoa izatea, baina bestela zaila izango litzateke bizitzea. Egia da oraindik orain harrokeria handiz uko egin diola Espainiako estatuak planteatzen dudan honi, baina, azken batean, demokraziaren beraren muina oinarri duten jokabideak dira. Zalantzarik sortuko balitzaie, badute nora begiratu munduan: Eskozia, Irlanda, Quebec, Groenlandia, Flandria… iturri horietatik guztietatik edan dezakete.
Espainian badirudi oraingoan PPk alde duela haizea. Hala bada ere, ez naiz alderdi horrek Euskal Herrian datorrena hankaz gora jarriko duela uste dutenetakoa. Hauxe da seigarren ondorioa. Espainian agintera iristen badira, gaur edo duela aste gutxi ezinezkoak ziruditen diskurtso eta jarrera-aldaketak ikusiko ditugu.. Eta hau ere ez litzateke berria izango, gogora bestela nola jokatu zuen Aznarrek 1998an, «euskal liberazio-mugimendu nazionaltzat» hartu zuenean ETA; eta, bidenabar, prentsak txalotu egin zuen balorazio hura eta «estratega handitzat» hartu Aznar bera. Bada, Aznarren ahotik entzuna dut euskal arazoaren konponbidea eskuinaren eskutik etorriko zela, inork ez duelako zalantzan jartzen PPren espainoltasuna; eta, beraz, inork ez zuela zalantzan jarriko Euskal Herriaren Erabakitzeko Eskubideaz hitz egitea ere Espainiaren aldeko jokabidea izango zela.
Halaber, gaur badagokigu gogoraraztea Zapatero presidentea prest egon dela beti ETArekin politikaz hitz egiteko, nahiz uko egin gero auzi horiek berak euskal erakunde demokratikoekin eta nirekin negoziatzeko. Jokabide honen lekuko dira Euskadirako Estatutu Politiko Berriari, inolako negoziazio ahaleginik gabe atea ixtea, edota kontsulta egitea debekatu izana. Azkenean Zapaterok onartu zuen ETArekin eta ezker abertzalearekin hitz egin beharko zuela, mundu horretako kideek ez zutelako inolako traturik nahi EAJrekin. Hiru hitz besterik ez zizkidan esan, «Nolako gorrotoa dizueten», baina bai hitz adierazgarriak!
Beraz, nire zazpigarren eta azken ondorioa hauxe da: urte asko daramagunok lanean indarkeria behin betiko baztertu eta euskal gatazka konpontzeko akordio politikoak lortzeko, ezin ditugu nahasi eskuzabaltasuna eta inozotasuna. Hobe litzateke inork ez balio bakeari errentagarritasun politikorik atera nahi. Baina hala uste izatea onbera bezain inozoa izatea litzateke.
Honi dagokionez, begi bistakoa da, eta zilegi da, bestalde, ezker abertzaleak egunetik egunera nabarmenago erakusten duela abertzaletasunaren erreferente izateko nahia. Aspaldi da Arnaldo Otegik adierazi zuela gertuago sentitzen dela Alderdi Sozialistatik EAJtik baino. Lopez Lehendakariari bere alderditik bertatik iritsi zaizkion kritikek ere argi utzi dute batzuen iritziz prozesu honetako mozkinak inori opari egiten ari dela Lehendakaria. Beraz, gainerakook —eta inork ezin du zalantzan jarri urte hauetan guztietan EAJk eginiko lan desinteresatu eta isila— eskuzabaltasunez jokatu beharko dugu, baina neurrizko eskuzabaltasunez (gehiegizkoak inozo izatera eramango gintuzke eta). Euskal gizarteak, bere aldetik adi-adi egon beharko du batzuen eta besteen asmoak zein diren, batzuek eta besteek nolako lana egiten duten
Dena den, nire mezua baikorra da. Batek baino gehiagok esango du aspaldi zeudela mahai gainean jarriak kontu hauek guztiak, jasandako sufrimendu izugarriaren zati bat behintzat saihets zitekeela, axolagabeki galdu ditugula aukerak, «bazela garaia»… Eta hori guztia hala da, egia da. Baina, guztiarekin ere, egun hauetako gertakizunak albiste onak dira. Gauza bat besterik ez zait geratzen: Batasunari esan nahi diot, «ongi etorri taldera!», guztiei esan nahi diet «ongi etorriak bitez arazo hauek eta zalantza hauek», bakean bizi den euskal gizartearen arazo eta zalantzak izango direlako, mundu globalizatu honetan zein leku izan nahi duen erabakitzea dagokion euskal gizartearenak; arazoz jositakoa izan arren, guztiak jartzen baitira txandan mundu horretan sartzeko, ez dut ezagutzen inor hortik alde egin nahi duenik.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Iritzia
Albiste onak… Bazen garaia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu