Behin hil behar, eta garai egokian hil da Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral ohia, baina modu desegokian.
Garai egokian, oraindik itxi gabe dagoelako Espainiako Gobernuaren bi kideek Espainiako demokraziaren kalitatearen inguruan darabilten eztabaida. Pablo Iglesias presidenteordeak, Kataluniako politikari erbesteratuak eta espetxeratuak gogoan, dudatan jarri zuen demokrazia horren kalitatea. Lau ministro, tartean Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak eman dizkion kondenen ondoren isilik egoteko hobeto dagoen Fernando Grande-Marlaska bilbotarra, ziztu baten atera ziren esanez Espainiako demokrazia munduko onenen artean zegoela.
Hil da Galindo, eta eztabaida bere lekuan jarriko du: Galindo baita demokrazia horren kalitatea neurtzeko bektorerik egokiena. Ez dago mendebaldeko Europa osoan terrorismoaren borroka deritzan aktibitate horretan Galindok bezala 75 urteko kartzela zigorra jaso duen polizia bururik. Jose Antonio Lasa eta Jose Ignacio Zabala iheslariak bahitzeagatik eta hiltzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak lehendabizi eta Gorenak ondoren. ETAren aurkako jardunean, arduradun guztiz ahaltsuaren boterea eman zioten Felipe Gonzalez presidenteak eta haren gobernu sozialistak, eta ez zioten batere eragozpenik jarri Intxaurrondoko kuartela mendebaldeko Europako tortura gunerik handiena bihurtzeko. Ikono bat zen, ukiezina, «estatua estatuaren barruan», urte haietan sakondu dutenen esanetan. Neurrigabeko boterea eman zioten ETAren aurkako borrokan emaitza onak lortzen zituen bitartean. Horren ordain, dominez bete zioten paparra. Erabiltzen zituen metodoen jakitun, oso gutxi izan ziren hori salatzera ausartu zirenak, botere orohartzailea zeukalako.
Modu desegokian hila da, ordea, ahoa itxita; estatuaren sekreturik beltzenen jabe; nahiz eta 75 urteko zigorra eduki, bost urte baino gutxiago pasatu zituen kartzelan. Isiltasuna kalera ateratzearen truke, eta jeneral baten diziplinarekin bete du inon idatzi gabeko akordioa. Denak pozik, bera kalean eta bere babesle politikoak ahalik eta kalterik txikienarekin pasatuko dira historia ofizialera. Galindo PSOEren produktu bat da —Felipe Gonzalez, Alfonso Guerra, Jose Barrionuevo, Rafael Vera, orduko gobernadore zibilak…—, garai horretan eman baitzioten mugarik gabeko boterea.
Felipe Gonzalez presidenteari eskandaluen lokatza kokotseraino iritsi zitzaionean, estatuek askotan egiten duten bezala, erabaki zuten Galindo oztopo bat zela eta paretik kendu beharra zegoela. Jeneral izendatu zuten Intxaurrondotik atera ahal izateko, eta ondoren epaitu egin zuten eta zigortu. Beste aterabiderik ez zeukan estatuak.
Espainiako demokraziaren kalitatea defenditzen dutenek esango dute Galindo ikertu izanak erakusten duela demokrazia horren kalitate altua. Erantzun erraza dauka argudio horrek: kalitatezko demokrazia batean Galindo ez zen horren urrutira iritsiko, kalitatezko demokrazia batek horrelakorik gertatu ez dadin detektagailu zorrotzak dauzkalako.
Galindoren biktimei egin dakiekeen minik handiena da esatea haren babesleek ez zekitela zertan ari zen. Intxaurrondok zabalik segitzen du, Galindok torturatu zituenek ez dute errespetua merezi, oso gutxiri axola dielako torturatu horiek kuartelaren parean igarotzen diren aldiro sentitzen duten mina. Kuartela eraitsitakoan hasiko da bakarrik min hori baretzen.