Euretaz gogoratzen garen bitartean pertsonak ez direla guztiz hiltzen esaten zuen behin eta berriz Itziar Aizpuruk interpretatutako pertsonaiak, Loreak filmean, semea hildako lekuan loreak jarriz. Gerra Zibilean eraildakoekin ere horrelako zerbait gertatzen da. Kasu honetan, ordea, euretaz asko akordatu arren, euretaz gogoratzea eragozten duten estamentuen kontra dago borrokatu beharra. Memoria, erreparazioa, Gerra Zibileko ondarea, Arkeologia zientifikoa, konpromiso politikoa… horrelako kontzeptuak mahai gainean jarri dira egunotan Gasteizen, Gerra Zibileko Arkeologiaren Nazioarteko Kongresuan.
«Beharrezkoa zen, bazen garaia», esan dugu hainbatek, arkeologiaren adar horretan lanean hainbat urtez ibili eta dinamika interesgarriak sortzen ari baitira Memoria Historikoa mamitzeko orduan. Hainbat dira kontuan eduki beharreko arloak eta eragileak, eta hor arkeologiak badu zeresanik. Aurkitzen ditugun hezurdura horiek, material horiek, ukitzen diren testigantzak izaki, arkeologiaren bidez berreskuratzen dira, eta arkeologiaren bidez historiaren orrialdetara egiten dute salto.
Balazorroak, janari poteak, poltsikotik eroritako arkatz bat, betaurrekoak, paperak, eskutitz bat…. milaka mikro-historia ezberdin daude gure mendi magaletan, historia handiago eta ofizialago baten parte. Behinola eta halabeharrez ireki ziren lubaki haietan zeuden gudari eta milizianoek bizi izandako istorioak dira. Azken urteotan izan dut aukerarik Murugain mendiko indusketen harira, testigantza materialak ez ezik, pertsonen testigantzak ere jasotzeko. Gerturatu da gure arkeologia egitasmora hainbat jende euren bizipena kontatzera, edo aitonarena, edo osabarena. Kontziente izan naiz Gerra Zibilak baduela halako botere bat, jendea gerturarazten duena (urrutiratu ere bai batzuetan), baina arkeologo batentzat enpatia eta sinergia bitxia sortzen duela ezin da ukatu. Arkeologikoki eta kontuz induskatzen ari zaren lubakiaren egilea bera, Aramaiokoa, zure ondoan edukitzea, esaterako, arkeologo batek oso gutxitan egin dezakeen ariketa bat da. Eta hori soilik Aro Garaikideko Arkeologiaren testuinguruan gerta liteke.
Garaikidetasunak askotan kentzen dio arkeologiari bere zilegitasuna, eta benetan injustua da hori. Entzun ditut esaldi asko zertan eta ondo ote nabilen pentsarazten didatenak: «Zertarako bildu behar dira balazorro guztiak? Idatzita dago zer-nolako munizioa erabili zen gerran» edo «lubaki guztiak induskatzen ez gara ba hasiko, badakigu eta emaitza zein izan zen…». Ahanzturaren kontra egon daitezkeen esaldirik injustuenak dira ziurrenik.
Horregatik izan da baliagarria egunotan egin den kongresua, oinarri teoriko asko amankomunean jartzeko, ondokoa (edo urrutiraxeagokoa, Uruguai, Txile, Maroko...) zertan dabilen jakiteko, gatazkek sortzen duten ondare materiala ezagutzera emateko eta, batez ere, ondarearen atzetik edo gainetik pertsonak eta horien duintasuna daudela berresteko.
Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da hori guztia ondare historiko gisa kontsideratua izatea, eta Ondarearen Legediak, orbelaren azpian eta sasiak hartuta dauzkan aztarna horiek, legalki babestea. Jende ugari dabil lantaldeetan, norbere herriko defentsa lerroak azaleratzen, eraildakoen hobiak hor daudela seinalatzen eta, euren herriko historiaren parte direlako, balioa ematen. Komunitatea bera, herrigintzan, ari da eskatzen gai horiek azaleratzeko, ikertzeko, ezagutzera emateko, hori baino arrazoi taxuzkoagorik ezin dute erakundeek eduki, lanean jartzeko. Ahanzturaren aurka lana egin nahi dugulako, loreak jarri nahi ditugulako, bai, baina jakin nahi dugu loreak nori eta non jarri behar dizkiogun.
Memoria historikoa. Gerra arkeologia. IRITZIA
Ahanzturaren aurkako arkeologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu