Abagune berezian egingo du EAJk VI Batzar Nagusia. Epe motzera, helburu nagusi bat ageri da EAJren bide orrian: Ajuria Enera itzultzea, Eusko Jaurlaritzaren lema berreskuratzea. Epe luzera, beste helburu bat markatu du Batzar Nagusiko txosten politikoan: euskal nazioa egituratzeko bidean estatus politiko berri bat lortzea.
Bi helburu horien artean lotura ote dagoen argitzea da EAJren batzarraren galdekizun nagusia. Hots, ea Ajuria Enera itzultzeko asmoa euskal nazioaren eraikuntzaren geltoki bat den edo ez. Izango balitz nabaritu beharko litzateke gobernura iritsi eta gobernagarritasuna bermatzekoaliantza politikan.
Gaur-gaurkoz, baina, EAJren pausoek ez dute zantzurik ematen epe luzeko estrategiaz. Batik bat, epe motzeko helburuari lotua ageri da. Erdiguneko espazio politikoa gorde eta zabaldu nahian ari da, batetik, Patxi Lopezen gobernuaren etengabeko kritika zorrotzaren bidez, eta, bestetik, Amaiur eta Bilduren protagonismoa minimizatzen (arerio zuzentzat hartuta). Esate baterako, Kutxabanken izan duen jokabidea ikusita, irudi luke Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira irabazi eta bakarrik gobernatzeko estrategia lehenetsi duela. Lopezen gobernuaren ereduaren antzera. Ekuazio horretan kanpoko laguntza jatorri ezberdinekoa izan liteke, PPrena barne. Ikusteko dago PPren atea irekita izateak noraino laguntza edo zama bihurtzen zaion. Halaber, argitzeko dago epe motzeko estrategia epe luzeko helburuarekin uztargarria ote den.
EAJ. VI. Batzar Nagusia. Analisia
Ajuria Eneko geltokia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu