Maitane Nerekan Umaran.
PENTSALDIAN

Ahalegin txikienaren legea

2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Penko batekin titulua lortzea. Edo birekin. Bosta bihurtzen den laua. Hamarra bihurtzen den zortzia. Paper zikin batean euskara traketsean azken unean aurkeztutako eta gainditutzat emandako lana. Lana aurreztearren, ebaluazio saioan denak gainditu dituen irakaslea. Edo, gehienak suspenditu eta arazoa soilik ikasleengan ikusi duena. Emaitzak puztu dituen selektibitateko zuzentzailea. Lau suspenso izanda ere, semeak DBHko titulua lor dezan, inspektorearengana jo duen gurasoa. Ikasleari gainditu behar zaiola iradokitzen duen inspektorea. «COVID neurrien» aitzakiapean aldatu diren ebaluazio irizpideak. «Emaitza onengatik» etxean saria jaso duen umea. Etxerako lan «gehiegi» bidali ohi dituen irakaslea. Emaitzak puztu dituen ikastetxe pribatua. Denei 10 jarri dien erlijio irakaslea.

Ezaguna al zaizue horietakoren bat? Entzun al duzue horrelakorik irakasle, ikasle edo gurasoen arteko elkarrizketaren batean? «Exijentzia maila ikaragarri jaitsi da» eta «gaur egungo ume eta gazteek ez dute diziplinarik» baieztapenak gizarte sentipen hedatua direla esango nuke. Baina, egia al da hori? Eta, izatekotan, nor da exijentzia maila jaitsi duena, ikasleak, irakasleak ala hezkuntza sistemak? Zein irizpidek zehazten du exijentzia maila? Zer diziplinaren ideia dago baieztapen horien atzean? Exijentzia altua positiboa al da berez? Diziplinak bide onetik al garamatza beti?

Hezkuntzari dagokionez, zein gure bizi esperientzietako beste esparru askotan, diziplina eta exijentzia txirikordatuta daude. Exijentzia maila altuak gaixotu gaitzake, autoexijentziaz ari garenean batez ere. Exijentzia ezak, aldiz, gure potentzialaren zuku guztia ez ateratzera garamatza. Diziplinak errutina auto-exijenteegietan erortzera bultza gaitzake. Edo ez. Badago diziplina «nik esaten dizudan hori» egitearekin konfunditzen duenik ere. Bitxikeri esanguratsua, gaztelerazko adieran, diziplina, kañamo landarearekin egindako jipoi-makila izendatzeko erabiltzen da. Horra hor kañamo diziplinatzailea.

Askatu edo moztu Euskal Hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak liburuan, Nora Salbotxek hezkuntzaz eta diziplinaz aberats dihardu: «Diziplinatzea litzateke gaurko hezkuntzaren muinean oraindik ere legokeen bertze ezaugarrietako bat. Ikasle geldo eta isila, gutxi eskatzen duen hori litzateke eredugarritzat ematen dena oraindik ere. Ez dezagun ahantzi zein testuingurutan sortu zen gaurko hezkuntza sistema, eta nolatan gaur den egunera arte hezitzaile-ikasle ratio onartezinen baitan antolatutako gela zurrun eta itxietan jorratzen den irakaskuntza». Ideia horretatik tiraka, Gramscirenaskatasunetik abiatutako diziplinaren ideia edo Lenin eta Makarenkoren «diziplina kontzientea» kontzeptuak ekartzenditu hausnarketarako pizgarri bezala.

Exijentziaren eta diziplinaren zein adierarekin jokatuko dugun adostu behar dugu euskal hezkuntza komunitatekook. Adostu ezean, bakoitzak bere irizpidea erabiliko du, kalitateko hezkuntzaren kaltetan; edo, txarragoa dena, gizakiak zein ekosistemak suntsitzen dituen kapitalismo basatiaren irizpide alienatzaile, ez kontziente eta interesatuaren adiera erreproduzitzen jarraituko dugu. «Denak balio du» ideian erori gabe, askatasunetik abiatutako diziplina kontzienteetan sakondu dezakegu.

Amaitu aurretik, ohargarrantzitsua: adi, Korrika badator!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.