Erregimeneko indarrek hesi sasi-foralez babestu zuten Nafarroa, herritarrok haur izanen bagina bezala. Bada, haur-parkea desagerrarazi ahal dugula frogatu dugu. Orain benetan desagerrarazi nahi dugula frogatu behar.
Ez dakit zer zuen buruan Ivan Gimenezek El corralito foral erramoldearekin: baserri bateko eskortatxo bat ote? Gaur egungo irakurleoi corralito hitzak Argentina ekartzen digu burura lehen adiera batean, hango gobernuak herritarren banku-deposituak bahitu zituenean. Bistan da, nafar erregimeneko indarrek ez dute eskumenik horrelakorik egiteko. Baina oso esanguratsu zaigu corralito foral izena, berau nafar erdal hizkeran hain txikigarri ezohikoa, bazter hauetako jatorkeriatik hain urrunekoa, izan arren. Argentinako hizkeran, haur-parkea, haurrak babesteko hesiz itxitako parkea da corralito, eta horretaz baliatu zen hango kazetari bat diru-bahiketa hura izendatzeko. Dena delakoa Ivan Gimenezek buruan izan duena, eskortatxoaren irudia edo haur-parkearena, biek ala biek definitzen dute bikain nafar erregimeneko indarrek hamarkada luzetan eraiki eta zaindu duten eremu hau, foru totema burdin hesi bihurturik nafar haurtzaindegia edo azienda otzana euren erara gobernatze aldera.
Baina harira. Berriro diot, ahal dugula frogaturik, benetan nahi dugula frogatu behar dugu orain. Ezinbertzeko baldintza zen PSNri giltza kentzea, berau gabe 26 foru-eserleku eta Iruñean 14 zinegotzi-akta lortzea (gutxietsi gabe bertze udaletan batzuen eta bertzeen meritu handiz lorturikoa, denok gara kontziente Iruñeko lorpenaren garrantzia bereziaz). Denok ikusten genuen zaila ezinbertzeko baldintza hori betearaztea, eta ni neu zuhur, esperantzari irekirik baina zuhur, agertu naiz kanpainan zehar. Orain arteko zailena lorturik, errazena lortu dugula erran behar, Santi Leone parafraseatuz.
Aitortu behar dut ene zuhurtasunaren barneko itxaropena sendotzen joan zaidala, ikusirik nola, kanpainan lehen aldiz, aldakuntza aldeko indarrek ez dioten elkarri eraso berezirik egin ohiko alderdikerien legez: elkarrekiko begirunea eta lankidetza nahia agertu da nagusi, heldutasun politiko maila berri bat adieraziz, ongi jabeturik, itxuraz, benetan non dauden aurkariak. Aurrekari ona, zer erranik ez, orain datorrena bide onetik eramateko gai izanen direlako itxaropenak pizteko.
Baina orain elkarrizketak, programak, indar bakoitzaren lehentasunak elkarrekiko konpromisoak adosterakoan, bakoitzarentzat zeharkatu ezinezkoak omen diren ditxosozko marra gorriei kolore ñabardurak emateko gaitasuna, pertsonak... kontu horiek guztiak sartuko dira saskian sukalde errezeta goxoen, orekatuen eta iraungitze datarik luzeenekoa mahairatze aldera.
Matematikek aukera asko ematen dute. Gehiegi, bai horixe: zenbat eta aukera gehiago egon hainbat eta gehiago kostatzen zaigu bat hartu eta bertzeak alboan uztea. Kasurako, gobernu hiper-minoritario baina gaitzespen gutxien jasotzen duen formula batetik, aldakuntza aldekoek guztiek osaturiko gobernu pluralista bateraino, tarteko aukera-sortan dauden gobernu ez hain minoritario eta ez hain pluraletatik pasatzen. Eta tartean ere, erregimenaren hanka ahulena (PSN) konprometitzeko saioarena, orain arteko eskortatxoaren benetako jabeengandik etorriko diren eraso gupidagabeen aurrean hala holako babesgailuak jarri nahian.
Ongi, bai, formula guztiak saiatzeko prest eta irekirik egotea, betiere eskortatxoko giroa aldatzeko bide egonkorra xede izanik, lana luzera doana jakinik. Baina PSNrenak aldakuntzaren aldekoen artean sor ditzakeen arazoez gain (guztiak dira nola edo hala dena delako bidea ontzat hartu beharko luketenak), ez ote litzateke horrelako formula PSNri berriro ere giltza ematea? Sinesgarritasun maila baxua du PSNk horrelako formula bati leial izateko, kontuan harturik bere interesak nafar eskortatxoan eta Estatuko bipartidismoan, kontuan harturik, bide horretan sartu ondoren une batean erabakiko balu formula leherraraztea, kostu gutxi ekarriko liokeela horrek berari baina hondamendi sakon luzea aldakuntza prozesuari.
Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa. IRITZIA
Ahal izatetik nahi izatera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu