Mikel Iriondo Orensanz.
ARGI ALDIAN

Afrikar genomika

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Informazio genomikoak dituen erabilgarritasunen artean, gure eboluzioa zelakoa izan den ezagutzea eta gizatalde desberdinen historia berreraikitzea ditugu. Gai horien inguruan ikerketa ugari dauden arren, desoreka nabaria beha daiteke azterturiko populazioen jatorria dela eta. Horrela, literatura zientifikora hurbiltzen garenean, adibidez, Europako gizataldeen inguruko ikerketa ugari daudela ikusten da, Afrikako gizataldeen ingurukoak eskasagoak direlarik. Eta hori, gizakiok jatorria Afrikan dugula jakinda eta gure espeziearen aldakortasun genetikoaren zatirik handiena bertan aurkitzen dela jakinda.

Egoera hori aldatuz joan da azken urte hauetan, eta horren azken adibidea Science aldizkarian argitaratu berri duten artikulua dugu, non Patin eta lankideek Afrikako 35 populaziotako 1.318 indibiduoren genomak analizatu dituzten. Lan horretan, Afrikako bantuetan bereziki jarri dute arreta, horiek baitira Afrikako etnia-multzorik garrantzitsuena, kontinenteko erdialde eta hegoaldean bizi direnak gaur egun. Haien jatorria Kamerungo larredietan dago, eta orain dela 5.000 urte inguru hegoalderantz, oihanetara, hedatzen hasi ziren. Nola lortu zuten ingurune berri horretara moldatzea? Oihanetan bizi ziren pigmeoekin mailaren batean gurutzatuz, eta haiengandik oihaneko mikroorganismoen aurkako immunitate genetikoa bereganatuz. Ondoren bantuak Afrikako ekialderantz mugitu ziren eta Etiopiako etniekin ere mailaren batean nahastatu ziren, haiengandik helduaroan laktosa digeritzeko gaitasun genetikoa bereganatu zutelarik. Afrikarren genomek historiaurrean gertaturiko prozesu horien guztien berri eman digute, argi ere uzten dutelarik zelan hautespen naturalak bereganatutako ezaugarri genetiko onuragarrien alde egin duen, beste izaki bizidunetan gertatzen den moduan. Bestalde, aipaturiko ikerketa horretan lortu duten informazio genomiko hori erabilita, Amerikako Estatu Batuetako afro-amerikarren jatorri zehatza finkatzea ere lortu dute. Horrela, esklabo gisa eraman zituztenen egungo ondorengoen genomaren laurdenak jatorri europarra du, azken batean esklabo zirenean gurutzaketa ugari gertatu baitziren esklabo eta jabeen artean. Afrikar jatorria duen genomaren zatiaren erdiak Beningo golkoko herrialdeetan du jatorria, beste %30ak Angolan eta azken %20ak Senegaletik Boli Kostara doan eskualdean.

Europako gizatalde desberdinen jatorrian urteetan zehar asko ikertu ondoren, azkenik, afrikarrei eta afrikarren ondorengoei tokatu zaie. Haien historia zehaztasunez berreraikitzen hasi gara, haien jatorrian sakonduz eta gertaturiko prozesu demografikoak eta ebolutiboak identifikatuz. Bikain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.