Felix Zubia.
PENTSALDIAN

Airearen kalitatea eta osasuna

2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aste honetan izan dugun saharar jatorriko aire beroak gure hirietako airearen kalitatea okertu du, airea berritzea asko zaildu duelako. Koronabirusaren pandemiak aireztapen egokiaren garrantzia adierazi du, eta berau neurtu eta kontrolatzeko beharra. Baina nolakoa da arnasten dugun airearen kalitatea, eta nola eragiten du gure osasunean?

Osasunaren Mundu Erakundeak 2019an adierazi zuenez, biztanleen %99 airearen kalitatearen zuzentarauak kontuan hartzen ez diren inguruetan bizi gara. Horrek ez du esan nahi airearen kalitatea txarra denik, baizik eta kalitatea ez dela ondo neurtzen, edo, neurtu arren, ez dela neurririk hartzen kalitatea txarra den unean.

2016an kalkulatu zenez, urtero 4,2 milioi heriotza goiztiar gertatzen dira munduan airearen kalitate txarra dela eta. Airean 2,5 mikroi edo gutxiagoko partikula oso txikiak pilatzen direnean, izugarri handitzen da gaixotasun kardiobaskularrak (miokardioko infartua, iktusa garunean), biriketako gaixotasunak eta minbiziak garatzeko aukerak (birikan, iraitz aparatuan eta maskurian ziur; beste mota batzuetan ziurrenik bai).

Heriotza gehien herrialde behartsuenetan gertatzen dira, baina gure inguruan ere airearen kalitatea ez da beti ona, hiri handienetan batez ere. Espainiako Estatuan 2019an airearen kutsaduraren ondorioz 30.000 pertsona hil zirela kalkulatzen da, eta biztanleen %26k europar legeek agindutako mailak gainditzen zituen airea arnastu genuen. Kutsadura mailak handiagoak dira eguraldi beroa denean, eta haize gutxi dabilenean —aldaketa klimatikoak erraztu lezakeen egoera—. Zer egin genezake horren aurrean?

Osasunaren Mundu Erakundeak berak dio norbanakoak keinu txiki batzuk egin ditzakeela kutsadura horren aurka, eta gobernuen eta erakundeen esku daudela hartu beharreko neurri nagusiak. Hara hemen batzuk: garraioan, trafikoa hiriguneetatik ateratzea, garraio publikoa modu eraginkorrean bultzatzea edo bizikleten erabilera indartzea. Industrian, kutsadura egoki neurtzea eta kutsadura gutxiagoko teknologiak bultzatu eta kutsakorrak galaraztea. Hirigintzan, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzea eta hirigune handietako garraioa ondo planifikatzea. Energiaren sorkuntzan, energia berriztagarriak eta autoekoizpeneko sare txikiak ezartzea. Eta, hondakinen kudeaketan, birziklatzea benetan ezartzea, eta errausten diren kopuruak ahalik eta txikienak izatea.

Airearen kalitatea zaintzea ez da ekologia kontua bakarrik, osasun arazo bat ere bada, ekologiaren eta osasunaren arteko bereizketa egiterik ez dagoen arren. Denoi dagokigu gure keinu txikiak egitea eta gure erakundeei neurri eraginkorrak eskatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.