Agiriaren ezinbestekotasunaz eta Azaroaren 20aren aurretik izan behar zenaren garrantziaz mintzatu dira bat baino gehiago azken hilabetean. Auzi honetan berriro ere bete ez zitezkeen itxaropen faltsuak sortzearen arriskua eta tentaldia izan zitekeela ere pentsatu nuen une batean. Baina behin Donostiako Bake Konferentziaren nazioarteko aurpegiak eta ondorio eta proposamenen berri izan dugunean espekulazioez gain ezagutza ere bazutela ohartu naiz.
Eta agiriaz ari gara, eta ez azken agiriaz soilik edota Urriaren 20ko agiriaz.2011ean bakarrik 7 agiri atera baditu ere ETAk, hau da Agiria. Inoiz konforme ez direnentzako ez ordea, eta Agiria disoluzioarena beharko lukeela diote. Ez nuen espero eta ez dut espero horrelako agiririk, beste agiriren batzuk izan ditzakegula baztertu gabe. ETAren jarduera armatueraren amaieraren adierazpena gatazka mota edota gatazkaren adierazpen baten bukaera da. Aro baten amaiera, baina ez gatazkaren amaiera, gatazka politikoak hor dirau. Eta begi bistakoa dirudien arren euskal gizartearen zati handi batentzako, gatazkaren ukazioaren saiakerak ikusiko ditugu datozen egun eta hilabeteetan.
ETA aktibo egon den urteetan, eragile politiko eta juridiko ezberdinek behin eta berriro esan dute euren borroka ETAren aurkakoa zela, terrorismoaren aurkakoa, baina ez ideien aurkakoa. Ideien jazarpenik ez dela egonen, edozein proiektu politiko dela posible defendatzea biolentziarik gabe, independentziaren aldeko hautua egiten dutenak ere. Ikusiko dugu, irekitzen ari den garai berrian denek defendatu dezaketen bere proiektua baldintza berdinetan.Normaltasun politikoaz ari bagara,bizkartzainak eraman behar dituzten zinegotzien egoera iraganeko kontua behar du eta ezker abertzale politikoak bere legezko alderdia behar du. Baldintza berdinetatik abiatuz eta duten babes eta ordezkaritzaren arabera lehiatu behar dira proiektu politiko ezberdinak.
ETAtik haratago doan gatazkaren mamiaren konponbideak bide luzea du jorratzeko. Baina gatazkaren kontaketak irekiko ditu orain artean itxirik ziruditen zauriak. Galtzaile eta irabazle, biktima eta borrero, zeinek irabazi du eta zeinek galdu du. Dikotomiak nagusitzen diren diskurtsoak eta aurrera begira baino iraganera lotuak geratzera eraman gaitzaketenak. Atzera begiratu behar da errore berdinak ez errepikatzeko, baina aurrera begiratzeko indarra hartzeko ere. Egun hauetan behin baino gehiagotan entzun ditut agiriaren ondorengo lehen emozioaz galdetzean tristezia aipatu dutenak. Biktima izan direnen ahotan ulerkorra da, agiri hau lehenago eman balitz euren senide eta lagunak ondoan izango lituzkeelako. Baina ETAren agiria nahigabez hartu duten zenbaitek onartu du triste daudela Bake Konferentziaren ingurumarian eman delako agiria, eta ez dirudielako ETAk galdu duenik. Aurrera begira, galtzeko baino irabazteko gehiago dugula barneratzea geratzen zaigu,denori.
ETAren jardun armatuaren etena. Iritzia
Agiria eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu