Pandemiaren hasieratik argi zegoen koronabirusak sorrarazten duen gaixotasunari aurre egiteko bide ezberdinak jorratu behar zirela terapiaren ikuspuntutik, gaixotasunaren larritasuna moteltzeko eta, azken helburu moduan, koronabirusa deuseztatzeko.
Lehenengo bide bat, immunoprofilaxia da, hau da, txertoak lortzea gure sistema immunea indartzeko eta birus horretatik babesteko. Bide hau, zorionez, jadanik lortu zen eta honi esker gaixotasun larrien kopurua pixkanaka kontrolatzea lortzen da (txertaketaren estaldura altua eta transmisio baxua dagoen lurraldeetan). Hala ere, txertoek ez dute transmisioa guztiz galarazten eta, horregatik, gerta liteke jadanik txertatutakoren bat kutsatzea. Bigarren belaunaldiko txertoak lortu arte, hau da, transmisio hori eteten dutenak, hau guztia arazo bat da.
Bigarren bidea gaixoak tratatzea da, hau da, botikak ematea kutsatua dagoen paziente bati bere gaixotasunaren larritasuna ez areagotzeko. Botika hauek lortzeko, antibiralak deiturikoak, hainbat saiakera egiten ari dira. Orain arte erabilitako antibiralak ez dira izan oso espezifikoak birusaren kontra, eta injektatu egin behar dira. Azken asteetan, aldiz, bi konposaturen berri izan dugu.Biak aho bidez hartzeko pilula moduan: molnupirabir eta paxlovid izenekoak.
Birusa gure zelulen barnean erreplikatzen dagoenean milioika birus berri sortzeko, molnupirabirraren lana da birusaren RNA molekula horretan mutazioak sortzea, erreplikazioa galaraziz. Paxlovida, aldiz, proteasa izeneko entzima baten inhibitzailea da. Proteasa entzima hori birusek beharrezkoa dute birus berriak sortzeko. Proteasaren inhibitzaileak oso ezagunak dira, batez ere giza immunoeskasiaren edo C hepatitis birusen tratamenduetan erabiltzen dira, emaitza oso onak izanik. Bi antibiral hauek probatu dira anbulatorio mailan gaixotasun larria pairatzeko arrisku faktoreak dituzten pazienteak tratatzeko. Aho bidez ematen den bost eguneko tratamendua da, goizez eta gauez.
Lortutako emaitzetan ikusi da paxlovidak % 89ko murrizketa erakusten duela tratatutako pazienteen ospitaleratze —eta heriotza— arriskuan sintomak hasi eta lehen hiru egunetan eta % 85ekoa lehen bost egunetan; molnupirabirren kasuan murrizketa% 50ekoa izan zen. Antibiral hauekin tratatuko pazienterik ez zen hil. Orain arte batek ere ez du ahultasunik erakutsi birusaren aldaeren aurrean.
Erresuma Batuak jadanik onartu du molnupirabir medikamentua eta Europako Medikamentuen Agentziak ere onartu du, larrialdi erabilpenerako. Saiakera gehiago ere egiten ari dira, hau da, kutsaturen bat dagoenean prebentzio moduan etxekideei ematea botika horiek. Prebentzio bide horri kimioprofilaxia deritzo.
Gaur egun bide guztiak ezinbestekoak dira ospitaleratzeak eta heriotzak gutxitzeko eta pandemia hau kontrolatu ahal izateko.
Koronabirusa. PENTSALDIAN
Aho bidezko pilulak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu