Katalana zarela esaten duzunean, ez litzateke ulertu behar ezer edo inoren kontra zoazenik. Katalanak izan nahi dugu, eta kito». Katalanentzat ez ezik, guretzat ere balio handia du Sergi Lopezek joan den larunbatean Biltzar Nazional Katalana aurkezteko ekitaldian irakurritako diskurtsoak. Aktore katalanak, Western filmarekin ezagutu genuenak, elkartzeko eskatu zien independentista guztiei, Espainiatik konplexurik gabe aldentzeko eta estatua eraikitzeko. Lopezek —Sergi, ez Patxi— adierazi zuenez, independentzia aldarrikatzeko arrazoiak asko dira, «baita ekonomikoak ere», baina badira beste hamaika motibo: «Hizkuntza bat, kultura, lurralde eta nortasun bat defendatu nahi ditugu, mundua ikusi eta ulertzeko modu bat, azken batean. Baina independentzia eskatzen badugu, beste zerbaitengatik ere bada: sinesten dugulako lagundu egingo digula berdintasunezko gizartea eraikitzen, askoz demokratikoago eta justuagoa. Independentzia ez da bukaera, hasiera baizik».
Independentziaren aldeko batasun deia Herrialde Katalanetan; independentziaren aldeko batasun deia Euskal Herrian. Ezkerreko independentistek eta subiranistek «akordio estrategiko nazionala» aurkeztu dute Baionan. Bidea gorabeheratsua izango da: unionistek hamaika oztopo jarriko dituzte. Batzuetan, argudioak; beste batzuetan, mehatxuak; zuzenak edo zeharkakoak.
Komeniko da horiei guztiei adimenez eta irudimenez erantzuten asmatzea. Ez soilik gure ustezko iragan loriatsuaren nostalgia ahoan. Hobe faktore emozionalak eta arrazionalak ondo txertatzea, dosi egokietan. Independentziaren truke aza jatea onartuko luketenek beti emango dute horren aldeko botoa, baina nola erakarri bisigua labean nahiago dutenak? Areago: nola lortu bi muturren erdian dauden herritarren sostengua —gehienak dira horiek—, idealismo itsuan erori gabe? —bizi garen gizarteari erreparatuta, hobe errealismoari eusten badiogu—. Nola? Historia liburuak irentsaraziz ala gu guztiok hobeto bizitzeko independentzia modurik onena dela argudiatuz?
Independentziaren hautua Europako Batasunaren barruan jokatuko da, eta argudio emozional hutsek ez dute balioko. Negoziazio mahaira konkistatuak baina ez garaituak dioen Asterix eta Obelixen kamiseta jantzita hurbiltzeak ez digu ezer ekarriko, beste aldearen barregura baizik: gure herrixka txiki polit zoragarrira itzultzeko eta Panoramixi edabe gehiago eskatzeko esango digu. Garaitu ez bagintuzten, zergatik ari gara orain, ba, kateak hautsi nahian?
Egun batean erreferenduma egiten bada —eta egin egingo da, euskal gizarteak hala nahi badu—, hobe galdera ondo zehaztea. Ez da egokia izango galdera autonomia ala independentzia eta sozialismoa bikotea nahi ote dugun izatea, edo independentzia eta ekologismoa, independentzia eta ateismoa. Edo independentzia eta kapitalismoa bikotea nahi ote dugun, independentzia eta harrapakeria, independentzia eta katolizismoa. Banaketa eragingo du independentisten artean, eta porrota. Halakoetan hasiz gero, tranpan eroriko gara, ziri ederra sartuko baitigute: beste bost mende emango ditugu haien menpeko kolonialismoan, herritarrak geure gogoko eredu sozial eta ekonomikora nola etorrarazi eztabaidatzen. Bitartean, ez pentsa orain baino askeagoak izango garenik gizarte, genero eta ekonomia arloetan. Beste bost mende ezinean, euskal herritar guztiak ekologista, ateo edo komunista-libertario bihurtzeko alferreko ahaleginetan. Eta deskuiduan hori lortuko bagenu, Espainiak eta Frantziak hauxe esango ligukete: «Eta orain, zertarako nahi duzue estatua, anarkistak bazarete?».
Lehena, independentzia, eta gero gerokoak. Independentzia,Sergi Lopezek Bartzelonan esan zuenez, ez baita bukaera, hasiera baizik. Independentzia, Lluis Llachek ekitaldira bidalitakomezuan adierazi zuenez, «argia» baita. Eta argia ondo ikusteko,argi ibili behar da.
Darwin eta gu
'Adeu, Espanya!'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu