enekoitz esnaola
ANALISIA

Akordiorik ezaren arriskua

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutuak, 35 urte atzo. Bete gabe dago oraindik. Rajoyrena «jarrera intsumisoa» dela dio EAJk; Espainiako Estatuarena, esan beharko litzateke. Ez dira nolanahikoak gobernuak transferitzeke dituen eskumenak: Gizarte Segurantza, espetxeak, aireportuak, interes orokorreko portuak... Asko, estatu izaerakoak. Erkorekak kontatua da blogean: «Lan ministro zela, Calderak aitortu zidan sozialista gisa egingo zuen azkena Gizarte Segurantzaren kaxa bakarra haustea izango zela». Rajoyk berak, Administrazio Publikoetako ministro zela, Ibarretxeri xuxurlatzen zion Jaurlaritzak arrazoi juridiko eta politikoa duela Gizarte Segurantzaren kontu horretan, baina Madrilek ezin ziola eman. Ez du eman. Gainera, estatua birzentralizazio prozesu betean da; «hau ez genuen frankismoan ere ezagutu», salatu du Erkorekak.

Estatuaren aldetik paralisia eta inboluzioa dagoen arren, Urkulluk, estatutua osorik betezeko eskatzeaz gain, «Euskadi nazio gisa» aitortzeko galdegiten dio hari, «erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa» nahi du eta, EAE «subjektu politiko» bihurtuta, «[Espainiako] estatu federala baino gehiago, konfederala»desio du. Alferrik dabilela dirudi.

Noiz arte horrela? Arraizek aipatu du lehendakariak iragarri diola Madrilekiko eskaera fasehori ez dela «indefinitua» izango. Urkulluk berak aste honetan ohartarazi du «politikoki denbora amaitzen» ari dela. Zenbait eskakizunetarako aurtengo abenduaren 31ko muga jarri dio Rajoyri: transferentziak, AHTaren lanen finantzaketa, Forondaren egun osoko irekiera, kupoaren eguneraketa. «Ez dut mehatxuekin funtzionatzen, ekintzekin baizik. Gainera, ez da hori eskatzen dudan guztia». Urte hasieran berdin badago, zer? Eta, «Euskadiren» nazio aitorpena eta erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa lortzeko, ba al da estrategiarik?

Urkulluk ere Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ditu parean: «Subjektu politiko eta juridiko burujabea espainol Herria baino ez da». PPren FAES fundazioa ere argi mintzatu da: «Espainia federazioa izateko, lehenik estatu gisa desegin egin behar da, subjektu politikoetan zatitu, eta gero subjektuok erabakiko dute federatu ala ez. Halako prozesu batek ez du konstituzioaren aldaketa izan behar, baizik eta konstituzioz aldatu behar da». Rajoy esana da legetik at ezer egiteko aukerarik ez dela, eta Masekin «500 kafe» hartuta ere ez litzatekeela ados jarriko. Horra estatuaren posizioa.

Noiz arte jarraitu eskean? Otegik gaur BERRIAn dio «askapen» prozesurako estrategia berri baten garaia dela, estatuarekin akordioa bilatu gabe aritzeko. Baldintzarik ba al da? Garrantzitsua da ekimena norberak izatea.

Herrero de Miñon UCD, AP eta PPko kide ohi eta konstituzioaren egileetakoak apirilean hitzaldiinteresgarri bat eman zuen Bartzelonan, Ekonomia Zirkuluaren egoitzan, Kataluniaren aitorpena konstituzionalerako izenpean. Katalunia nazio bat dela zioen. «Nazioak ez dira erreferendum batean autoidentifikatzen, baizik eta mendeetako plebiszitu batean. Autodeterminazio historikoa deitzen diot». Haren iritziz, Kataluniaren nazio izaera ukatzeaz gain, autogobernua urardotuz doa estatua. «Akats historikoak» 2006an eta 2010ean gertatu zirela aipatu zuen, PPk-eta estatutu berriarekiko inkonstituzionaltasun helegiteak sartu zituztenean eta Konstituzionalak oinarrizkobaliogabetzeak ebatzi zituenean, eta zioen katalanek abaila subiranista —ekimena— hartu aurretik egin behar zuela mugimendua Rajoyk, galdeketa deituta. «Independentzia baztertuko zuketen eta ez ginateke horrela egongo». Berandu dabil Madril.

Estatuak EAEko 2004ko estatutu berria eta 2008ko KontsultaLegea atzera bota zituen, baina ez zen ezer gertatu. Orain «prozesu eratzailea» aipatzen dute EAJ eta EH Bilduk, baina semantika edo terminologia nahasia dago oraindik eremu abertzalean; aipatzen dira estatus berria, autogobernua, autogobernu handiagoa, konfederazioa, subiranotasuna, burujabetza, burujabetza partekatua,burujabetza betea, estatugintza,estatua, estatu sozialista, Euskadi nazioa Europan, naziogintza,nazio eraikuntza, independentzia, dependentziarik eza, interdependentzia, gero eta independenteago, kontzertu politikoa, prozesu konstituziogilea... Deliberatzeko, berriz: eskubide historikoen erabilera, foru erregimenaren itunerako izaera, erabakitzeko eskubidea, itundutako erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, hitza eta erabakia... Urteak dira Katalunian sinplea dela diskurtsoa: —estatua, independentzia, bozkatu egin nahi dugu eta bozkatu egingo dugu—, eta transmitituegiten du. Baionako adierazpen aurkeztu berria ere zehatza da. Lanketa eta kultura politiko batenondorio dira Kataluniakoa eta Ipar Euskal Herrikoa. Urrun dira Hego Euskal Herrian hortik.

Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak Enbata-n adierazi duenez, «autodeterminazio prozesua eskubidea bera bezain garrantzitsua da». ELAkberak esana da «abertzaleak estrategia orokor baten faltan» daudela, eta horra bidean «esparruz esparru gauza asko» egin daitezkeela. Adibidez, ELAk eta LABek badute erantzukizunik akordio estrategikoa berreskuratzeko. Prozesu baterako beharko dira, esparruka nahiz globalki, pertseberantzia, koherentzia eta ausardia,baina lehendabizi, akordioa. Premia dago. Izan ere, Kataluniak estatutik ospa egiten badu edo hartarako aukera erreala badauka eta Euskal Herrian helburu estrategikoaren baitako batasunik ez badago, eskaera partzial bat baliatuz etorriko da Espainiako momentuko gobernuburua eskaintza batekin —Herrero de Miñonek Kataluniaren aitorpena baina integraziorako unean-uneko eskaintza bat proposatu zuen hitzaldian—, eta beste aukera bat galduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.