Andaluziako Juntak diru-laguntzak emango ditu arbaso andaluziarrak dituzten katalanak «babesteko». Zergatik? Haren ustez, Generalitatearen hizkuntza-politikak kalte egin dielako herritar horiei. Afectados por la inmersión lingüistica. Halaxe deskribatu ditu Juntak.
Katalunian «Andaluziako hizkuntza modalitatea ezagutzea eta erabiltzea» da Juntaren xedea, «hizketa desberdinetan». Hara! Tokian tokiko hizkerak ere indartu nahi dituzte: mendebaldeko andaluziera, ekialdeko andaluziera... Katalunia plazan ceceo-a, seseo-a eta jejeo-a ozen aditzea da kontua. Arbaso andaluziarrak dituzten alemaniarrak ere babestuko ditu Juntak? Tristeena da neurri hori bultzatu duen alderdian Andaluziako herritar pobreak sorterritik alde egitera bultzatu zituzten jauntxoen ondorengoak daudela.
Andaluzian geure hizkuntzak babesteko neurriak eskatzen hasi beharko dugu euskaldunok, katalanek eta galiziarrek, bertan bizi diren herrikideen seme-alaba, biloba edo birlobak gogoan? Astero hautazko ordubeteko eskolak, besterik ez. Ez dugu esan Espainia anitza dela? Duela gutxi, Andaluziako neska bat azaldu zen telebistan, Españoles en el mundo programan. Katalana ikasten ari da Erlangen hiriko unibertsitatean (Alemania). «Harritu egin naiz hemen, Sevillako unibertsitatean ez baitago katalana ikasteko aukerarik. Eta Alemanian, bai».
Euskal Herritik ere joan zen jendea Kataluniara, frankismoan. Ez ziren edonolako etorkinak. Ikasketak izanik, lanpostu onetan jardun zuten. Haiek ere gaztelera eraman zuten Kataluniara, baina katalan askok ez zituzten xarnego-tzat jotzen. Gainera, oso gutxi ziren. Xarnego-ak Espainia hegoaldekoak ziren. Pobreak. Eta espainiartasuna bete-betean bizi zutenak.
Katalanen eta euskaldunen artean bazegoen enpatia, arrazoi politiko eta kulturalengatik. Hala ere, ez pentsa bertara joandako euskal herritar guztiak lehen edo bigarren belaunaldian integratu zirenik. Ez. Horietako batzuek kolono moduan jardun zuten, argi eta garbi esanda. Haien bilobak eskolari esker hasi ziren katalanez mintzatzen.
50 urteren bueltan dabiltzan bi lagunen kasuak ezagutzen ditut. Aguirreren aita gipuzkoarra zen. Euskalduna. Ama, katalana. Aguirre Katalunian jaio zen. Ez daki euskaraz. Katalanez, bai. Intxausti jaunari lanpostu ederra eskaini zioten multinazional batean. Semeak ez daki ez euskaraz, ez katalanez. Katalanez ulertzen du, baina inoiz ez du egin nahi izan. Orain ez dakit, baina lehen esan liteke katalanen argi berdea zuela. Inchausti abizenak plus bat ematen zion. Bulda berezia zuen. Vargas izan balitz, ez. Zeinen erraza zen Katalunian itxurazko euskalduna izatea.
Hori guztia etorri zait gogora aste honetan, euskal jatorriko kirolari katalan bati telebistan egin dioten elkarrizketa ikusi ondoren. Haren gurasoak Kataluniara joan ziren, eta bera han jaio zen. Hamasei euskal abizen dituela esan zuen kazetariak. Hamazazpigarrena ez? Pena! Ez nago seguru euskaraz ba ote dakien—ezetz esango nuke— edo katalanez —baietz esango nuke—. Kontua da ez dakidala zergatik atera zuen hamasei abizenen kontua. Are gutxiago zergatik hedatu zuen kazetariak hori. Edo bai, baina susmo hutsak dira.
Tira, halakoak gara euskaldunok. Alde etnikoa ateratzen zaigu erlaxatzen garenean. A mí, Sabino, que los arrollo. Ekintza erreflexua dela esango nuke —Patxi Ruiz presoaren deiturak direla eta idatzitako zenbait irain ere horren adibide ditugu—. Ordea, badirudi hizkuntzak ez duela hainbesteko garrantzia. Are gutxiago 32 edo 64 euskal abizen dituzten zenbait erdaldunen artean. Hemen hizkuntza-arazo bat dago, baina euskaldunok ez dugu hizkuntza-arazorik sortuko. Lasai egon daiteke Andaluziako Junta. Inoiz ez du Euskal Herrira etorri beharko arbaso andaluziarrak ditugun euskaldunok erreskatatzera. Eta deskuiduan señorito horiek halakorik egiten badute, hau esango diet, argi eta garbi: sar itzazue zeuen laguntza guztiak aipatuko ez dudan leku batean. Barru-barruan. Hortxe, bai.
DARWIN ETA GU
Aguirre eta Inchausti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu